2024-12-22
HomeEkintza SozialaEusko Jaurlaritzaren Etxebizitzaren Itun Sozialaren edukia eta forma kritikatu ditugu eta antisozialtzat...

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitzaren Itun Sozialaren edukia eta forma kritikatu ditugu eta antisozialtzat jo dugu

Gaur, Eusko Jaurlaritzak Etxebizitzaren Itun Sozialaren azken testua ezagutarazi du. Testu horrek datozen 15 urteetarako etxebizitzaren arloko politika arautuko du, eta ez dio erantzuten bizi dugun etxebizitza- egoera larriari.

LABek maiatzean izan zuen ekimen horren berri eta hasieratik, lan egiteko prest agertu gara, euskal langileek duten etxebizitzaren egoera zitalari aurre egiteko. Ikusmiran azken argitalpenean islatu genuenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langileek diru-sarrera garbien % 50 baino gehiago bideratzen dute alokairura; eta interes-tasen igoeraren eta, ondorioz, Euriborraren igoeraren ondorioz, urrian hipotekak 200 euro garestitu dira batez beste. Etenik ez duten etxegabetzeak eta metro karratua gero eta garestiagoa izatea eguneroko ogia dira, eta etxebizitza-arazoen benetako errealitatea erakusten dute.

Formari dagokionez, aipatzekoa da hilabete hauetan guztietan Eusko Jaurlaritzak online bilera bat baino ez duela egin, eta LABek galderak, kritikak eta iradokizunak egin zituela Ituna eraikitzeko prozesuaren hurrengo pausoei begira. Orduan aurkeztu genituen gure ekarpenak, baita idatziz ere, bileraren kontsulta eta ebaluazio epearen barruan. Ez dugu erantzunik jaso.

Eusko Jaurlaritzaren parte hartze eredua azken sei hilabeteotan egindakoan gauzatzen bada, zaila da Itun Sozial hau indarrean egongo den hurrengo 15 urteetan, gardentasunerako, parte-hartze sozialerako eta gobernagarritasun partekaturako duen gaitasunean sinestea.

Itunaren edukiari dagokionez, gure ustez, etxebizitza publikoa aberastasuna birbanatzeko eta etxebizitza eskuratzea bermatzeko tresna izateaz gain, hirigintza-plangintzaren eredua bera zalantzan jartzeko aukera izan daiteke eta izan behar du. Lurralde-plangintzak eta etxebizitza-politika publikoak periferizazioari, gentrifikazioari eta bereizketari aurre egiteko aukera eman behar dute, eta, horretarako, etxebizitza-politikak herri/hirien plan estrategikoei, zerbitzu publikoei eta etxebizitzakoei lotuta egon behar du. Etxebizitzaren eredu soziala eta jabetzaren funtzio soziala uztartuz. Alde horretatik, Itunaren testuak ez du ezer aipatzen.

Era berean, Gasteizko gobernuak aukera berri bat galdu du merkatu libreko etxebizitzen alokairua mugatzeko. Itunaren jarraipenerako aukeratutako adierazleetako batek ere ez du EAEko etxebizitzaren egoeraren aniztasuna eta konplexutasuna orekatzeko gai den metodologia intersekzionalik jasotzen, eta ez da proposatzen alokairu babestua eskatzen duten pertsonen kopurua jasotzen duen adierazlerik, sexuaren/generoaren, adinaren, jatorri/etniaren, indarkeria matxista jasan dutenen edo ama bakarreko familien arabera.

Gainera, nahiz eta Eustaten datuek erakusten duten aurtengo urrira arte 4.400 pertsona baino gehiago daudela EAEn etxerik gabe eta % 72,4 atzerritarra dela, ez dago horri buruzko aurreikuspen edo konpromiso zehatzik. Ez dago adierazlerik etxegabetzeak jasaten dituzten pertsonen kopuruarekin batera. Eraikuntza zibilaren sektorea maiz aipatzen da testuan, baina ez dago sektorean ugari diren lan-istripuen eta informaltasunaren berri ematen

duen adierazlerik ere. Ez da ezer aipatzen etxebizitza-merkatu tenkatuaren eremuei buruz, eta elementu hori aurreikusita dago, adibidez, Nafarroako etxebizitza-legean.

LABen ustez, etxebizitza-eskubidea arazo estrukturala da. Beraz, horri aurre egiteko, konpromiso politikoa behar da, elkarrekin lan egitea politika publikoak eta sozialak indartzeko. Benetako konpromisoa Euskal Herriko bizitzaren garestitzeari aurre egingo dioten eta tokiko eta nazioarteko enpresaburu eta higiezinen espekulatzaile handien onura ekonomikoari aurre egingo dioten politika bermatzaileekin. Itun honek ez die kontu horiei erantzuten.

LABek borrokan jarraituko du, antolaketa-tresnak sortzen eta proposamenak egiten etxebizitza izateko benetako eskubide subjektiboa bermatzeko, espekulazioarekin amaitzeko alokairu soziala lehenetsiz, parke publikoa zabaltzeko eta etxegabetze guztiak gelditzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...