2024-12-22
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzari: demokrazia gure alde dago

Eusko Jaurlaritzari: demokrazia gure alde dago

IRITZIA
Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñoz ‘Txiki’
LABeko idazkari nagusia eta ELAko idazkari nagusia

Eusko Jaurlaritzak gogor erreakzionatu du euskal gehiengo sindikalen aurka. Estatutik edo bere ingurumarietatik datozen eraso antidemokratikoei Urkulluren Gobernuaren lankidetza politikoa gehitzen zaio orain. Bere jarrera jendartearen esparru guztietako beligerantzia zentralista elikatuz joan da. Bide horretatik, Espainiako exekutiboak ezarritako murrizketa berberak ezarri eta azkenean euskal esparrua espainolaren azpisistema bihurtu da (OSALAN, Hobetuz, LHK…), batzutan gogo gehiagorekin. 

Urkulluren Gobernuak, orain, aurrerapauso berria eman eta Confebask patronala, UGT eta CCOOekin negoziazio kolektiboaren esparruan aurrekaririk ez duen ofentsiba antidemokratikoa adostu du.

Eusko Jaurlaritza eta patronalaren arteko sinbiosia errealitate da aspaldidanik, eta honek interesen fusioa ekarri du –eredu ekonomiko eta sozial berdina dute, prekarietatean sakontzea eta aberastasunaren banaketa bidegabean oinarritua–; honez gero ez dira bereizten Urkulluren sailburu eta Confebaskeko buruzagien adierazpenak. Arantza Tapiak dioenean euskal langileok bestelako ordezkaritza sindikal bat izan beharko luketela –eta horretarako lan egingo duela– argi eta garbi uzten du gobernu honek gehiengoak errespetatzen dituela hauek gustuko dituenean, bere murrizketak txalotzen dizkiotenean eta patronalaren inposizioen aurrean otzanak direnean.

Honek denboran jarraitua den jarduera-lerroa marrazten du, urrunetik datorrena eta etorkizunean proiektatzen dena. Euskal langile klaseak urte asko darama bere gehiengoaren konfidantza ELA eta LABen baturari ematen, hauteskundez hauteskunde, gero eta modu argiagoan eta gero eta alde handiagoarekin gainontzeko aukera sindikalekiko. Gehiengo hori metodo demokratikoekin bota ezin duela ikusita, Eusko Jaurlaritzak gutxiengoan egindako akordio sindikalak sustatu eta aspalditik legezkoa den praktika baten alde egin du apustu politikoki, legezkoa dena baina funtzionatzen ez duena hondamendia delako langileontzat: eragin mugatuko hitzarmenak. Gauza bat toleratzea da legalak direlako –zoritxarrez Gobernu guztiek egiten dutena–, eta bestea hauek sustatu eta babes politikoa ematea, Aldizkari Ofizialean argitaratzea barne, zeina patronala eta sindikatu batzuek zerbitzurako tresna bihurtzen den horrela. Lehendakari Jauna, hau egiten duenak erreformak eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioa bultzatzen ditu, eta euskal esparrua mespretxatzen. Espainian negoziatu ezin dugula erabakitzen duten horiekin gutxiengoan dauden akordioak bultzatzeak argi islatzen du zein punturaino partekatzen duen zure Gobernuak aldarrikapena neutralizatzeko helburua.

Eta honen helburua zein da? CCOO eta UGTri ez duten garrantzia ematea, hau patronalak beharrezko baitu lan erreformak aplikatu eta soldatak kaltetzeko, sindikatu eroso eta merkeenen oniritziarekin. Hau ez da inolako arazoa Euskal Herritik kanpora, baina hemen oztopo sendoarekin egiten du topo: ELA eta LABen gehiengoarekin. Ikuspuntu sindikal batetik, eragin mugatuko hitzarmenen aldeko apustua lagapen onartezina da, langileentzako inolako ordainik ez dakarrena gainera. Gutxiengoan sinatzen denean, langile bakoitzak modu indibidualean eman behar dio atxikimendua akordioari; honek, lehenik eta behin, baldintza hobeen alde borroka egiteko langileek gehiengoz hartu duen erabakia zuzenean boikoteatzen du. Hitzarmenak merkatzea dakar, eta laneko prekarizazioan are gehiago sakontzea ere bai.

Bigarrenik, praktika honek langile indibiduala armagabe uzten du enpresarien xantaiaren aurrean (enpresa berez, indar-erlazioa baldin badago soilik orekatzen den esparru ez demokratikoa da). Puntu honetan, CCOOk eta UGTk apustu estrategikoa egiten dute lan harremanak indibidualizatzeko, eta langile bakoitza makur dadila amore eman duela sinatzera. Hala ere, justu guztiz kontrakoa egitekoa sortu ziren sindikatuak, enpresaren aurreko negoziazioa kolektibizatzeko eta enpresa eta sektoreetan lan baldintza homogeneoak bermatzeko, pribilegio zein diskriminaziorik gabe.

Beraz, ondorioz, edozein sindikaturen izaera beraren kontrako lerroa da. Hau borrokatzen ez badugu eta lan harremanen indibidualizazioaren aldeko apustua orokortzen bada… Zertarako behar ditugu sindikatuak? Horretara ari dira jokatzen CCOO eta UGT, patronala eta Eusko Jaurlaritzaren pozerako; beronek bere artilleria legal, politiko eta propagandistiko guztia jarri du martxan ELA eta LABek egiten duten sindikalismoa makurrarazteko. Suntsitu arte, geldiarazten ez baditugu. Izan ere, Confebaskek egin zuen ahalegina bi erakundeak legez kanporatzeko proposamenarekin; horregatik, oraingo koska estutze hau ez da hain ustekabean etorri.

Nola eragotziko diegu? Datorren irailaren 20tik, Gasteizen ELAk eta LABek egingo duten manifestazioarekin (10:30ean hasi eta Lehendakaritzaren aurrean amaituko da) abiatuko diren kaleko mobilizazioekin, baita Eusko Jaurlaritzaren kontrako salaketa politiko sendoarekin ere. Azken honek, langileok osatzen dugun euskal gehiengo soziala babestetik urrun, indartsuenarekin batzen ditu bere indarrak, elite ekonomikoarekin, pribilegiodunekin, erreforma laboralekin erabat indartuta dagoen patronalarekin.

Eusko Jaurlaritzak Confebask, UGT eta CCOOekin akordioa uztailaren amaieran irudikatu nahi izan zuen abuztuko oporraldiak itundutakoaren eragin politikoa eta larritasuna disolbatuko zutelakoan, horri lagundu behar zion hauteskundeen iragarpenak (justu ondoren egindakoa). Ez da horrela izango. Egin dutena oso larria da eta ezin da pasatzen utzi.

ELA eta LAB, orain hasi eta behar beste luzatuko dugu erantzuna, erasoaren tamainan. Ba ote dago gehiengo demokratikoak mespretxatu eta eraginik gabe uztea baino ezer larriagorik?

Arduratuko gara Lehendakariaren ekimen antidemokratiko honek agenda politikoa bete dezan, ez soilik lan mundukoa. Urkullu Lehendakariak aukeratu ditu akordioaren unea, edukiak eta bere aliatuak. ELA eta LABek erantzun egiten dugu, eta erantzuten jarraituko dugu.

Eusko Jaurlaritzak ordua eta joko-zelaia jarri ditu, eta guk azkeneraino jokatuko dugu partidua, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko gure konpromisoa berrestetik abiatuta.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...