2024-12-23
HomeEkintza PolitikoaEuskal presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko eskatu dugu hainbat sindikatuk eta alderdi...

Euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko eskatu dugu hainbat sindikatuk eta alderdi politikok

Iragan otsailaren 8an Etxerat elkarteak Donostian bilera bat egitera deitu zituen alderdi politiko eta sindikatuak, LAB barne. Bilera horretan honako hau planteatu nahi zen: “Espetxean dauden pertsona euskaldun presoek jasaten duten urruntzeari amaiera emateko premia eta, oro har, espetxe politikan oraindik indarrean dagoen salbuespen egoera gainditu beharraren premia”. Bildu ginenok Etxeratekin konprometitu ginen, hauteskunde garaiaren ostean, adierazpen publiko bateratu bat egingo genuela. Bada, emandako hitzari jarraiki, adierazpen bateratua aurkeztu dugu Bilbon, eta, hedabideen aurrean egindako agerraldian, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu izan da.

EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, ELA, LAB, UGT, CCOO, STEE, ESK, Hiru, Etxalde, EHNE, CGT eta CNT-ren ADIERAZPENA

Gaur komunikabideen aurrean aurkezten garen alderdi politiko eta sindikatuok pertsona euskaldun presoei Espainiako Gobernuak aplikatzen dizkien politikei buruzko gure azterketa eta balioespena ezagutarazi nahi dizkiegu Espainiako Gobernuari eta euskal zein nafar iritzi publikoari.

Sinatzen dugun alderdiok, euskal erakunde gehienetan eta sindikatu gehienekin askotan adostu ditugun adierazpenetan honako hau eskatu izan dugu: “Espetxeetako Lege Orokorrak aurreikusten duena bete dadila, askatasunaz gabetzen duten zigorrak bete daitezen norbere ingurunetik deserrotu gabe, birgizarteratzearen printzipioek adierazten duten moduan. Zentzu honetan, 2011 urtean ETAk jarduera armatua utzi zuenean irekitako denboraldi berriaren barruan honako hau adierazten dute: beharrezkoa dela beste espetxe politika bat, presoek beren gizarte eta familiako erroak dituzten lekuetatik urrun zigorrak bete beharra ekidingo duena. Politika berri horrek presoak bere familiarekin harremanak izatea erraztuko du eta adin txikiko seme-alaben ongizateari begiratuko dio, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuz”.

Covid-19ak eta konfinamenduak pandemia honek espetxeratuentzat dituen ondorioei buruzkoeztabaida ireki dute. Hilabete hauetan ugariak izan dira erakunde politiko eta sozialen ekimenak, nazioarteko erakundeen gomendioak jarraituz, Europatik, Madriletik, Gasteizetik eta Iruñetik eskaera hau egin dutenak: dagokien agintariek har ditzatela neurri espezifikoak pertsona presoei begira, haien osasun eta segurtasun baldintzak hobe daitezen eta hobera egin dezaten osasun krisialdiaren ondorioek bereziki ukitu dituzten legedi juridikoko eskubideek ere.

Zentzu honetan, bereziki garrantzitsua jotzen dugu 2020ko apirilaren 27ko Eusko Jaurlaritzaren proposamena, honako hau baieztatzen duena: “Espetxeetako Lege Organiko Orokorraren 12.1 artikuluaren arabera, Covid-19 izurritearen ondorioen testuinguruan eta osasun publikoa prebenitu eta babesteko helburuarekin, egitasmo orokor bat artikulatu behar da espetxeratu guztiak preso bakoitzaren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbilduak izan daitezen

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarteak bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustu garbia egin du. Hainbat modutako eta etengabeko eskaerak egin ditu, iraganeko logiken araberako espetxe politika behin betirako gainditu dadin.

Ondorioz, honako hau adierazi nahi dugu:

  • 2011tik irekita dagoen errealitateari jarraiki, Espainiako Gobernuari helarazten diogu Euskadiko Autonomia Erkidegoko gizartearen eta adierazpen honen sinatzaileen sostengu osoa, pertsona euskaldun presoei legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak ematea erabakitzen badu, aldatzear dugun iraganeko logiken araberako legedian oinarritutako egoera behin betiko gaindituz.
  • Espetxeetako Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetzea eskatzen dugu berriro ere, askatasunaz gabetzen duten zigorrak betetzean deserrotzerik gerta ez dadin. Askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duen espetxe politika bat ezinbestekoa jotzen dugu.
  • Premiazkotzat jotzen dugu egungo urruntze politikari amaiera ematea eta Covid-19aren egungo testuinguruan gure sostengua adierazten diegu honako egitasmo hau artikulatzera zuzendutako proposamen guztiei: espetxeratu guztiak orokorrean eta pertsona preso bakoitza, partikularrean, hurbil ditzatela beren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan birkokatzea dakar neurri horrek.
  • Helburu hau betetzeak modu erabakigarrian esku hartuko luke euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten eta aukera emango luke, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzen. 

Konpromiso hau gizarteratu eta ezagutarazteko helburuarekin, akordio hau aurkezten diegu: 

– Pedro Sánchez, Espainiako presidenteari eta Iñigo Urkullu, Lehendakariari;.

– Friendship elkarteari. 

– Euskal pertsona presoak aurkitzen diren Espetxeetako Zuzendaritzei.

Era berean, akordio hau Eusko Legebiltzarrari eta Euskal Autonomia Erkidegoko udaletxe guztiei bidaliko zaie, oniritzia eman dezaten eta modu horretara konpromisoa gizarte osora heda dadin. 

Amaitzeko, egoera hau jasaten ari diren pertsona presoen senitarteko eta adiskideei ezagutarazi nahiko genieke hartua dugun konpromisoa, aipatu helburua lortzen laguntzeko beharrezkoak diren urratsak ematekoa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...