2024-12-21
HomeEkintza PolitikoaEuskal presoen etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen-neurrien kontra mobilizatu gara

Euskal presoen etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen-neurrien kontra mobilizatu gara

2023 urte hasiera honetan, euskal presoek 35 urtez jasan behar izan duten urruntze-politikaren amaieran gaude. Hala ere, salbuespen politikek indarrean jarraitzen dute. Hori dela eta, sindikatuok mobilizazioa egin dugu Bilbon, epaitegien aurrean, “Etxera bidea gertu” lemapean.

LAB, ELA, UGT, ESK, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalderen oharra

Ia 35 urte luze igaro dira urruntze-politika indarren jarri zutenetik. Denbora horretan sufrimendu psikologiko, emozional, ekonomiko eta fisiko ikaragarria eragin du. Askok ezagutu ditugu Puerto edo Curtis, Castelló edo Fresnes. Sakabanaketa horrek astero ehunka kilometro egin behar izatera eraman gaitu, eta ondorio batzuk bereziki larriak eta itzulbiderik gabeak izan dira; nola ahantzi etenik gabeko joan-etorri horietan errepidean hil diren 16 pertsonak.

Baina egoera bortitz horrek euskal gizartearen parte garrantzitsu baten erantzuna eragin zuen; ideologiez harago, hainbat euskal herritar mobilizatu ziren presoen eskubideak ez ezik haien familienak ere urratzen zituen urruntze-politikari amaiera eman ziezaioten eskatzeko. Horrek esan nahi zuenaren jakitun izanik, hainbat lagunek besoz beso lan egin dugu, sufrikario horren bukaera helburu.

Eta bide horretan kokatzen dugu sindikatuok egin dugun lana. Guk ere, duela asko hartu genuen, kontsensu orokor horren atzean, pausu bat eman eta jarrera aktiboa izateko hautua. Hamaika mobilizazio orokorretan hartu dugu parte elkarrekin, eta azken urteetan hilero egon gara Moyua plazan euskal presoek bizi dituzten eskubide urraketak salatzeko.

Zorionez, 2023. urtearen hasieran urruntze-politikaren amaieran gaude.

Gaur berriz elkartu gara bide horretan. Lortutakoa nabarmendu nahi dugu, eta bidearen azkenera arte lanean jarraitzeko konpromiso irmoa erakutsi. Izan ere, oraindik bide luzea geratzen da aurretik.

Presorik gehienak Euskal Herrian daude, bai. Zama handia kendu dugu gainetik, baina salbuespen-politikak indarrean jarraitzen du. Horregatik, trabarik gabeko bide bat aldarrikatzen dugu, gradu-aldaketak eta espetxe-baimenak salbuespenik gabe ezar ditzatela; legeak dioena bete dadila, ez diezaietela presoei legez dagokien eskubiderik ukatu edo murriztu.

Helburu horrekin elkartzen jarraitu nahi dugu, egiazko bakea, egiazko bizikidetza lortzeko urratsak egin nahiak batzen gaitu.

Azken urteotan bezala Euskal Herritik lanean jarraitu behar dugu denok, etxerako bidea legeak dioenaren arabera gauza dadin.

Irudia moldatu dugu. Ez dugu maparik behar, baina, geziek erakutsi diguten bideari jarraikiz, Etxera Bidea Gertu mezua egia bihurtzen hasteko unea da. Irudi hau bazter orotara hel dadin nahi dugu, denok barnera dezagula, etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen-neurriei amaiera emanik.

Elkarrekin bidea egiten jarraitzeko, datozen ekaineko, iraileko eta abenduko hirugarren ostiraletan mobilizatuko gara Bilbon, Albiako lorategietan egingo ditugun elkarretaratzeetan. Lekua ere, egun oztopoak jartzen dabilen entzutegi nazionaleko fiskaltzaren jarrera eta honek dakartzan erregresioak ere salatu asmoz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...