2024-12-19
HomeEkintza SindikalaFCCko zuzendaritzako kide batek langile bat harrapatu zuen autoarekin, abenduaren 17ko greban

FCCko zuzendaritzako kide batek langile bat harrapatu zuen autoarekin, abenduaren 17ko greban

LAB sindikatuak publikoki salatu nahi du gaur egun FCC enpresa, Iruñeko kaleak garbitzeaz arduratzen dena, oraindik ez dela harremanetan jarri enpresako zuzendari batek joan den abenduaren 17ko greban harrapatu zuen langilearekin. Langilea bajan dago ordutik.

2021eko abenduaren 17a greba-eguna izan zen Iruñean kaleak garbitzeaz arduratzen den FCC enpresan, LAB, UGT, ATSU eta CCOO sindikatuok deituta, bertzeak bertze, hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzearen alde. Goizeko 5:30etik aurrera, informazio-piketeak egin ziren Lanbaben industrialdeko enpresaren nabearen aurrean. Pikete bitartean, enpresako autoarekin zihoan FCCko zuzendari batek langile bat nahita harrapatu zuen.

Harrapatu ondoren, FCCko zuzendaria autotik jaitsi zen eta langilea iraindu egin zuen: “Zure gainetik pasatu behar nukeen, alfer halakoa, ez baituzu zure bizitza puta osoan lanik egin”. Ondoren, egoera baretzen saiatzen ari zen Enpresa Batzordeko LAB sindikatuko ordezkaria bultzatu zuen zuzendariak.

Harrapatutako langilea, FCC enpresan 32 urteko antzinatasuna duena, Batzordeko ordezkariek eraman zuten larrialdietara. Zuzendariak berak behin baino gehiagotan oztopatu zuen harrapatua zeraman autoa.

Gaur egun, langilea bajan dago, hainbat lesio baititu bizkarrean, eta lesio horien ondorioz errehabilitazio luzea hasiko du. LABek salatu nahi du FCC oraindik ez dela langilearekin harremanetan jarri zer moduz dagoen jakiteko —are gehiago, historiaren bertsio faltsua ere kontatzen ari da—, eta neurri egokiak lehenbailehen hartzeko eskatu dio.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.