2025-04-02
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzak ez du inolako erantzukizunik eta konpromisorik Tubos Reunidos taldeko langileen...

Eusko Jaurlaritzak ez du inolako erantzukizunik eta konpromisorik Tubos Reunidos taldeko langileen etorkizunarekin

Tubos Reunidos taldeak Enpresa Estrategikoen Kaudimenari Laguntzeko Funtsari (SEPI) 115 milioi euroko erreskatea eskatu ziola jakin ondoren, PT eta TRI lantegietako LAB eta ESK-ren atal sindikalek bi batzordeetako gainerako sindikatuei helarazi genien Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Industria Sailei bilera bana eskatzeko proposamena.

Azkenik, eskaera horrek ez zuen gainerako sindikatuen babesa jaso eta ESK eta LABen izenean bakarrik egin ziren. Bi bilerak joan den astean egin ziren, eta ohar honetan gure ondorioak azaldu nahi dizkizuegu:

– Eusko Jaurlaritza jakitun da Tubos Reunidos taldearen ‘zailtasun-egoeraz’. Ez gatoz bat ustezko zailtasunen jatorriaren diagnostikoarekin, ezta horrek ekar ditzakeen ondorioekin ere.

– Azken aldian taldearekin hainbat bilera egin dituzten arren, ez dute ezagutzen ez ustezko Plan Estrategikoa, ez horrek langileengan izan ditzakeen ondorioak. Esan zigutenez, harremanak izango dituzte bai enpresarekin, Plana ezagutzeko, bai TR taldean ordezkaritza duten gainerako sindikatuekin, sentsazioak partekatzeko.

– SEPIri erreskatea eskatzeari dagokionez, argi utzi zaigu Eusko Jaurlaritzak ez duela borrokarik egingo diru hori kalitatezko lanpostuak mantentzeko berme-baldintzekin eman dadin.

– Eusko Jaurlaritzak EU Next Generation funtsetarako hautagai diren proiektuetan taldeak sinatutako proiektu bat sartu du beste siderurgia-talde batzuekin batera (Euskal Altzairugintzako Eraldaketa), proiektuaren edukiaren eta helburuen berri izan gabe.

– Enplegu Sailburuordeari eskatu diogu bere alderdiak (PSOE) Lan Erreformaren indargabetzearekin hartu zuen konpromisoa aurrera eramateko. Erreforma horri heldu dio patronalak lan-baldintzak kaleratzeko eta prekarizatzeko.

Bilera horien ondoren, egiaztatu dugu Eusko Jaurlaritzak ez duela inolako erantzukizunik eta konpromisorik Tubos Reunidos taldeko langileen etorkizunarekin. Enpresa hau guztiz estrategikoa da, bai Ezkerraldean, bai Aiaraldean. Lakuako gobernuak ez du ez planik ez estrategiarik. Datorrenaren esperoan daude, eta argi utzi zigutenez, modu erreaktiboan bakarrik jokatzen dute. Argazkietatik ekintzetara pasatzeko ordua da!

Bilera sorta honen ostean, LABek eta ESK-k argi daukagu langile gisa ezer gutxi espero dezakegula ez Eusko Jaurlaritzatik ez SEPItik. Baina gure indarra geure baitan datza; gure elkartasuna eta borrokarako gaitasuna ditugu. Adibide gisa, enplegu-erregulazioko espedientea iragarri zenetik Tubacexeko langileak mantentzen ari diren borroka dugu, bai eta Aiaraldean bizitza eta lan duinaren aldeko dinamikak ere. Argi dago erantzun horiek fruituak ematen dituztela gure batasuna mantentzen badugu, Productos Tubulareseko kideok 2018an erakutsi genuen bezala.

Tubos Reunidos talde mailan aktibatzeko unea dela uste dugu. Ildo horretan, TRI eta PTn presentzia duten gainerako atal sindikalei apirilaren erdialdean mobilizazio bat antolatuko dugu taldeak Bilbon dituen bulegoen aurrean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ausardia eta determinazioa eskatu dizkiogu Jaurlaritzari Confebask gutxieneko soldata propioa negoziatzera behartzeko

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia Imanol Pradales EAEko lehendakariarekin batzartu dira gaur gutxieneko soldata propioak duen garrantzia helarazteko. Herritarren gehiengoak babesten duen eskari honen alde inplikatzeko eta bere alde egiteko eskatu dio Aranburuk Pradalesi, Akordio Intersektorial baten negoziazioa bultzatuz eta gure errealitate sozioekonomikoarekin bat etorriko den gutxieneko soldata hemen ezarri ahal izateko Herri Ekimen Legegilea babestuz.

LABek salatzen du aparteko orduen ondorioz 21 lanpostu baino gehiago galdu direla TCCn

20024an, aurreko urtean baino 5 lanpostu gehiago galdu dira.

EAEko hezkuntza publikoko irakasleak bigarren faseko greba dinamiken bukaerara iritsi dira

9. greba egunak jarraipen zabala izan du eta hurrengo fasera pasatzea beste alternatibarik ez die utziko Hezkuntza Sailak, benetako negoziaziorik egon ezean.