2024. urtea hauteskunde urtea izan zen eremu batzuetan. Azaroan EHUko errektorea aukeratzeko hauteskundeak izan ziren, eta urtarrilaren amaieran lanean hasi zen Errektoretza talde berria. Guztiok dakigunez, ez dira gutxi EHUn konpontzeko arazoak eta aurrean dauzkagun erronkak.
Ikusiko dugu hurrengo hilabeteetan zein proposamen eta bide irekitzen diren hainbat egoerari aurre egiteko. LAB sindikatuak jarrera eraikitzailearekin ekingo dio garai berri honi, beti ere jarrera kritiko eta irmo batekin, bai langileen defentsan baita unibertsitate publikoaren defentsan ere. Irakasle eta ikertzaileen errektoreordeari zein gerenteari helarazi dizkiegu lantzeko gaien zerrenda eta egun hauetan lehenengo bilerak egiten ari gara. Gaien artean arduraldi partzialeko ordezko irakasleen egoera prekarioak lehentasuna dauka, besteak beste.
EHUn konpontzeko dauzkagun gai batzuk EHU barruan konpon daitezke. Izan ere, EHUko zuzendaritzaren esku dago egoera eta arazo batzuen aurrean jarrera bat edo beste izatea: jarrera itxia, parte-hartzea mugatzen duena, diskriminazio eta prekaritate egoerei ez ekiteko aitzakiak bilatzen dituena, edo arazoei aurre egiteko proposamenak egiten eta negoziatzen duena, langileak, ikasleak eta EHUko komunitateko eragileak entzuten eta kontuan hartzen dituena; sindikatuen bitartez langileek irabazitako sententziei helegiteak jartzen dituena, edo langileen eskubideak kolektibo guztietara zabaltzen saiatzen dena. Espero dugu bigarren jarrera horretara igarotzea EHUk eskumena daukan arlo guztietan.
2024an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ere izan ziren, eta sortutako gobernu berriak Unibertsitate esparrua Hezkuntza sailetik ateratzea erabaki zuen, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako saila sortzeko. Zortzi hilabete igaro dira sailburu berriak, EHUko errektorea izandakoak, kargua hartu zuenetik. Erabaki batzuk EHUren autonomiaren barruan badaude ere, beste batzuk EHUtik kanpo erabakitzen dira. Horietako batzuk, unibertsitate-ereduaren oinarrizkoenak, Espainiako Estatuko legeen bitartez ezartzen zaizkigu. Euskal Herriko langileoi dagozkigun erabakiak eta araudiak Euskal Herrian erabaki behar ditugu. Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu! Zentzu horretan, beste gai batzuen artean, irakasle-ikertzaile funtzionarioen transferentzia ezinbestekoa da. Unibertsitateko irakasle-ikertzaile zein TEKAZEL funtzionarioen oinarrizko soldatak Espainiako Estatutik ezartzen dira, eta horrek, neurri handi batean, IRI eta TEKAZEL laboralen soldatak ere baldintzatzen ditu.
