2024-12-22
HomeEkintza SozialaPolitika sozialaEzkerraldean ehunka lagun mobilizatu dira langabezia, murrizketak eta gastu militarraren aurka

Ezkerraldean ehunka lagun mobilizatu dira langabezia, murrizketak eta gastu militarraren aurka



Ezkerraldeko langabetuen batzar, kolektibo sozial eta sindikatuek martxa bat antolatu zuten larunbatean langabezia eta murrizketen kontra eta diru-xahutzea dakarren gastu militarra salatzeko. Era berean, gerra-gatazkei ihes egiten dieten milioika lagun errefuxiatuei elkartasuna adierazi diete martxan parte hartu duten kideek.

Ezkerraldeko langabetuen batzar, kolektibo sozial eta sindikatuen oharra

Hilez hil Ezkerraldea da nagusi aurretik langabezia eta pobrezia tasetan: 20.000 langabetu; biztanleria aktiboaren % 20, hain zuzen. % 69k ez dute inolako langabezia-sorospenik. Horretaz gain, EEEak (ERE) edo “geldialdiak” ditugu enpresetan, besteak beste, ACB, Tubos, Electrodomésticos Miró MegaPark, Quorum Fitness Ballonti, Portugaleteko Limpiezas Lombide, Barakaldoko Oca Nikolasa, Trapagako Limpieza Viaria, Nervacero-n…

Egoera are larriagoa da emakumeen errealitateaz hitz eginez gero. Langabezia-tasa %22koa da. Horri prekarietate-tasa handia gehitu behar zaio: zerbitzu-sektoreko (dendak, ostalaritza, garbiketa… ) langileen % 84 emakumeak dira. Horrekin batera lanaldi partzialeko kontratuak: horien % 78 emakumeek beteta; edo behin-behineko kontratuak, emakumeen % 28k beteta. Ezkerraldeko emakumeek soldata-diskriminazio argia jasaten dute: beren soldata % 26 txikiagoa da.

Era berean, gazteen artean langabezia % 48koa da. Krisialdi ekonomikoaren azken bost urteotan, mila inguru izan dira Estatu Espainoletik kanpo joan diren Ezkerraldeko gazteak. Kontsulatuetako bulegoetan izena emanda duten 30 urtetik beherako lagunen kopurua % 32 handitu da.

Langabezia eta babesgabetasun handi horiek gizartean dauden desberdintasunak areagotzea dakarte. Eusko Jaurlaritzak dioenez, azkeneko bi urteetan gora egin dute hil bukaerarako iristeko gabezia egoerek eta zailtasunek. Lagunen % 9,2k mantenu-pobrezia jasaten dute; %3’5ek pobrezia metagarria; eta % 6,5ek muturrekoa. %14,1ek ongizate hutsunen bat jasaten dute. Bost aldiz handiagoa da emakumeek jasaten duten pobrezia.

Horren ondorioz, gero eta familia gehiagok jotzen dute Caritas-era, Gurutze Gorrira edo Elikagai Bankura. Zehazki, 21.000 familiak bizirik irauten dute erakunde ongigile horien laguntza lanari esker.

Horri etxe-kaleratzeen kopurua gehitu behar zaio: iaz %22 hazi zen.

Hori ikusita, egungo krisi ekonomikoaren ondorioak jasatzen ditugunok – gainera, haren erantzuleak ez gara- kalera irtengo gara, alde batetik, eskualdeko enpresetako langabezia egoerak, kaleratzeak eta EEEak (ERE) salatzeko; etxe-kaleratzeak eta gizarte babesean izandako murrizketak salatzeko… Eta bestetik, dagozkigun Eskubide Sozialen eta duintasunaren alde egiteko, enpresari, bankari eta politikari ustelen aurrean.

Arrazoi horiek guztiak direla eta, dei egiten diegu Ezkerraldeko bizialgun guztiei parte hartzeko datorren larunbatean, ekainaren 18an, “Santurtzitik Sestaorako Ezkerraldearen aldeko Martxa” mobilizazio jendetsua izan dadin; Santurtziko parketik abiatuko da eguerdiko 12etan. Aurten, gainera, bere hogeigarren urteurrena beteko da.

Laburbiltzeko, ekimen hau gure eskualdeak jasaten duen gizarte haustura larria salatzeko sortu da, hain zuzen ere, langabezia-indize kezkagarriak, lan prekarietate handia, pobrezia egoerak eta etxe-kaleratzeak ugariagoak direla-eta dugun gizarte haustura; gizarte arloan murrizketak salatzeko: udal gizarte-zerbitzuetan, gizarte-prestazioetan eta zaharrentzako laguntzetan.

Baina egoera hauek ez dira berez sortzen. Administrazioek neurriak sustatu dituzte, langileek, eta herritar guztiek, dituzten lan eskubideak eta eskubide sozialak murrizteari begira. Eskualdeko udalak izan dira lehenengoak murrizketa politika eta zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatzen. Horrek larriagotu egin du egungo krisialdi ekonomikoak jota dauden milaka familiaren egoera.

Gizarte eta lan arloan murrizketak egiten diren bitartean, ikusten dugu zer-nolako diru-xahutzea dakarren gastu militarrak: 25.000 milioi euro, 2015.urte honetarako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei esleitu dizkietenak; horietatik, kupoaren bidez, 700 milioi ateratzen dira EAEtik.

Era berean, gerra-gatazkei ihes egiten dieten milioika lagun errefuxiatuei elkartasuna adierazteko izango da mobilizazio hau. Errefuxiatuoi ez zaie inolako eskubiderik aitortzen; eta, gainera, haien aurka NATOren gerraontziak bidaltzen dituzte, Europara ez iristeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...