Justizia injustuaren aurrean, borroka da bidea.
Gipuzkoako Aldundiko hainbat kolektibotako kideok agerraldia egin dugu Donostiako epaitegi aurrean, epaitegietatik datorren euskararen aurkako oldarraldi honek denoi eragiten digula salatzeko, eta euskararen normalizazio prozesuan atzerapausorik onartuko ez dugula aldarrikatzeko.
Azken urte honetan eta, bereziki, oldarraldi juridikoa eta politikoa martxan jarri denetik zerbait argi geratu bada, honakoa da hori: euskararen behar soziolinguistikoak urratu egiten dira, eta, horrelakoetan, euskara eta euskaraz bizi eta lan egin nahi duen komunitatea da beti galtzaile ateratzen dena.
Marko juridikoaren betebehar nagusia normalizatu nahi den hizkuntza minorizatuaren aurkako erasoak ekiditea da, normalizazio prozesua nolabait babestea, hizkuntza minorizatua erabiltzen duen komunitatearen hizkuntza eskubideak bermatzea, baina oldarraldi juridikoak erakutsi diguna guztiz kontrakoa da. EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian bezalaxe, marko juridikoa euskararen normalizazio prozesua erasotzeko bitarteko bihurtu dute.
Geure buruari egin behar diogun galdera honakoa da: euskararen normalizazio prozesuak bizi duen bidegurutzean aurrera begira eman behar dugun salto kualitatiboa emateko eta euskarak dituen behar soziolinguistikoak asetzeko, nahikoa al da indarrean dagoen marko juridikoa? Garbi dago ezetz. Administrazioan hizkuntza eskakizunen inguruan ikusten ari garena ikusirik, marko legala aldatu beharra dagoela ebidentea da. Hori egin ezean, bidegurutzetik atzeraka abiatuko gara.
Administrazio publikoetan euskaldunok, euskaraz lan eta bizi nahi dugun langileok zein herritarrok, erdara erabiltzera behartuak gaude egunero Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, baina baita EAEn ere; Euskal Herri osoan. Horrek ondorio argia du: erdara prestigioz janzten du eta ezinbestekoa bihurtzen du, eta, bitartean, euskararen normalizazioa inposizio bihurtzen du, euskararen balio eta prestigio soziala eta politikoa suntsituz.
Azken erasoan, Gipuzkoako Foru Aldundian 100 lanpostu publikotarako euskararen eskakizuna baliogabetu duen sententzia plazaratu du epaitegiak. Horren ondorioz, Aldundiak beste bi prozesu ere geldiarazi ditu, eta hemen elkartu garenok ozen diogu Aldundian euskaraz lan egin ahal izateko aurrerapausoak eman behar ditugula oraindik, baita euskaraz zerbitzu guztiak eman ahal izateko ere. Beraz, atzeraka begiratu ere ez dugula egingo, aurrean baitugu etorkizuna.
Izan ere, non dago Justizia herri honetan? Noren esku dago Justizia? Zeinen zerbitzura ari da lanean? Eta Justizia injustua gutxi balitz, orain agintean dauden alderdi politikoak ere, PNV eta PSE, CCOOren laguntzaz, atzera egiten hasi dira. Bizkaiko Foru Aldundiak hizkuntza eskakizunen maila erdira murriztu du.
Bi hitzetan esanda, botere judizialak hizkuntza politikaren joko arauak aldatu ditu eta orain Aldundietan agintean dauden indar politikoek men egin diote, atzo bidezkoa zena gaur ilegaltzat onartuz eta hamarkadetako adostasuna hautsiz. Horrela, euskararenak eta euskaraz lan eta bizi nahi duen euskal komunitatearenak egin du. Ezin dugu euskaraz lan egin eta ezin dugu euskara bizi, demokraziaren izenean…
Ezin gara ibili erasoei aurre egiten bakarrik; aurrera egiteko garaia da. Errezeta berriak garatu behar ditugu, eskura ditugun tresnak baliatu eta, horiekin nahikoa ez bada, berriak sortu eta injustiziaren aurka borrokatu.
Katalunian eta Galizian posible denak hemen ere posible izan behar du: administrazioko langile publiko izateko bi hizkuntza ofizialak ezagutu behar dira. Eta hori gauzatzeko dagoeneko badugu euskal herritarron adostasun sozial zabala, gehiengo sindikalaren babesa eta lege bidez gauzatzeko gehiengo politikoa EAEn.
Ezin dugu amore eman. Langileak eta euskal jendartea aktibatu behar ditugu, euskararen eta euskaldunon kontrako eraso hau gelditzeko erantzun zabal bat bermatzeko. Jon Lopategi “Baltza” bertsolariak ondo esan zuen moduan, “herri libre bat iritsi, nahi badugu bihar etzi, benetan ziurrena den euskarari eutsi”.
Horregatik, dei egiten diegu alderdi politikoei herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituen zoru juridiko berri bat eman diezaioten euskarari. Ez dugu atzerapausorik onartuko. Bada garaia gure hizkuntzak bizi duen larrialditik indarraldirako jauzia emateko, pizkunde berri baten aroari bide emateko.
Euskaraz bizi nahi dugu eta horretara goaz.