Beste alderdi asko Eusko Jaurlaritzaren erabakien menpe daude: unibertsitate publiko zein pribatuei bideratutako finantziazioa, EHUko langileon soldatak, osagarriak eta beste lan-baldintza asko definitzen dituzten araudiak. Sailburu berriak mahai gainean dauzka aspaldidanik zaharkituta dauden araudi batzuk, pairatzen ditugun arazo batzuen iturria direnak. Bere esku dago 40/2008 eta 41/2008 dekretuen eguneratzea bultzatzea, non EHUko irakasle-ikertzailen figurak eta soldatak zehazten diren. 41/2008 Dekretuak, hain zuzen, lanaldi partzialeko ordezko irakasleen miseriazko soldatak ezartzen ditu, klase eta tutoretza orduez gain ezinbesteko aktibitateak gauzatzeko orduak kontuan hartu gabe. Gainerako irakasleen soldatak ere jasotzen ditu, unibertsitatean irakasteko eta ikertzeko beharrezko kualifikazio maila aintzat hartzen ez dutenak. Izan ere, EAEko bigarren hezkuntzako soldatak baino baxuagoak dira EHUko irakasle eta ikertzaileen oinarrizko soldatak. Ezinbestekoa da EHUko irakasle-ikertzaile eta TEKAZEL guztion oinarrizko soldatak igotzea, azken hamarkada eta erdian galdutako erosahalmena berreskuratzeaz gain. Horri lotuta, ezin da gehiago atzeratu irakasle-ikertzaileen osagarriak eguneratzea, 2006tik hona diru-kopuru berean mantentzen direnak, edo TEKAZELen lanpostuen birbalorazioak egitea. Horretarako, finantziazioarekin batera, borondate argia izan behar da. Orain arte Eusko Jaurlaritzatik erakutsitakoa kontrakoa izan da: osagarriak ez eguneratzeaz gain, azpijokoak erabili osagarrien deialdiak ekiditeko edota atzeratzeko. LABek behin eta berriro salatu ditu trikimailu horiek azken urteetan, komunikatu eta mobilizazioen bitartez zein gune instituzional ezberdinetan.
Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburu berriak Eusko Jaurlaritzaren ibilbideari beste norabide bat emateko aukera dauka. Hala ere, azken hilabeteetako bere adierazpen batzuk kezka handiz jaso ditugu. Abenduan Radio Euskadin egindako elkarrizketan kolokan jarri zuen USLOk 2030erako unibertsitate publikoetarako ezarritako BPGren % 1eko finantzaketa. Zifra horretara heltzea Espainiako Estatu mailako kontua dela adierazten zuen, EHUren finantzaketa nagusiko Eusko Jaurlaritzaren esku egongo ez balitz bezala. Gainera, gaur egun zein ehunekoa den galdetuta, euskal unibertsitate-sistemarako BPGren % 0,6 dela erantzun zuen. Kontua da, USLOk espresuki zehazten duela % 1 hori unibertsitate publikoetarako dela. Unibertsitate pribatuen finantzaketa publikoa ez da multzo horretan sartzen. Beste alde batetik, finantziazioaren igoera ikerketaren helburu zehatzak lortzearekin lotu zuen, EHUk dauzkan egiturazko behar nabariak alboratuta utzita. Izan ere, EHUko plantilla handitzea ezinbestekoa da (bereziki TEKAZEL/IRI ratioa handituz), bere potentziala areagotzeko eta euskal jendarteari eman behar dion zerbitzua bermatzeko. Aipatu dugun moduan, soldatak ere igo behar dira, kolektibo prekarizatuetan arreta berezia jarrita. EHUko eraikin, azpiegitura eta zerbitzu batzuek ere finantziazio nahikoa behar dute. Alabaina, ez dugu sumatu borondate argirik zentzu horretan. Oraindik ez dakigu ezer aipatutako % 1era heltzeko USLOk jasotzen duen sortu beharreko batzordeari buruz, bereziki Eusko Jaurlaritzari dagokiona.
Gakoa finantzaketa da. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak eta Diputazioek unibertsitate pribatu eta elitistei finantziazioa eta erraztasunak ematen dizkieten bitartean (Euneiz eta Gastronomy Open Ecosystem-i bidea eman ostean, EDA drinks & wine campus daukagu azken adibidea…), unibertsitate publikoa jaso beharreko finantzaketatik oso urrun dago.
Eredu elitista eta neoliberalen aurrean, EHU defendatzeko ordua da. Eusko Jaurlaritzaren esku dago azken hamarkadetako norabidea aldatzea. EHUko langile guztioi dagokigu aktibatzea eta borrokatzea gure lan-baldintzak hobetzeko eta euskal jendarteak behar duen unibertsitate publikoa lortzeko.