2024-12-22
HomeEkintza SindikalaForuzainek diru kopuru izugarria jasoko dute ordainsarietan

Foruzainek diru kopuru izugarria jasoko dute ordainsarietan

Foruzaingoari ematen zaizkio langile publiko guztiontzat izan beharko luketen eskubideak. Soldata-igoeraz eta soldataz gain, agente bakoitzak 21.500 euro jasoko ditu aurten, batez beste.

Gaur, martxoak 14, Mahai Orokorrak Foruzaingoaren Araudi berria onartu du. Araudi horrek Foruzaingoaren ordainsarietan diru kopuru izugarria aurreikusten du, baita neurri ugari ere, poliziarentzat bakarrik, eta hori diskriminazio onartezina da gainerako langile publikoentzat.

Ordainsarien igoerak urtean 5 milioi euroko igoera aurreikusten du. 5 milioi horiek 1.160 agenteren artean banatuta, batez beste, 300 eurotik gorako soldata-igoera ematen du hilabetean. Baina kopuru hori ez da berdina guztientzat. Foruzaingoko zenbait goi-karguduni hilean 1.200 euro baino gehiago igoko zaie soldata. Gainera, igoera horrek azken 5 urteetako atzeraeragina izango du; beraz, laster 25 milioi banatuko dira agente horien guztien artean, hau da, batez beste 21.500 euro agente bakoitzeko. Berriz ere, banaketa ez da berdina guztientzat, izan ere polizia batzuek (maila altuenekoek) 84.000 euro poltsikoratuko baitituzte.

Baina araudi berria ez da soldata-igoera horiei buruzkoa bakarrik. Gainerako langileentzako diskriminazio onartezina dakarten neurri batzuk ere aurreikusten dira bertan. LABek uko egin dio kolektibo jakin batentzat neurriak hartzeari, eta edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko langile guztiei zabaltzea exijitu du.

Esate baterako, Foruzaingoarentzat larunbat arratsaldeak (abenduaren 24a eta 31, eta urtarrilaren 5a ere bai) jaieguntzat hartuko dira, ordainsariei dagokienez; hori bera ukatu egiten zaie gainerako langileei. Egin beharreko aparteko orduak ere gainerakoei baino gehiago ordainduko zaizkie; ordu horien konpentsazioa, berriz, kolektibo horrentzat bakarrik, % 80ra igoko da B mailakoentzat eta ia % 74ra C mailakoentzat. Onartezina da, ordainsari orokor bat izanda, beste bat askoz handiagoa jasotzea kolektibo horrek bakarrik. Horrekin batera, proba fisikoak gainditzeagatik urtean 3.500 eta 5.000 € artean ordaintzeko aukera zabaldu da, nahiz eta ez duten proba horiek derrigorrez egin beharrik izango.

Foru Dekretu honekin bide arriskutsua ireki da, gainerako langileekiko diskriminaziozko baldintzak zehazten baitira, lan-baldintzei eta ordainsariei dagokienez, eta hori da, hain zuzen ere, urte askotan Mahai Orokorrean saihestu nahi izan dena; ez du ezer positiborik ekarriko, zerbitzu publikoa hobetzeari dagokionez, baina alderdi negatiboak ekarriko ditu, gainerako langileek eta herritarrek kolektibo horri izango dioten begiramenari dagokionez.

Berdintasun Plana

Bestalde, onartu da Foru Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana. LAB pozik agertu da emaitzarekin, izan ere, gure sindikatua hainbat urtez lanean aritu ondoren onartu da Plana, eta gure ekarpenak txertatu dira testuan. Plan honen helburua da, alde batetik, Administrazioan bizi dugun desberdintasun-egoeraren diagnostikoa egitea, eta, bestetik, errealitate horri buelta emateko behar diren neurriak ezartzea. Orain, testua behin betiko onartzeko gobernu-bileratik pasatu behar da. LABek xehe aztertuko du dokumentua laster, eta langileen eskura jarriko du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...