2024-12-23
HomeEkintza SindikalaEz dugu onartuko Osalan eta Lan Ikuskaritzak Zikuñagakoa trafiko istripu bezala hartzea

Ez dugu onartuko Osalan eta Lan Ikuskaritzak Zikuñagakoa trafiko istripu bezala hartzea

Beste laneko heriotz baten berri izan dugu, oraingoan Hernanin. Lanak eragindako aurtengo 23. heriotza da Euskal Herrian. Odol isuriak ez du etenik. Lehenik eta behin gure elkartasuna adierazi nahi genieke senide, lankide eta gertukoei une latz hauetan.

Zikuñaga enpresako delegatu eta afiliatuei esker lortu dugun informazioaren arabera, enpresaren kanpo aldean garraiolariekin zamalanak koordinatzen diren eremuan, kamioi batek garraiolari bat harrapatu du unean bertan hilaz.

Ezin dugu ulertu, nola Zikuñaga enpresak koordinatu behar lukeen lan aktibitate eremu batean ez zegoen beharrezko prozedurarik eta berau betearazteko neurririk. Jakina da zama lan eremuen arriskua. Historikoki egon dira behar bezala identifikatuak puntu beltz horiek arrisku ebaluaketetan. Gainera, egoera hauek dira langile autonomoak lan osasun araudiak babesten dituen bakarrak, koordinazioarenak hain zuzen.

Istripua gertatu eta berehala, Zikuñaga enpresak ardura bere gain ez hartzeko eginiko mugimenduak ikusi ditugu eta hau irmoki salatu nahi dugu.

Modu honetan, ez dugu onartuko Osalan eta Lan Ikuskaritzak istripu hau trafiko istripu bezala hartzea euren estatistikak leuntzeko. Honela, enpresen arteko koordinazio gabezian kokatu behar dugu heriotzaren arrazoia eta istripu berri hau guztiz ekidin zitekeela salatu.

Laneko heriotzen gaia agenda politikoan kokatu behar dugu, gizarteak ezin du gehiago itxaron. Ez dugu onartzen lanera joan eta bertatik bizirik ez itzultzea.

Azkenik, dei egiten dugu hurrengo orduetan langileen segurtasuna eta osasuna defendatzea aldarrikatuz dei daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera.

Ondarroan, beste lan heriotz bat

Beste lan-istripu hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Ondarroan, aurtengo 22. hildakoa lan istripuan hain zuzen. 35 urteko langileak bizia galdu du etxe baten eraberritze lanetan.

Jakin dugunaren arabera, langilea bakarrik ari zen lanean asteburuan eraberritze obra batean. Dirudienez larunbatean izan zuen istripua eta bertan inor ez zegoenez, astelehen eguerdian aurkitu zuten bere hilotza, odolustuta, zerra radial baten aldamenean.

Egoera izugarri hau Euskal Herrian eman da asteburu hontan bertan, prekaritatea muturreraino iristen den herri honetan laneko segurtasunerako arauak etengabe urratzen direla argi erakutsiaz.

Nola liteke gaur egun, obra batean langile bat, bakarka aritzea? Non zegoen obrako koordinatzailea edo bertan behar lukeen “errekurtso prebentiboa”? Zergatik da horren erraza arau hauek ez betetzea patronalaren aldetik? Zenbat langile egon dira antzerako egoeran asteburu honetan Euskal Herrian zehar?

Honela, “errekurtso prebentiboaren” ardura guztiz desitxuratu du patronalak Lan Ikuskaritza eta Osalanen utzikeriari esker eta errealitatean, inork ez du ikuskatzen obretan lanak behar bezala egiten direnik segurtasun ikuspegitik. Errealitate honek sortzen ditu emaitza beldurgarri hauek, esan bezala urtea hasi denetik 8 langile hil dira eraikuntzako lanetan. Honi erantsi behar zaio, langileek obran aparteko orduak modu estrukturalean sartu behar izaten dituztela eta gainera larunbatean lan eginda, asteko lan ordu kopurua izugarria dela. Nekea arrisku faktore izanda, nork kontrolatzen du errealitate arriskutsu hau?

Urkullu jauna patronalaren eskutik absentismoaren aurka ateratzen ikusi dugu berriki, noiz aterako da laneko erailketen aurka?

Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Patronalari argi esan nahi diogu aurrean izango gaituela, langileak erailtzea ez zaiola doan aterako.

Erakundeei neurriak eskatzen dizkiegu, bereziki eraikuntzan inspekzio eta jarraipenak areagotu ditzaten segurtasun arauak integratuaraziz. Modu honetan beharrezko neurriak har daitezen eta benetako prebentzio- politikak egin ditzaten. Tamalez badakigu praktikan, laneko ikuskaritza eta Osalan ez direla inon ageri. Bestalde, sektoreak eta langileek ezin dute egoera hau normaltzat eman ezta honetara ohitu ere.

Azkenik, dei egiten dugu ostegun honetan, maiatzaren 5ean, eguerdiko 12:00etan Ondarroako Itsas Aurre plazan egingo den gehiengo sindikalaren mobilizazioan parte hartzera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...