2025-04-01
HomeEkintza SindikalaEuskal Herriko eraldaketa prozesuaren aldeko apustua berretsi du LABek bere Biltzar Artekoan

Euskal Herriko eraldaketa prozesuaren aldeko apustua berretsi du LABek bere Biltzar Artekoan

Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren aldeko erresoluzioa onartu eta sindikalismo ekosozialistaren estrategian sakondu du.

Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrek LABeko zuzendaritzak aurkeztutako kudeaketa txostenaren inguruko azalpenak eman dituzte gaur Irungo FICOBA aretoan.

Igor Arroyok nabarmendu duenez, hazkunde prozesuari eusten diola heldu da LAB Biltzar Artekora: 50.000 afiliatuen langa gaindituta (%27ko hazkundea hamar urtetan), Hego Euskal Herriko ordezkaritza sindikalaren kasik %20 duela eta Ipar Euskal Herrian gero eta presentzia gehiagorekin. Ikuspegi kualitatibotik, hiru dira LABeko zuzendaritzak nabarmendu dituen gakoak; horietako lehena, borrokak artikulatzeko LABek egindako lanak emaitzak eman dituela eta ildo beretik borroka egiten jarraitu beharra dagoela.

Garbiñe Aranburuk azaldu duenez, azken urteetan borroka sindikalen loraldia izan da, sektorez sektore eta enpresaz enpresa hainbat greba eta mobilizazio izan dira. Borroka guzti horietan LABen ekarpena ezinbestekoa izan da, urtero 200 borroka ingurutan parte hartu dugu, gehienetan beste sindikatu batzuekin batera eta kasu askotan eragile sozialekin aliantzan.

“Enplegua defendatu eta soldatak eta lan baldintzak hobetzeko hainbat akordio lortu ditugu” adierazi du Aranburuk, “Negoziazio Kolektiboan LABek defendatutako bi tesien zuzentasuna frogatu da: batetik, borrokarik gabe ez dago hitzarmenik; bestetik, estatalizazioari aurre egiteko sektore mailako hitzarmenek garrantzia handia dute”.

Honela, borrokari esker, hitzarmen asko eguneratu dira eta negoziazio kolektiboaren estaldura maila handitu egin da, baina borrokaren bidez gainditu beharreko zenbait oztopok dirautela nabarmendu du Aranburuk: funtzio publikoan, soldatak eta kontratazio politika bertan erabakitzeko Estatuak ezarritako betoa; blokeatuta dirauten hitzarmenak, bereziki sektore feminizatuetan, zaintzari loturiko eremuetan; bertako hitzarmenik ez duten sektoreak, hala nola, kimikak, kolektibitateak edota enplegu zentro bereziak; eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen zaien sektoreak, hala nola, etxeko langileak.

Era berean, sektorekako borroketatik harago, langile guztientzako neurri orokorragoak ezartzeko beharra defendatu du eta defendatuko du LABek. Ildo honetan, Greba Feminista Orokorra izan du hizpide Aranburuk: “zaintza eraldatzeko beharra agerian utzi zuen mugarri historikoa izan zen eta, gainera, mugimendu feministaren eta hainbat sindikaturen arteko aliantza eratzea ahalbidetu zuen. Instituzioek gai hau nolako erraztasunez alboratzen duten ikusita, presioa mantendu beharra dago”.

Aranbururen esanetan, epealdi honetako beste ekimen garrantzitsua Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioaren alde abian jarritako ofentsiba da: “Gehiengo sindikalak, diferentzien gainetik, estrategikoa den gutxieneko soldata propio bat elkarlanean lantzeko lorturiko adostasuna azpimarratu nahi dugu. LABetik defendatu izan dugun moduan, adostasun orokorrak ezin badira, gai sektorialetan, tartean gutxieneko soldatarena, lortu ditzagun adostasunak”. Ildo honetan akordioen beharra hitzetik hortzera darabilen patronalaren itxurakeria salatu du Aranburuk eta, izan negoziazio mahaian esertzera behartuz, izan gutxieneko soldata ezartzeko eskumena eskuratuz, erronka hau bururaino eramateko determinazioa adierazi du.

