X. Biltzar Nagusia amaitutzat eman dugu Baiona-Miarritzen, Nazio Komite berria aukeratu ondoren, %94ko babes zabalarekin. Aurrera begira jarri gara bigarren egunean, sindikalismo eraldatzaile baten bidean. Haize berria da LAB, euskal sindikalismo berria. Egiteko beste modu bat erakutsi dugu Biltzar Nagusian, eta egiteko beste modu bat ere gauzatuko dugu aurrerantzean, koordinazio bikoitzarekin.
Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo izango dira sindikatuko koordinatzaile orokorrak, idazkari nagusi baten ordez. Bien arteko elkarrizketarekin biribildu dugu bi ostegunean eta ostiralean egindako biltzarra, “Bagara bagoaz” leloarekin.
Bagara. Eta, zer gara ba? “Pentsamenduari hitza eta hitzari ekintza jartzen diotenak gara. Anitzak gara. Langileak gara. Eta gure eskuek, gure lanak sostengatzen du bizitza”, gogoetatu du Garbiñe Aranburuk.
“Bai, gure lanak mugitzen du mundua, baina, era berean, egiten dugun lanaren kontura aberasten dira kapitalistak. Enpleguan eta zaintzan egiten dugun lan eskergari esker aberasten dira. Esplotazio horren kontzientziatik jaio zen sindikalismoa munduko txoko guztietan, baita Euskal Herrian ere. Nazioarte mailako klase borrokaren oinordeko da LAB”, adierazi du Igor Arroyok.
Euskal Herria independente, sozialista, feminista eta euskalduna sortzeko aukera zabalik dugu. Sustraiei sendo eutsita, adarrak zabaltzeko unea da, loratzeko eta fruitua jasotzeko unea da. Hortaz aritu gara egun hauetan zehar. Bizi dugun krisi sistemikoari aurre egiteko, erabaki berriak hartu ditugu. Etengabe birpentsatzen eta berritzen ari gara gure eredu sindikala. Ausardiaz, determinazioz.
Igor Arroyok azaldu bezala, LAB euskal langile ororen eskuetan jartzen dugun tresna da, “langile ororen lan eta bizi baldintza duinen aldeko borrokarako tresna. Ertzetan dauden langileak erdira ekarriko dituen sindikatua. Langile guztien sindikatua. Egoera salatzera mugatzen ez den sindikatua. Proposamenak egiten dituen sindikatua. Eraldatzaileak gara, bai. Euskal sindikalismo berria gara”.
Garbiñe Aranbururen hitzetan, etengabe, nabarmen hedatzen ari gara: “LAB zenbat eta sendoago, erabakigarriago, orduan eta indartsuago langile borroka, lantokietan eta kalean. Borroka ziklo berria abian jarri behar zela aldarrikatu genuen eta egin dugu. Enplegu suntsiketari muga jarri diogu. Zerbitzu publikoen eraispenari aurre egin diogu. Sektore feminizatuen borroka erdigunera ekarri dugu. Etxeko langileei zor zaien aitortza lortzeko bideari ekin diogu. Hamaika borroka piztu dugu Euskal Herria osoan zehar. Eta hamaika garaipen eskuratu”.
Borroka horiek guztiek, garaipen horiek guztiek, euskal langileok behar dugun eraldaketa sozial eta politikoa elikatzen dute. “Euskal Herrian posible egin dezagun, Parisen eta Madrilen ezinezkoa dena. Euskal Herrian posible egin dezagun premiazkoa den trantsizio ekosozialista eta feminista. LAB izango da horretarako akuilua. LAB izango da ezker independentismoaren erreferentzia sindikala. Euskal Errepublika aldarrikatzeaz gain, sindikalismotik ere Euskal Errepublika eraikitzera goaz. Euskal Lan Kodea, Euskal Gizarte Segurantza, euskal esparru sozioekonomikoa eskuratzera goaz. Bustitzeko prest gara, eta busti egingo gara”, zehaztu du Igor Arroyok.
Eta horrela bagoaz, sindikalismoari haize berria ematera. Ikusi eta ikasteko prestutasun osoarekin. Apaltasunez, baina harro. Bagoaz LAB euskal langile guztien etxe bihurtzera. Bagoaz diskriminazio orori aurre egitera. Bagoaz sindikalismo feministan sakontzera. Eta bagoaz, LAB sindikatu antirrazista bilakatzera.
Bagoaz, mugaren bi aldeetan, sindikalismo independentista zabaldu eta indartzera. Bagoaz lantokietan borroka eta greba gehiago antolatzera. Bagoaz borroka sozialetan murgiltzera. “Eta erronka hauei heltzeko, zuzendaritza sendo eta eraginkorra behar dugu. Kolegiatuagoa, feministagoa”, erantsi du Garbiñe Aranburuk.
Goiz hunkigarria
Biltzar Nagusiaren bigarren egunari gonbidatuen hitzartzeekin ekin diogu. EH Bai, EH Bildu, ELA, FSM… erakunde hauetako ordezkariek hartu dute hitza, besteak beste. Nazioarteko ordezkariek sinatutako adierazpen bat aurkeztu dugu ondoren; herrien autodeterminazioari buruzkoa, hain zuzen ere, Sahara eta Palestinako ordezkariek irakurrita. Nazioarteko emakumeen taldeak ere irakurri du beste adierazpen bat, emakumeen ahalduntzea ardatz.
Atsedenaldiaren ondoren, une hunkigarriak bizi izan ditugu, Musika, poesia eta dantza artean, LABeko emakumeei aitortza egin diegu, baita sindikatuko idazkari nagusi ohi Ainhoa Etxaideri ere.
Biltzar Nagusirako espreski osatutako bideoklipa proiektatu dugu ondoren; “Bella ciao” abestiaren euskal bertsioa, alegia. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyoren solasaldiaren ostean, Nazio Komite berria eszenatokian zela, abestia zuzenean interpretatu du bideoklipako abeslariak, bertaratutakoek lagunduta. Berriro ere, bagara, bagoaz!