Euskal presoen kaleratzea eskatzeko ekimenekin aurrera darrai LABek. Nazio Komitearen ordezkaritza zabal batek Usurbilera egin du bisita, preso ohiekin egoteko. Zenbait eskualdetik, berriz, elkartasun keinu gehiago etorri dira; Urola Kostatik eta Hego Uribe Arratiatik, kasu.
Euskal preso politiko ohiek ‘Kalera Kalera’ ekimena jarri dute abian, eta, dinamika horren baita, Usurbilgo plaza bilgune bilakatu dute joan den larunbataz geroztik, datorren urtarrilaren 8a arte bertan egoteko. Bada, LABeko Nazio Komitearen ordezkaritza zabal batek elkargunera egin du gaur bisita, presoen aldeko ekimenari babesa eskaintzeko.
Sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren hitzetan, “bisita honekin gure elkartasuna luzatu nahi diegu euskal preso politiko guztiei. Era berean, presoak etxean izan arte, lanean jarraitzeko eta borroka lantokietara zabaltzeko konpromisoa berretsi nahi dugu”.
Etxaidek Euskal Preso Politikoen Kolektiboak kaleratutako adierazpenari buruz hitz egin du, eta LAB eztabaida horretan laguntzeko prest dagoela nabarmendu du: “LAB prest dago eztabaida horrek eskatzen dituen giroa eta baldintzak sortzeko ekimenetan parte hartzeko. Babes osoa emango diegu presoek hartzen dituzten erabakiei, eta, erabaki horiek euskal eragile eta langileen artean zabaldu behar izanez gero, hemen dute horretan lagunduko duen sindikatu bat”.
Bestalde, euskal presoekiko elkartasun keinuak hainbat eskualdetik iristen ari dira egunotan, LABeko delegatuen eskutik. Durangaldetik iritsi ziren atzo, eta azken orduetan Urola Kostatik eta Hego Uribe Arratiatik ere heldu dira, datozen asteetan egingo dituzten mobilizazioen iragarpenarekin batera.