2024-11-17
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaEnplegu publikoa egonkortzea ezinbesteko helburu bezala hartzea eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari

Enplegu publikoa egonkortzea ezinbesteko helburu bezala hartzea eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari

LAB sindikatuko ordezkaritza batek berriki izendatuak izan diren EAEko Funtzio Publikoko arduradunekin bilera egin du gaur goizean. Olatz Garamendi sailburua, José Maria Armentia sailburuordea eta Jon Agirre Lan Harremanen Zuzendaria hurrenez hurren Funtzio Publikoko arduradunak dira eta Mahai Orokorrean langile publikoentzat oinarrizkoak diren gaiak negoziazioa zuzenduko dute. Legegintzaldi honetan kargu berria hartzen duten pertsonak izanda, LABek azken urteetako balantze bat egitea beharrezkoa ikusi du, baita funtsezkoak ikusten ditugun aldarrikapenak planteatu ere.

Azken urteetako balantzeari helduta, inposizioa eta aldebakartasuna izan dira azken urteetan Gobernuak erakutsi dituen jarrerak. Madrilen ezartzen ziren neurri zentralizatzaileak txintik esan gabe onartu eta bertako negoziazio esparruen alde ezer gutxi egin du Eusko Jaurlaritzak. Aurreko urteetan egindako murrizketak leheneratzeko inolako proposamenik ez du egin, Madrilen horretarako baimena eman ezean. Hala nola, erosahalmena berreskuratzea ez ahalbidetzea (%14ko galera zenbatu daiteke) edo erretiro sarien debekua mantentzea besteak beste langileen lan baldintzak okertu egin ditu.

Zalantzarik gabe enpleguaren gaian legegintzaldi galdua izan dela esan dezakegu. Behin-behinekotasun tasa ikaragarria daukagu euskal administrazioetan eta gobernua ez da gai izan sindikatuoi enplegu plan bat proposatzeko ere. Deialdi publikoen iragarpenak propagandarako erabili ditu, milaka langileren egoera ezegonkorra kontuan hartu gabe. Guk oso garbi izan dugu, urteetan zerbitzu publikoetan lanean egon diren bitarteko langile guzti horien egoerari konponbidea emateko lege propio bat onartu behar dela. Euskal administrazioetan daukagun egoerari irtenbidea emateko estatuan onartzen diren legeak ez dira nahikoak. Estatuko gobernuak aurkeztu duen aurrekontu lege proposamena horren adibide argia da, birjartze tasa mantentzeak enplegu deialdi publikoetan beharrezkoak diren lanpostu kopurua murriztu egingo baitu.

Enplegu egonkortasunaren eremuan pausoak ematea ezinbestekoa dela uste dugu. Administrazioen utzikeriak sortutako salbuespen egoera batean gaude, non bitarteko langileak diren milaka pertsonek urteak daramatzaten beraien lanpostuan finkatzeko zain. Horregatik, uste dugu kasu horietan kontsolidazio deialdi bereziak egin behar direla eta deialdi horiek bizi dugun salbuespen egoera hori kontuan hartu behar dutela. Hori dela eta, administrazio bakoitzak daukan egoerara moldatu daitezkeen tresnak ahalbidetzea eskatu ditugu; lanpostuan lan egindako denbora balioestea, oposizio fasea baztertzailea ez izatea edo meritu lehiaketa bidezko deialdiak dira, beste batzuen artean, onargarriak iruditzen zaizkigun tresnak.

LABk bertako negoziazio eremuak defendatzen jarraituko du. Oso argi utzi dugu ez ditugula Madriletik datozen erabakiak onartuko, hala nola, soldata igoera eta enplegu beharrak zein egonkortasunerako neurriak hemen negoziatu eta adostu behar direla. Sailburuordeari jarrera hori dagoeneko aurreratu diogu; Madrildik proposatzen dena zuzenean hemen aplikatu nahi badu ez duela LAB bidelagun izango. Hori horrela bada, dagoeneko hainbat sektoreetan aurrera eramaten ari garen mobilizazioak gogortzea besterik ez zaigu geldituko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko.

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.