2024-11-22
HomeEkintza SindikalaEzinbestekoa da Bizkaiko egoitzetako langileen lan-baldintzak duinak izatea

Ezinbestekoa da Bizkaiko egoitzetako langileen lan-baldintzak duinak izatea

Bizkaiko egoitzetako langileen egoera salatzeko hiru egunetako itxialdiari hasiera eman dio LABek Bilboko Atxuri auzoko Enkarnazioaren elizan, “Funtsezkoak gara” lemapean egingo dena. Honekin batera, greba ere deitu du sektorean abenduaren 14, 15 eta 16rako, urrian hasitako zazpi greba egunen zikloari amaiera emanez. Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak zaintza arloko langileak egiten ari diren borroken testuinguruan kokatu du ekimena: “Bizkaiko egoitzetako langileek urteak daramatzate lan baldintzak duintzeko eta kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko borrokan. Eurekin batera, azken hilabeteetan Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako egoitzetakoak ere borrokan dira, eta baita zaintza eremuan lan egiten duten hainbat langile ere”.


“Langile borroka guzti hauek agerian uzten dute zaintzaren inguruko gogoeta sakon bat egin behar dela. Herritar guztiok dugu, gure bizitzako uneren batean, zainduak izateko beharra. Zaintza duina jasotzea eskubide bat da, baina egun ez dago bermatua”, gaineratu du Aranburuk. “Zaintza lanak, bizitzari eusteko ezinbestekoak dira. Zaintza lanik gabe, jendarteak ezin dezake aurrera egin. Baina zaintza lan horiek ze baldintzetan egiten diren aztertuz, zein da ondorioa?”

Zaintzaren izaera feminizatuan jarri du arreta LABeko ordezkariak: “Eremu pribatuan geratzen diren zaintza lan ez ordainduak izan edo lan eremuan egiten ditugunak izan, nagusiki emakumeok sostengatzen ditugu zaintza lan horiek eta oso modu prekarioan egiten dira. Zaintza sektoreetan emakume migratu eta arrazializatuen presentzia handia da. Zapalkuntza ugari eta anitzak eta indarkeria mota desberdinak jasaten dituzte emakume horiek”.


Zaintzaren izaera funtsezkoa eta aitortza beharra ere hizpide izan ditu Aranburuk: “Zaintza lanei duten balio soziala eta ekonomikoa aitortu behar zaie. Ez da onargarria, bizitza sostengatzeko funtsezko langileak izanik, egoera prekarioetan prekarioenean egotea. Langile hauen soldatak duindu egin behar dira, ratioak murriztu edota publifikazio prozesuak bultzatu behar dira”.
Era berean, adierazi du instituzio publikoak direla egoera honen erantzule nagusiak. “Arduradun politikoak dira emakumeen zapalkuntza hau ontzat ematen ari direnak. Instituzioen jarrera salatzekoa eta gaitzestekoa da. EAJ eta PSEren Jaurlaritzak eta EAJ buru duen Bizkaiko Foru Aldundiak ardura zuzena dute gaur hemen itxialdian sartu diren langileekiko”.


Eta konponbideak nondik etorri behar duen ere aipatu du Garbiñe Aranburuk: “Zaintza erdigunean jarri eta daukan garrantzia eman behar zaio, zaintza beharrak eta eskubidea, zein langileen lan baldintza duinak erdigunean jarri behar dira. Zaintza sistema publiko bat eratzeko urratsak beharrezkoak dira”. Eta pribatizazioak dakartzan arriskuez ere ohartarazi du LABeko ordezkariak: “Baina kontrako norabidean ari dira. Zaintza negozio bilakatu eta pribatizazioa eta merkantilizazioa sustatzen ari dira. Bizkaiko egoitzetako hitzarmenaren blokeoaren aurrean, ardura politikoak saihestu eta beste aldera begiratzen dute. Instituzio publikoen utzikeria honek, diru gosea duten enpresari pribatuei, negozioa egiteko aterak parez pare irekitzen dizkie”.


Langileen lekukotza
Nekane Olalde Ermuako Abeletxe egoitzako langileak ere hartu du hitza itxialdiaren hasieran egindako mobilizazioan eta adierazi du inork ezin duela zalantzan jarri zerbitzu publikoa ematen dutela eta funtsezko langileak direla. Patronalak eta Aldundiak negoziatzeari uko egin diotela eta sektoreko hitzarmenaren mahaia blokeatu dutela gaineratu du. Grebalarien aldarrikapen zehatzak ere zerrendatu ditu:


• Benetako urratsak soldatak Gizarte Urgazpenek Foru Erakundearekin parekatzeko. Euren lan bera egiten duen langile publiko batek baino % 50 inguru gutxiago kobratzen dute. Horrez gain, azken bi urte hauetan erosahalmena galdu dutenez, hilean 300 euro inguru pobreagoak direla salatu du.
• Euren lan-bizitzako azken urteei aurre egiteko neurriak 55 urtetik aurrera: murrizketa konpentsatuak, erretiroen alde egitea, ordaindutako baimenak, lanpostuaren egokitzapenak…
• % 100eko baja-osagarria.
• Bajak lehen egunetik ordezkatzea.
• Lan-osasunari buruzko neurri errealak, arrisku psikosozialei buruzkoak, besteak beste.


Langileen egunerokotasuna erabat baldintzatzen duten ratio ankerrak ere izan ditu hizpide, eta hauek dakartzaten ondorio larriak: pertsona bat 10 minututan garbitu, jantzi eta dutxatzea, gauean 30 edo 35 egoiliarren ardurapean egotea, 15 pertsona oinarrizko jardueretan zaintzen saiatzea (langile bakar bat). Egiten ez diren edo berandu egiten diren pardel-aldaketak aipatu ditu, lesioak eta zauriak saihesteko jarrera-aldaketak. Langileen lana ondo egiteko aukera ematea eskatu du eta salatu du egoitzetako eguneroko egoera oso gogorra dela, Administrazio Publikoak gaur egun ezartzen dituen ratioek eta enpresek poltsikoak betetzeko erabiltzen dituztenek oso larriki hondatzen baitute egoiliarren eta langileen bizitzaren duintasuna.

LABen ustez, egoera horren erantzuleak administrazio publikoak dira, bai Eusko Jaurlaritza bai Bizkaiko Foru Aldundia, eta erantzukizuna beren gain hartzea eta egoera horri irtenbidea ematea eskatzen dugu.


Egungo ratioen aurrean, LABek gutxieneko ratioen proposamena egin du, egoitzen egoera gizatiartu dadin. Besteak beste, neurri hauek proposatzen ditu sindikatuak:

  • gaueko ratioa 2 gerokultore/zaintzaile izatea 15 egoiliarreko.
  • eguneko ratioa gerokultore/zaintzaile batena izatea 4 egoiliarreko.
  • erizaintza-zerbitzua 24 orduz egotea, eta gutxienez erizain bat 16 egoiliar bakoitzeko.

Proposamen hau egia bihurtzeko Aldundiaren eta enpresen borondatea baino ez da behar. Adibidez, lau egoiliarreko zaintzaile bat izateak 3.300 lanpostu berri sortuko lituzke, eta Aldundiak 24 euro inbertituko lituzke eguneko egoiliar bakoitzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.