2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakEz dugu onartuko EiTB EAJren propaganda tresna bezala erabiltzen jarraitzea

Ez dugu onartuko EiTB EAJren propaganda tresna bezala erabiltzen jarraitzea

Andoni Aldekoa zuzendari berriaren izendapenaren harira, EiTBko LABen atal sindikalak bere iritzia plazaratu du. Hain zuzen ere, EiTBko zuzendariak Sabin Etxera edo Eusko Jaurlaritzara salto egiten ikusi ditugu, baina oraingoan bidea kontrako noranzkoan izango da: EAJk bere alderdikide bat jarriko du EiTBko zuzendari karguan, inolako disimulurik eta lotsarik gabe. Erabaki eskandalagarria eta onartezina komunikabide publiko batean. 

Andoni Aldekoa de la Torre Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen aholkularia izan zen 16 urtez eta Iñigo Urkulluren Lehendakaritzako Komunikazio zuzendaria 2015 eta 2017 urteetan. Gizon hori EiTBko zuzendari izendatuta, EAJren asmoa agerian geratzen da:EiTBn kontrol politikoa indartu nahi du, komunikabide publikoa Gobernuaren komunikabide izaeran sakonduz interes alderdikoien mesedetan jarraitzeko. 

Ez dugu onartuko EiTB EAJren propaganda tresna bezala erabiltzen jarraitzea. Ez dugu onartuko ETB, Eusko Irratia eta eitb.eus Eusko Jaurlaritzaren NO-DO izatea. 

EiTBk objektibotasuna, profesionaltasuna, aniztasuna eta neutraltasun politikoa bermatu behar ditu. Halaber, komunikabide publikoa den heinean, euskal herritarren zerbitzura egon behar du, eta ez EAJren edo Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura. EiTBk euskal herritarrak profesionaltasunez eta objektibotasunez informatzea izan behar du helburu, aniztasuna eta neutraltasuna errespetatuz, eta ez besterik. 

Horrez gain, izendapen honek erakusten du premiazkoa dela EiTBko zuzendari kargua aukeratzeko prozedura berri bat adostea eragile ezberdinen artean. Prozedura berri hori irizpide profesional eta objektiboetan soilik oinarritu beharko litzateke, eta, noski, erabat gardena izan beharko luke. EiTBko zuzendari berria ezin da Sabin Etxean erabaki.

Esan gabe doa ezinbestekotzat jotzen dugula EiTBko zuzendari batek euskalduna behar duela izan; hau da, lantokian nahiz edozein agerraldi publikotan euskaraz zuzen hitz egiteko gaitasuna izan behar duela. Bestalde, EITBren helburuen artean, informazioaz gain euskal kultura eta euskara bera sustatzea daude. EAJk izendatutako zuzendari berriaren profila ikusita, azken bi helburuak bigarren mailan dituela argi adierazten du .

Osasun egoera larrian, inoizko krisi sozio-ekonomikorik handienak jota eta EiTBko enpresak fusionatzeko prozesu konplexu batean murgilduta gauden honetan, EAJk komisario politiko bat jarriko du EiTBko zuzendari karguan. Garai zailak eta ilunak datoz komunikabide publikora.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...