2025-04-23
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaEusko Jaurlaritzak galtzen duen enplegua ordezkatzeko asmorik ez duela onartu du, inolako...

Eusko Jaurlaritzak galtzen duen enplegua ordezkatzeko asmorik ez duela onartu du, inolako lotsarik gabe

Enplegu publikoarekin jokatzen ohi duen bezala, propaganda eta izenburu deigarrien atzetik utzikeria eta txapuza ezkutatzen du Eusko Jaurlaritzak. Atzoko Gobernu Bileran Administrazio Orokorrerako onartutako Lanpostu deialdiaren datuek eta balorazioek halaxe adierazten dute. Izan ere, argitaratutako oharrean harrotasunez jasotzen duen bezala, «…[1989an] orduan, azken aldiz, Eusko Jaurlaritzak 1.000 plaza baino gehiagoko oposizioak deitu zituen». Oraingoan 1.026 plazako deialdia atera du kapelatik, ohi bezala ere, sindikatuokin adostu gabe.

LABen aldetik argitasun gehiago ematearren honako datuak zehaztuko ditugu:

• Plantilla osoaren batez besteko adina 60 urtekoa da
• Behin-behineko langileak langileriaren erdia suposatzen dute (3.500 lanpostu)
• Behin-behineko langileen batez besteko adina 50 urtekoa da
• Behin-behineko langileen batez besteko antzinatasuna 15 urtekoa
• Administrazio Orokorrean egonkortasuna lortzeko 3.500 lanpostuko deialdia egin beharko zen

Agerraldian Jaurlaritzaren bozeramaileak interinoak ere erretiroa hartzen ari direla onartu zuen, bai eta behin-behinekotasun tasa eta batez besteko adin altuak ere. Kontua da interinitatea mantentzea beti izan dela eta izaten jarraitzen duela Jaurlaritzaren estrategia bat (malgutasuna, diziplina, pribatizazioak, amortizazioak…), eta orain kontran etorri zaio.

Onartu dituen neurri hauekin ezegonkortasunaren eta plantilla zahartzearen arazoak konpontzera datozela adierazi zuen batere lotsatu gabe. Are okerrago, langileoi barre egitea salatu nahi dugu. Izan ere, halako bidegabekeriari txapela jartzeko beste erabaki ponpoxo bat hartu zuen Jaurlaritzak, erretiroa hartzen duten langileentzat «urtero aintzatespen ekitaldiak» antolatuko ditu, enplegu publikoa nola desagertzen den ospatzeko, antza denez.

LABek berriro Enplegu Plan integral bat negoziatzea exijitzen dio Jaurlaritzari, eta Egonkortasun Lege propio bat presta dezala EAEko enplegu publikoaren eta ezegonkortasunaren arazoari irtenbidea emateko. Kanpoko epaitegien eta erakundeen menpe eroso, eta bere gelditasuna eta txapuzak propagandaren atzean estaltzen oso iaioa ikusten da.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak borrokan

Aurten Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena negoziatzen hasi ginen. Momentu honetan negoziazioa blokeatuta dago, Patronalek aurkeztu duten proposamena edukiz hutsa dagoelako. Alde batetik, igoera ekonomikoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren tarifetara baldintzatzen dituzte eta bestetik, sindikatuek planteatu ditugun beste aldarrikapen guztiei ezezko borobila eman diete. Argi geratu da berriro ere, patronalek ez dutela zaintza lanak duintzeko eta zerbitzua hobetzeko intentziorik.

Pasaiako Udalak udal haur eskola zerbitzua bertan behera uzteko hartu duen erabakia okerra da LABentzat

Prentsaren bidez jakin du LABek Pasaiako Udalak eskaintzen duen Lilitegia udal haur eskola zerbitzua bertan behera uztea erabaki duela, EH Bildu eta Podemosen bozkekin. Pasaiako haur eskola zerbitzu hau, lizitazio baten bitartez bertako ikastolak ematen badu ere, udal zerbitzu publiko bat da, hemendik aurrera Pasaiako jendearteak udaletik jasoko ez duena.