2025-04-16
HomeEkintza SozialaEusko Jaurlaritzaren hipokrisia kritikatzen dugu, nazioarteko ekitaldiekin etxebizitza politika antisozialak justifikatzeagatik

Eusko Jaurlaritzaren hipokrisia kritikatzen dugu, nazioarteko ekitaldiekin etxebizitza politika antisozialak justifikatzeagatik

Etxebizitzaren arazoak bete-betean kolpatzen du langileria, eta oso negozio errentagarria bihurtu da gutxi batzuentzat, baita mugatutako eskubidea ere gehiengo sozial handiarentzat. LABek salatzen du, funtzezko neurri eraginkorrak hartu beharrean, Eusko Jaurlaritzak bere erantzukizuna saihesten duela, euskal langileok pairatzen ditugun benetako arazoak konpontzetik urrun dauden ekitaldiak antolatuz.

Gaur, urtarrilak 29, Eusko Jaurlaritzak International Congress on Housing Policies (Etxebizitza Politikei buruzko Nazioarteko Kongresua) inauguratu du. Kongresu horrek hitza emango die egungo egoeraren arduradun diren erakundeetako ordezkariei, eta, ohikoa den bezala, ez die jaramonik egingo urteetan eragile sozial eta sindikalek egin ditugun aldarrikapenei. Etxebizitza duina izateko eskubidea ez dago bermatuta, eta, beraz, premiazkoa da Euskal Herriko langileentzako etxebizitza duina eta irisgarria bermatuko duten egiturazko neurriak hartzea.

Gainera, etxebizitza sozial bat eskuratzea argi eta garbi mugatuta dago higiezinen lobby-aren beharrei erantzutearen ondorioz gaur egun dagoen parke publiko eskasagatik. LABek hasieratik kritikatu zuen prestazio ekonomiko bat konpentsazio gisa ordaintzea, helburua behar duen orori etxebizitza duina bermatzea izan behar baitu. Hipokrisia hain handia da, ezen, dozenaka udalerri eta auzo tentsiopeko eremu izendatzeko eta, horrela, prezioei eusteko lehen urratsa emateko legezko tresnak izan arren, Gobernua sostengatzen duten alderdiek uko egin baitiote hori egiteari.

EMALen datuen arabera, 2023an Bilbo eta Donostia bezalako hiriburuetan alokairuaren batez besteko prezioa 800 euro eta 950 eurokoa zen, hurrenez hurren. Hori dela eta, oso larria da Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboari buruzko dekretu berriak Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa (EPE) aurreikustea, zenbatekoa ez dela hilean 300 eurotik gorakoa. Are kezkagarriagoa da adieraztea urte honetatik aurrera, nahikoa ez den prestazio hori, alokairu-gastuei dagokienez, Gizarte Larrialdietarako Laguntzekin (GLL) eta Gaztelagun programako laguntzekin bateraezina izango dela.

Hori gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzak Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria (EPO) ere kendu zuen. DSBEari lotutako prestazio garrantzitsua, 3 urteko errolda eskatzen zuena, baina ez eskatzen zuenak administrazio-egoera erregularra izatea. GLLen kasuan, are atzerakada zorrotzagoa da, 6 hilabeteko errolda eskatzen baitzuen soilik. Gainera, bi kasuetan ez zen beharrezkoa erresidentzia-baimena indarrean izatea. Beste aldetik, EPEak 3 urteko erroldatzea eskatuko du EAEn eta 3 urtez izena eman izana Etxebiden. Neurri horrek, argi eta garbi, are gehiago zaildu nahi die etxebizitza eskuratzea langile migratuei.

Eskubideak oztopatzen dituen norabide berean, joan den azaroan Eusko Jaurlaritzak DSBEaren araudi berria argitaratu zuen. Pobrezia kriminalizatzeko neurri askoren artean, beste muga batzuk gehitu ziren bizilekua aitortzerakoan. Urtarriletik aurrera, logelak alokatzen dituzten pertsonei soilik emango zaie DSBEa, gela bakoitzak komun esklusibo bat duenean.

Neurri horrek, etxe berean bizikidetza-unitate bat baino gehiago daudenean DSBEaren zenbatekoa %15 murriztearekin batera, egungo gobernuaren irizpidea adierazten du: etxebizitza partekatzera behartuta dauden pertsonak zigortzea. Bitxia da egungo gobernuak bultzatutako kanporatze eta gizarte-bazterketako neurri horiek ez direla agertzen bere finantza-internazionalizazioarako Basque Country zigiluan.

Azken batean, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen politika publikoek argi uzten dute helburua higiezinen patronalaren interesak blindatzea dela, hau da: bankuak, putre funtsak eta jabe handiak. Etxebizitzarekiko espekulazioa gaur egun langileriaren expropiatzeko modu nagusietako bat izatea ahalbidetzen duten politikak

LABen defendatzen dugu etxebizitza pertsona guztien oinarrizko eskubidea eta behar materiala dela autonomia izateko, segurtasuna eta osasuna bermatzeko, errotzea eraikitzeko eta bizi-proiektu duin bat garatzeko. Horretarako, ezinbestekoa da higiezinen negozioarekin amaitzea, etxebizitza publiko eta sozialen parke bat premiaz garatzea, eta neurri legalak eta politikoak hartzea, alokairu eta hipoteken prezioak mugatzeaz gain, prezioak jaisteko.

Era berean, LABek berretsi egiten du etxebizitza duin, kalitatezko eta sarbide unibertsaleko baten aldeko borrokarekin dugun konpromisoa, eta borroka hori defendatzen dugun eredu sozioindikalaren barruan lehentasun gisa kokatzen dugula.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Beste lan heriotza bat garraio sektorean

Atzo, Hernanin, E.P.R. 57 urteko garraiolaria hil zen lan-istripu ez traumatikoan, Repsolek A-8an duen gasolindegian erregaia kargatzen ari zela. Hildako langilea Iruñeko Getze (Nafarroa) herriko Transportes Petrolíferos Coordinados SL enpresakoa zen. Heriotza honekin, dagoeneko 18 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.

Nafarroako ezkerreko alderdi eta sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen aurkako manifestua aurkeztu dugu

Nafarroa Garaiko EH Bildu eta Contigo Zurekin koalizio politikoek eta LAB, CGT, Steilas, Solidari, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen kontrako manifestua aurkeztu dugu gaur Iruñean. Manifestuaren sinatzaileok gogor salatu dugu azkenaldiko gorakada militaristan koxka bat gehiago igotzea ekarriko duen Europako Batasunaren berrarmatze plana. Sinatzaileok adierazi dugu Nafarroako langileek ez dutela behar ez bonbarik, ez tankerik, eskubide eta berme sozialak baizik, eta berretsi dugu Europako herriek bakearekin, subiranotasunarekin eta gehiengo sozialen eskubideen defentsarekin dugun konpromisoa.

Maiatzaren Leheneko aurtengo irakurketa eta Nafarroako mobilizazioen berri eman du LABek gaur Iruñean

LABek, Imanol Karrera bozeramailearen eta hogei militante baino gehiagoren bitartez, agerraldia egin du gaur Iruñeko Gazteluko Plazako kioskoan, sindikatuak aurtengo Maiatzaren Lehenari begira egiten duen irakurketa aurkezteko –gutxieneko soldata eta pentsio propioak lortzeko borrokan oso fokatua–, eta hiriburuan zein Tuteran Langileen alde esloganarekin eginen dituen mobilizazioen berri emateko.