2024-11-19
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakEusko Jaurlaritzak negoziazio kolektibo eskubidea ukatzen die langile publikoei eta Madrilekiko menpekotasunean...

Eusko Jaurlaritzak negoziazio kolektibo eskubidea ukatzen die langile publikoei eta Madrilekiko menpekotasunean alde bakarrez hartzen ditu erabakiak

Gaur Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak bere garaian alde bakarrez inposatutako 2019 urterako soldata igoeratik falta zen %0,25eko igoera onartu berri du. Gogoratu behar dugu soldata igoera hori Mahai Orokorrean gauden sindikatu guztien kontrako iritziaren aurka aurrera eraman zela; bere garaian salatu genuen bezala, Eusko Jaurlaritzak Madrilen onartzen diren neurriak zuzenean aplikatu besterik ez du egiten, negoziaziorako borondate izpirik agertu gabe.

Hau guztiaren erakusgarri Itzarrira bideratzen duen soldata portzentajearena da. Gobernuaren arabera, sindikatuokin hartutako konpromezu bati erantzuten dion neurria da. Errealitatea bestelakoa da ordea; espainiar legediak ahalbideratzen duen zirrikitu bat ahalbideratzen du aldebakarrez funts gehigarrien dirua Itzarri BGAEra bideratzeko, sindikatuon iritzia jakin gabe ere.

Argi dago, beraz, Eusko Jaurlaritzak ez duela bere jarrera aldatu. Negoziazio kolektiboari uko egin eta murrizketak leheneratzeko inongo proposamenik ez du egiten. Soldaten eremuan urteetan galdutako eros ahalmena berreskuratzeko borondaterik ez du erakutsi eta entzungor egin zion bere garaian LABk aurkeztutako proposamenari.

Harrigarria da, beraz, Erkoreka jaunaren hitzetan sindikatuoi “borondatea eta arduraz jokatzea” eskatzea entzutea. Harrigarria benetan, Gobernu honek negoziazio borondatea erakusten ez duenean, Madrilen erabakitzen dena sindikatuon iritziaren kontra zuzenean aplikatzen duenean eta LABk aurkeztutako hainbat proposamenen aurrean ezer esan ez duenean. Gure ustez Gobernuaren bozeramailea langile publikoez trufatzen ari da; sindikatuak txotxongiloak bezala erabili nahi ditu.

Ez dakigu sindikaturen bat bere jokoan sartzeko prest egongo den. LAB sindikatuan ez diogu azken urteetan izan ditugun aldarrikapenei uko egingo. Horietako bat langileek galdutako eros ahalmenaren berreskurapenerako plangintza bat adostearena hain zuzen. Bere garaian egindako proposamena berrestera joango gara hurrengo Mahai Orokorreko bilerara, guk arduraz jokatzen dugulako; langileekin arduraz hain zuzen.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako Barazki Kontserben sektoreko 10.000 langileen lan baldintzak duinduko dituen herrialdeko hitzarmena eskatu dugu

LAB sindikatuko hainbat kidek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Cadreitan (Nafarroa Garaia), Conservas Angel Ria lantegiaren aurrean, Barazki Kontserben sektoreko patronalari eta negoziazio mahaia deitzeko gaitasuna duten sindikatuei eskatzeko beharrezko negoziazioei ekin diezaietela Nafarroako hitzarmen sektorial propioa ezartzeko; hitzarmen horrek, zalantzarik gabe, 10.000 pertsona ingururen lan baldintzak duinduko lituzke.

Autobus gidariek komunera joateko eskubidea dutela aldarrikatzen dugu

Gaur, azaroaren 19a da, Komunaren Nazioarteko Eguna. Gaur oraindik ere, XXI. mendean, langile askok Euskal Herrian bertan, ez daukate lanean ari direla komuna erabiltzeko eskubidea. Horren adibide dira garraioko langile asko, euren artean, autobus gidariak.

SDA FACTORY-ri akordioa betetzeko eskatu diogu, eta hori ez egitearen arriskuez ohartarazi dugu Gasteizko Udalean

Gasteizko Udaleko txanda popularrean agerraldia egin dute SDA FACTORYko enpresa-batzordeko kideek, langileek bizi duten egoera arriskutsua zabaltzeko abiapuntu gisa. Ondoren, mobilizazioa egin dute udaletxearen aurrean, Gasteizko fabrika historiko hau behin betiko desagertzeak ekar ditzakeen arriskuak zehatzago salatzeko.