Sindikatuak protesta ekintza egin du Bilbon, SPRIren egoitzaren aurrean, Palestinarekin elkartasunez eta industria genozidioaren kontura egiten ari den negozioa salatzeko. Era berean, kezka erakutsi du armagintzan inbertitzea, ustez, merkatu aukera bikaina dela dioen argudioaren aurrean.
Europar Batasuna eta elite ekonomiko eta politikoak Europa berrarmatzeaz ari direnean, argi izan behar dugu ez dela aberastasuna berbanatzeko politika fiskala bultzatzen; aldiz, mugak militarizatzen jarraitzea eta armagintza industriako enpresei diru gehiago bideratzea nahi dute, politika sozialak murriztuz, zerbitzu publikoak ahulduz eta mundu mailako langile-klasearen prekarizazioan sakonduz.
Berrarmatze-politika hauek bake- eta elkarrizketa-kulturaren aurrean lehenesteak, ustezko defentsa eta segurtasunaren izenean, gerrak eta gatazkak areagotzea dakar, Palestina gordintasun osoz jasaten ari den moduan. Espoliazio, genozidio eta suntsiketa politika kolonialista hauek Gazan 50.000 pertsona hiltzea ekarri dute, 1,9 milioi pertsona indarrez lekualdatzea eta Gazako lurraldea guztiz suntsitzea.
Guzti horrengatik, LAB sindikatutik euskal eta europar politikek Gazako genozidioarekin eta Palestinako biztanleria bere lurraldetik kanporatzeko dauden asmoekin duten konplizitatea salatu nahi dugu. Premiazkoa da Israel behartzea su-eten bat aldarrikatzera eta horretarako sionismo genozidarekin dauden akordio eta lotura guztiak apurtu behar dira. Era berean nazioarteko komunitateari exijitu behar zaio konponbide integralerako beharrezko mekanismoak martxan jar ditzala, Palestinaren autodeterminazioa eta preso eta errefuxiatuen etxera bueltatzea bermatzeko.
Beharrezkoa eta premiazkoa da paradigma aldaketa integrala, baita euskal industria politikan ere, Europan indarrean dagoen belizismoaren aurrean. Funtsezkoa da ReArm Europe programa baztertzea eta Euskal Herritik, bake- eta elkarrizketa-kulturak bultzatzea gatazka politikoen konponbiderako mekanismo moduan.


