2024-12-23
HomeEkintza SindikalaExijitu dugu nafar zerga ikuskaritzara bideraturiko giza baliabideak eta baliabide teknikoak handitzea...

Exijitu dugu nafar zerga ikuskaritzara bideraturiko giza baliabideak eta baliabide teknikoak handitzea eta arreta fortuna zein enpresa handietan zentratzea

Nafarroako Foru Ogasunak deituta, Iruzur Fiskalaren eta Ezkutuko Ekonomiaren Aurkako Batzordeak bilera egin du gaur eguerdian, eta 2023ko ekitaldiko zerga-kontrolaren emaitzak aurkeztu ditu. Bilera horretan, LAB sindikatuan 2024rako Zerga Kontrolerako Urteko Planari buruz egin ditugun gogoeta eta aldarrikapen garrantzitsuenak azaldu ditugu, hiru neurri nagusi dituztenak: ikerketa eta egiaztapen jarduerak indartzea, arreta iruzur poltsa handietan zentratzea, eta inolako jarduerarik ez duten sozietateen IFZ ezeztatzea.

Hona hemen, zehaztuta eta argudiatuta, LAB sindikatutik egin ditugun hiru proposamen nagusiak:

1. Ikerketa eta egiaztapen jarduerak indartzea, lan horiei prebentzio ekintzen maila eta lehentasun bera emateko.

Plan horretan, Foru Ogasunak aitortu du azken urteotan iruzur fiskala kontrolatzeko bereziki prebentzio jarduerak bulkatu dituela. Eta baliabideak mugatuak direnez, argi dago norabide hori iruzurra eta ezkutuko ekonomia ikertzeko eta egiaztatzeko bertze jarduera ildo batzuen kaltetan joan dela.

Baina ikerketa eta egiaztapen lan horien garrantzia agerikoa da; izan ere, bertzeak bertze, 2022an eginiko lanak 192,2 milioi euro berreskuratzea ahalbidetu zuen. Beraz, kopuru hori ez da inola ere baztergarria, zergen zuzeneko kudeaketaren bidez urte hartan sartutako diru bilketa likidoaren % 6ren baliokidea baita1.

Puntu honetan adierazi behar da Foru Ogasunean gastaturiko euro bakoitzeko ia 5 euro (4,9 zehazki) berreskuratu direla, zerga iruzurra ikertu eta egiaztatzeko jardueren bitartez.

Hala eta guztiz ere, efizientzia indize hori Espainiako Estatuko Zerga Agentziaak lorturikoaren erdia baino txikiagoa da2; izan ere, 2022an, gastaturiko euro bakoitzeko 10,5 euro berreskuratu zituen zerga eta aduana iruzurraren aurkako borrokan. Desberdintasun nabarmen horren azalpen bat izan daiteke ikuskapen eskumenak desberdinak izatea bi administrazio mailetan (adibidez, aduana-kontrola edo lurraldetik kanpo helbideraturiko enpresa handiak), baita tributu administrazio bakoitzean biztanleriaren arabera lan egiten duen langile-kopurua ere.

Zehazki, plantillaren tamainari dagokionez, aipatu beharrekoa da 2022an 1.833 biztanle zeudela Espainiako Zerga Agentzian lan egiten zuen langile bakoitzeko; Nafarroan, berriz, Foru Ogasunean lan egiten zuen langile bakoitzeko 2.025 biztanle zeuden.

2. Zerga ikuskaritzara bideraturiko giza baliabideak eta baliabide teknikoak handitzea, eta arreta iruzur poltsa handietan jartzea.

Espainiako Ogasun Ministerioko Teknikarien Sindikatuaren arabera3, zerga iruzurraren % 70 baino gehiago fortuna handietan eta enpresa handietan kontzentratzen da; hala ere, zerga administrazioaren baliabideen % 80 autonomoak, mikroenpresak, enpresa txikiak eta soldatapeko pertsonak ikertzera bideratzen da. Puntu honetan azpimarratu behar da, gainera, batzuetan harrigaria gertatzen dela ikustea nolako dotoretasunarekin tratatzen dituzten sozietate eta pertsona juridikoak, pertsona fisikoen aldean.

Beraz, eraginkortasuneko eta zerga justiziako irizpideak aplikatuz, beharrezkoa litzateke arreta gunea birbideratzea eta iruzurra ikertu eta jazartzeko ahaleginak egitea, hain zuzen ere, iruzurra gehien kontzentratzen den lekuetan.

3. Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren ezeztatzea.

Foru Ogasunak berak onartu duenez, Nafarroa Garaian mila sozietate baino gehiago daude inolako jarduerarik egiten ez dutenak eta baliogabetzeko arrazoi ukaezina dutenak.

Uste dugu, sozietate horiek tributu betebeharrak ezkutatzeko pantaila gisa erabiltzeko edo iruzur fiskalaren sare antolatuen parte izateko arrisku handia dagoenez, zuhurtasun printzipioa aplikatuz, komeni dela egungo sozietateen errolda premiaz garbitzea.

Beraz, ezinbertzekoa da araua zorrotz betetzea eta identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) ofizioz ezeztatzea, hiru ekitaldiz jarraian Sozietateen gaineko Zergaren aitorpena aurkezten ez denean.

Segurtasun juridikoaren ikuspuntutik, gogora ekarri behar da IFZ baliogabetzeko prozeduran zergapekoari jakinarazi behar zaiola eta entzunaldi-izapidea ireki behar dela alegazioak aurkeztu ahal izan ditzan. Gainera, IFZ baliogabetzea ez da atzeraezinezko neurria.

1Nafarroako Foru Ogasunaren memoria. 2022. urtea.

2Zerga Administrazioaren memoria. 2022. urtea.

3Datuok Espainiako estatu osoari dagozkio, baina ez dago arrazoi funtsaturik Nafarroako egoera oso bestelakoa dela pentsatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...