2024-12-22
HomeLAB SindikatuaEgoitzakForu Hauteskundeetarako lau egun falta direnean Bizkaiko egoitzetan lortutako aurreakordioak EAJren politika...

Foru Hauteskundeetarako lau egun falta direnean Bizkaiko egoitzetan lortutako aurreakordioak EAJren politika neoliberalak indartu ditu

LABek nabarmendu du langileen konfrontazioak eta borrokak eragin duela soldaten eguneraketa lortzea, baina, aldi berean, uste du sinatutakoak ez duela hobekuntza sozialik jasotzen, zaintzaren sektore feminizatuan behar-beharrezkoak direnak.

Gehiengo sindikalak Bizkaiko Egoitzen Hitzarmenari buruzko aurreakordioa sinatu duenez, LABek honako hau adierazi nahi izan du:

Bizkaiko Egoitzen Hitzarmena negoziatzen hasi zenetik, LAB mobilizatu egin da, grebak, itxialdiak, baraualdiak, kanpaldiak… egin ditu, ez bakarrik hitzarmen berritzea lortzeko, baizik eta zentroan egoitza publiko eta kalitatezko eredu berri baten beharra jartzeko eta ratioen aldaketan eragiteko.

Urrutirago joan gabe, duela hiru egun amaitu genuen LABek deitutako azken greba-zikloa. Bertan, sektoreko langileek kanpaldia egin dute Foru Aldundiaren aurrean, eta baraualdia egin dute. Horrek presio handia eragin die instituzioei euren zaintza-politikari dagokionez. Hauteskunde-kanpaina betean, LAB sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundiko plaza hartu du bere aldarrikapenak azalduz eta sektorearen prekarietatea salatuz. Azken greba zikloaren bultzadaren ondoren, sindikatua greba eta mobilizazio deialdien fase berri bat diseinatzen ari zen.

Hitzarmena berritzeko aurreakordioa albiste ona izango litzateke, sektorearen eskaera nagusiei aurre egingo balie. LABek egungo zaintza ereduan eragiteko beharra defendatzen jarraitzen du, eta zaintza sistema publiko komunitario bat defendatzen jarraituko du, sektoreko langileak sektore publikoko langile gisa onartzearen alde borrokatuz eta egoitzetako erabiltzaileen beharrak erdigunean jarriz. Gatazka honi bere osotasunean heldu behar diogu, eta behar diren urratsak eman behar ditugu errealitate bat izan arte.

Akordio honek soldatak eguneratzea dakar (oso beharrezkoa), sektoreko langileen borrokaren ondorio izan dena, eta LAB da borrokaren honen alde gehien egin duen sindikatua, aurrera eraman ditugun mobilizazioetan ondo islatzen den bezala. Gatazka hasi zenetik, sindikatuak konfrontazio-ekintzak bultzatu ditu. Eta gure borrokari eta gure ekintza sindikalari esker, posible izan da soldatak eguneratzea. Sektoreko langileek mobilizazioetan parte hartu ez balute, ez ginateke honaino iritsiko.

Baina harrigarria egiten zaigu sindikatu batzuek, toki- eta foru-hauteskundeen atarian, argazki hori EAJri eta BFAri ematea, aurrera pauso bat eman den gauza bakarra soldaten eguneratzea izan denean. Aurre-akordio honek ez du hobekuntza sozialik jasotzen, feminizatutako sektoreetan eta zaintza-sektoreetan ezinbestekoak direnean. Aurreakordio honek legitimatu egiten du EAJren zaintza-zerbitzu publikoak pribatizatzeko estrategia, eta atea ixten dio sektorean hain premiazkoa eta beharrezkoa den ratioaren eztabaidari.

EAJk eta BFAk egoitza-ereduari buruzko eztabaida faltsuan ixtea lortu dute. Sinadura honen bidez, egoitzen pribatizazioa bultzatzen jarraituko dute, eta egoitzetako zaintza-zerbitzua langileen eta egoiliarren kontura degradatzea baino lortzen ez duten ratioen eskasia ezkutatuko dute.

Merezi dute EAJk eta BFAk horrelako politikekin, sindikatuek argazki hori eman diezaiegun hauteskundeetarako lau egun falta direnean? LABen iritziz, ez. Ez dugu ulertzen aurreakordioa sinatu duten sindikatuak EAJri salda potoloa egitea. Sindikatu sinatzaileen jarrerak zilegitasuna eman eta euskal eskuinaren politikak indartu besterik ez du egiten.

LABek zaintza-eredu berri baten beharrari heltzen jarraituko du, duintasunez zainduak izateko eskubidearen pribatizazioa salatuz eta sektoreko langileak langile publiko gisa aitortzearen alde borrokatuz. Argi daukagu zaintzarik gabe ez dagoela bizitzerik eta, horregatik, LABek langileen antolakuntza bultzatzen jarraituko du eta sektorearen benetako beharrei erantzungo dieten borrokak piztuko ditu.

Gaurko aurreakordioaren ostean, sektoreko delegatuekin asanblada bat egingo du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...