2024-12-19
HomeEkintza SindikalaFormakuntza eta ekintza sindikala zabalduko ditugu Nafarroako langileei zuzendua, prebentzioa enpresetan sar...

Formakuntza eta ekintza sindikala zabalduko ditugu Nafarroako langileei zuzendua, prebentzioa enpresetan sar dezaten

LAB sindikatuak salatu du gero eta istripu hilgarri gehiago daudela Nafarroan. Eta langileen heriotzei buruzko isilune instituzionalaz gain, Nafarroako Gobernua ez dela lan istripuak behar bezala kudeatzen ari uste du: lan osasunari buruzko araudia sistematikoki ez betetzeagatik patronala ez ukitzeko erabakia dago.

Erakundeen isiltasuna, patronalaren erantzukizuna

2022an izaten ari diren lan-istripu hilgarrien kopuruak aurreko urteetako hazkundea berresten du. 2021ak bikoiztu egin zuen 2020a, eta 2022an, berriz, etengabeko hazkunde-joera. Erabat ozena eta mingarria da Nafarroako Gobernuak eta haren bozeramaileek beren lanpostuetan hiltzen diren langileen heriotzak direla-eta izaten duten isiltasuna, Gobernuak lan osasunarekiko duen sentsibilitatearen isla. Era berean, onartezina da enpresari nafarren axolagabekeria eta inpunitatea. Zer eginen luke Txibite lehendakariak herrialde honetan bortz egunean behin langile bat hil beharrean enpresaburu bat hilen balitz?

Goranzko intzidentzia: gero eta istripu hilgarri gehiago dago Nafarroan

Nafarroako Gobernuak honi buruz ematen dituen datu ofizialak mutuek sortzen dituzte, eta, beraz, datuak patronalak berak erabakitzen ditu. Hala, hilkortasunaren erdia baino ez dute onartzen. Zer erran laneko gaixotasunen tasaz? Mutualitateek, prozeduraz, eritasun profesionalak Osasunbidera bideratzen dituzte, kontingentzia arruntak balira bezala, eta, horrela, beraiek eragin dituzten lesioen gastuak eta tratamenduak aurrezten dituzte.

Beraz, datu ofizialak patronalak babesten ditu, eritasunak eta istripuak sortzen dituen berak. Hartara, LAB sindikatuak ez die datu horiei sinesgarritasunik ematen.

Nafarroako Gobernua patronalaren eskutik

Nafarroan, erakundeek mahai gainean jartzen dituzten lan osasuneko ekimenak ez dira eraginkorrak. Horren atzean nahita egindako diseinu bat dago: patronala ez ukitzeko erabakia.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua (NOPLOI) erabat mugatuta dago bere eginkizunetan, enpresei araudia betearazteko.

LABen iritziz, funtzioen diseinu hori nahita egiten da. Patronala lasai uztea du helburu. Bertze era batera erranda, gaur egun NOPLOI kanpoko prebentzio-zerbitzu baten (LPZ) funtzioak betetzen ari da. Doako prebentzio zerbitzua, duela 27 urtetik nahitaezkoak eta beren erantzukizunekoak diren neurriak hartzen laguntzeko enpresei.

Espainiako Gobernuaren menpeko Lan Ikuskaritzari dagokionez, 30 ikuskatzaile baino gutxiago daudela azpimarratu behar da, eta horietako gutxi batzuek enpresetara bisitak egiten dituztela. Gainera, haien profila ez da teknikoa, juridikoa baizik. Horrek zailtasun handiak sortzen ditu enpresetara egiten diren bisitetan; izan ere, enpresa horietan arriskuak identifikatu ordez, enpresek kontratatutako LPZ-en txostenetan oinarritzen dituzte beren eskakizunak.

Horrek guztiak patronalari egiten dio mesede, eta praktikan inork ez dio lan osasunari buruzko araudia betearazten. Horrela uler daiteke laneko istripu eta gaixotasunen tasa ikaragarri hori.

Egoera horri erantzuteko, ezinbertzekoa da Nafarroako Gobernuari erantzukizuna eskatzea, enpresaburuei legea betearaz diezaien. Eta horretarako, LABek praktikoak eta eraginkorrak izatea aldarrikatzen du: Lan Ikuskaritza propioa izatea behar-beharrezkoa da.

LABen ekimena eta kanpaina

Egoera dela eta, hainbat neurri hartu ditugu gure ordezkari eta afiliatuen artean, baita Nafarroako langile guztiei zuzendutako ekintza sindikalean ere.

Lanbide heriotzak eta gaixotasunak eragiten dituzten berariazko arriskuen aurrean, delegatuei eta oro har afiliatuei beharrezko informazioa eta prestakuntza eskainiko diegu, enpresetan neurriak integratzeko behar den ezagutza tekniko eta ideologikoa izan dezaten.

• In itinere arriskuak.

• Psikosoziologia (arrisku psikosozialak).

• Arrisku ergonomikoak.

Arrisku-faktore horiek lehenetsi ditugu, intzidentzia handia dutelako eta patronalak neurri gutxien hartzen dituen arrisku-faktoreak direlako.

Patronalak sortutako gaitz horren aurrean, eta Nafarroako Gobernuak neurririk hartu ez duenez, LABek eskura dituen tresna eta aukera guztiak martxan jartzea erabaki du, prebentzioa enpresetan ekintza sindikalaren bidez integratzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.