Espainiako Auzitegi Gorenak Trafikoko eskumenaren transferentzia bertan behera uzteak Nafarroa Garaiko subiranotasunari eman dion astindua dela-eta, LAB sindikatuak adierazi nahi du bat egiten duela zenbait alkatek eginiko deialdiarekin, eta langile klaseari dei egin dio parte har dezan heldu den larunbatean, martxoak 2, Iruñean, 17:30ean, Sarasate pasealekuan, autogobernuaren alde eginen den elkarretaratzean.
Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak, Guardia Zibilari arrazoia emateko ilusionismo juridikoaren ariketa argian, elite erreakzionarioen jokabide historikoaren berri ematen digu, eta Nafarroa espainiar oligarkiaren menpeko lurralde bihurtzeko duen interes bereziaren berri ematen digu, Nafarroako herritarren borondatearen eta beharren gainetik.
Hala ere, Nafarroako langileek politika publiko eraginkorrak eskatzen dituzte, beraien beharrei eta kezkei konponbidea emateko gaitasuna izanen dutenak; beraien bizi eta lan-baldintzak hobetuko dituzten erabakiak behar dituzte, eremu guztietan: bide-segurtasuna, lan-harremanak edo eredu politikoa, ekonomikoa eta soziala.
Nafarroako langileriak aldaketak behar ditu, bai ekonomian, baita eredu instituzionalean ere. Nafarroak tresna subirano berriak behar ditu, gehiengo sozialaren eskakizun sozial, politiko, linguistiko eta kulturalak bermatu eta ahalbidetzeko.