2024-12-22
HomeEkintza SindikalaFakultatiboei aparteko orduen lansaria igoz ezkutatu nahi du Osakidetzak bere gainbehera

Fakultatiboei aparteko orduen lansaria igoz ezkutatu nahi du Osakidetzak bere gainbehera

Osasun sistema publikoa jasaten ari den kolapsoaren aurrean, Osakidetzako zuzendaritzak premiazko mahai sektorialera deitu ditu sindikatuak, zirkular baten bidez jakinarazteko fakultatiboen aparteko orduaren prezioa igo egin duela profesionalen gabezia arintzeko, eta horrek aukera ematen duela formakuntza egiten ari diren langile egoiliarrak kontratatzeko.

Profesional falta horri buruz uda hasieran jada ohartarazi zuen LABek. Aurreikusteko moduko gertaera zen, baina Osakidetzako zuzendaritzak, berriz ere, ohartarazpen hori zalantzan jarri zuen. Gaur, aurreikusitako egoera horretan gaude, eta hori zentzugabekeria itzela da. Izan ere, duela hamarkada batzuetatik hona bizi dugun profesional faltaren arazo larriari aurre egiteko planteatu duten irtenbide bakarra aparteko orduen lansaria igotzea da. Gainera, sindikatuen konplizitatea bilatu dute, benetako negoziazio prozesu bati bide eman gabe jarraitzen duten arren.

Nahiz eta LABek ulertzen duen uda erdian egonik har daitekeen epe motzeko neurri bakarra dela, sindikatuak zera adierazi nahi du:

-Profesionalen egiturazko defizita disimulatzeko aparteko orduak ordaintzea ohikoa da Osakidetzan, eta urteak daramatzate horretan.

-Trebatzen ari diren langileak hartzea beste adabaki bat da, eta, zalantzarik gabe, estres erantsiko egoerak sortzen ditu pertsona horiengan.

-Horrelako neurriek egoera ezkutatzea lortzen dute, baina ez dira benetako neurriak erakunde publiko horretan dagoen profesional falta hori konpontzeko. Arazo hori konpontzeko neurri egokiak hartzen ez badira, urtez urte errepikatuko da egungo egoera.

-Agian horri buruz ari da Osakidetzako zuzendaritza, inbertsioa handitzeaz ari denean. Hala bada, herritarrek jakin behar dute neurri horiek ez dutela ezer konpontzen.

-Plantilla indartzeko neurririk proposatu gabe parteko orduaren lansaria handitzearen alde egitea kontziliazioaren kontrako norabidean kokatzen den neurria da.

-Aparteko orduek, beste behin ere, erantzukizuna langileen gain jartzen dute, zeinak aukeratu beharrean aurkitzen baitira deskantsurako duten eskubidearen eta osasun arreta eustearen artean.

-Osakidetzako zuzendaritza “biziraupen-politika” egiten ari da osasungintzan, gutxienekoak estaltzera soilik bideratuta, zerbitzuaren kalitatea hobetzeari edo mantentzeari arreta jarri gabe, eta beste alde batera begiratuz profesionalen faltaren arazoaren aurrean.

Azken finean, aipatutako neurria Osakidetzako zuzendaritzek egoera bideratzeko izan duten porrotaren eta aurreikuspen faltaren erakusle da.

Neurri hau, gainera, negoziaziorik gabe hartu da, dekretuz, Osakidetzako mahai sektoriala osatzen dugun sindikatuak kontuan hartu gabe, nahiz eta urtetan eta oso modu zehatzean mahai gainean jarri dugun arazo batez ari garen eta azken mahai sektorialean ere sindikatu guztiok egoeraz ohartarazi genuen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...