LABeko zuzendaritzak nabarmendu duen bigarren gakoa, honako hau: langileontzat funtsezkoak diren gaiak agenda politikoaren erdigunean kokatzeko gaitasuna. Aranburuk adierazi duenez, “osasungintzan, etxebizitza politikan edota industrian ditugun arazoak mahai gainean daude. Orain, egoera honetara ekarri gaituzten politika publikoetan errotiko aldaketak beharrezkoak dira. Osasun sistema publikoa indartu behar da, etxebizitza eskubidea ziurtatuko duten politika publikoak behar dira, trantsizio ekosozialerako politika industriala bultzatu behar da. Irekiak dauden eztabaidak langileon parte hartzerik eta adostasunik gabe ixtea ez dugu ontzat emango. Horregatik oso argi dugu kontrabotere sindikalismoan sakontzen jarraitu behar dela, presioaren azeleragailua zapalduta mantentzea ezinbestekoa dela”.

Era berean, langileon beharrei erantzuteko politika publiko burujabeen beharra nabarmendu du Aranburuk. Ildo honetan, lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren aldeko erresoluzio bat onartu du LABeko Biltzar artekoak. Urratsez urrats, badiren eskumenak erabiliz nahiz erabakitzeko ahalmena zabalduz, Euskal Herrian bestelako eredu bat eratzea proposatzen da erresoluzio horretan.

Hirugarren gakoari erreferentzia egin dio Igor Arroyok: eredu sindikalaren berrikuntza. “Hedatzen ari diren balore kontserbadore eta erreakzionarioei aurre egiteko, sindikalismo borrokalari, feminista eta antiarrazista garatzea da gure apustua”.

Ildo honetan, hiru berritasun azpimarratu ditu Arroyok: lan eskubideekin egin bezala, etxebizitza eskubidearen alde ere sindikalismoa egiteko erabakia; 2022ko Biltzar Nagusian hartutako konpromisoa gauzatuz, I. Barne Plan Antirrazistaren onarpena; eta sindikalismo ekosozialista garatzeko Biltzar Artekoan egindako apustua.

Sindikalismo ekosozialistaren inguruko ariketa espezifikoa egin dute, hain zuzen ere, 500 biltzarkideek, 40 lan-taldetan banatuta. Jasotako ekarpenak bildu eta proposamen zehatza jarriko du mahai gainean LABek. “Datorren hamarkadan aldaketa sakonak egongo dira eta guk badugu aldaketa horien norabidea lehiatzeko determinazioa” adierazi du Arroyok “Bidezko trantsizio ekosozialaren alde borrokatzera goaz; hau da, energia iturrien eta ekoizpen ereduaren aldaketa, planetaren biziraupena bermatzeko, aberastasuna birbanatzeko eta langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko akuilu izatea nahi dugu”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko Hezkuntza Publikoko irakasleen greba egun arrakastatsua

Greba zikloaren 8. greba jarraipen zabala izan du. Milaka langile mobilizatu dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen egindako manifestazioetan.

Grebara deitu dugu Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetan apirilaren 9an eta 10ean, lehen hitzarmena lortzeko borrokan

LABek eta ELAk proposamen bat eman diogu Aldundiari, bere lehen testuari erantzuteko. Sindikatuok ez dugu onartuko langileen lan-baldintzak nabarmen hobetuko ez dituen hitzarmenik.

Lan ikuskaritzak arrazoia eman digu eta PEPSICO zigortu du 2023ko arazoaren 30eko Greba Feminista Orokorrean izandako jarrera dela eta

Dena LABek sartu genuen salaketa baten harira izan da. Honen arabera, frogatuta geratu da grebalariak ordezkatuak izan zirela.