2024-12-22
HomeEkintza SindikalaEuskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen jarraitzeko konpromisoa adierazi...

Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen jarraitzeko konpromisoa adierazi du LABek bere 50. urteurrenean

Mende erdiko historian lehen aldiz, 50.000 afiliatuko langa gainditu du LABek; osasuntsu eta indar betean da sindikatua

LABek bere 50. urteurreneko ekitaldia egin du Bilboko Euskalduna Jauregian, sindikatuko 400 kide eta hainbat gonbidaturen aurrean. Ekitaldian bost hamarkadetako ibilbidea izan dute hizpide, eta sindikatuko kidegoari aitortza egin diote, LABek 50.000 afiliatuen langa gainditu duela jakinaraziz. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrek elkarrekin egin dute ekitaldiko hitzartze nagusia.

Bertan, atzera begira jarri dira, egindako bideari erreparatuz eta baita aurrera begira ere, sindikatuaren erronka eta aukeretan arreta jarriz, “harrokeriarik gabeko harrotasuna” erakutsiz.

Horrela, sindikatuaren sorrera gogoratu dute: “duela 50 urte, langile abertzale talde batek jarri zuen gaur LAB denaren hazia”. Zuhaitz baten hazkundearekin konparatu dute sindikatuaren bilakaera. “Jarritako hazia ernaldu egin zen eta hazi horrek sustraiak bota zituen. Sustraiei sendo eutsita, adarrak zabaltzen ari gara orain, gure egitasmoa aberasten, zabaltzen ari gara”, adierazi dute.

“Nazio kontzientziaren hazia” ere aipatu dute, sindikatua frankismoan sortu zela gogoratuz. “Ezker Abertzaleak euskal nazio askapenerako egitasmoa birsortu zuen. Herri honen askatasunaren alde, diktadurari aurre egin eta bere onena eman zuen eta ematen ari da”, gaineratu dute.

“Klase kontzientziaren hazia” izango litzateke LABen sorreran eragin zuen bigarren elementua. Horrela, historian zehar eta lurralde desberdinetan esplotazio kapitalistari aurre egiten ari den Internazionalaren parte moduan kokatu dute LAB. “Esplotaziorik gabeko jendartea sortzea da gure anbizioa, bai Euskal Herrian baita mundu osoan ere”, zehaztu dute.

LABek “feminismoaren hazia” ere baduela gaineratu dute. Horrela, adierazi dute sindikatuak emakumeenganako* zanpaketa, diskriminazio eta bortizkeria oro ezabatu nahi duela, lan munduan zein jendartean. “Kapitala baino, bizitza nahi dugu erdigunean” aipatu dute, denontzako bizitza bizigarria aldarrikatuz.

50 urtean, LAB 50.000 afiliatu izatera iritsi dela adierazi dute, honetarako “formula sekretua militantzia” izan dela nabarmendu eta kidego osoaren ekarpena eskertuz.

Bere ibilbidean zehar LABek defendatutako ideietako asko euskal sindikalismoan nagusi bilakatu direla ere gogoratu dute, hala nola izaera soziopolitikoa, kontraboterea, independentismoa, sindikalismo feminista edota sindikalismo antirrazista. Izan ere, adierazi dute LABek ekarpen garrantzitsua egin duela sindikalismo eraldatzailea birpentsatu eta zabaltzeko, eta aurrerantzean ere horretan aritzeko asmoa agertu dute, “euskal langileen eta Euskal Herriaren mesedetan ortzimuga berriak irekitzeko laguntzeko”.

Sindikatua tresna moduan, eta ez helburu moduan ikusten dutela azaldu dute LABeko ordezkariek. Horrela, “Euskal Herriaren nazio askapena eta eraldaketa soziala sustatzea” jo dute helburutzat eta 50 urteotan egindako bidea oparoa izan dela adierazi dute. Alde batetik, “herri hau desagerrarazteko estrategia desberdinak indargabetu ditugulako”. Eta bestetik, “Euskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomo gisa eratu delako eta eratzen ari delako, bi estatuetako sindikalismoaren koordenada erabat desberdinetan”. Honekin lotuta, duela 30 urte herri honen historian mugarri garrantzitsu izan ziren Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko adierazpena eta manifestazioa gogoratu dituzte. Era berean, aipatu dute agenda propioarekin aritu dela sindikatua. “Euskal Herria helburu eta abiapuntu. Langileen lan eta bizi baldintzen aldeko borrokatik abiatuta, aldaketa sozial eta politikoak sustatuz”, nabarmendu dute.

Palestinako egoera ere hizpide izan dute, Estatu Batuek babestu eta Israelek gauzatutako genozidioa irmoki gaitsetsiz. Euren herria askatu arte ondoan izango dituztela adierazi diete Palestinako langileei.

Azpimarratu dute nazioarteko krisi ekologiko eta ekonomikoari aurre egiteko Euskal Herriak estatu tresnak behar dituela; euskalduntze prozesuari, trantsizio energetikoari edota osasun eta zaintza sistemei dagokienez politika burujabeak. Era berean, arlo soziolaboralean, LABek lan kode eta gizarte segurantza propioa aldarrikatzen dituela zehaztu dute, euskal langileen lan eta bizi baldintzak bertan erabaki ahal izateko.

Honetaz gain, azpimarratu dute Euskal Herriaren prozesu eratzailea eraldaketa sozialerako aukera eta bidea dela. Une honetan, bi estatuetan lurralde antolaketaren eta nazio aitortzaren auzia eztabaidagai dagoela gogoratuz, Euskal Herriko hiru lurraldeetan estatus juridiko-politiko berriak sustatzeko ordua dela adierazi dute, LAB honetan eragile aktibo izango dela nabarmenduz. Gaineratu dute sindikatuak erabakitzeko ahalmen osoa eskuratzea eskatuko diela estatus berriei lan eta bizi baldintzei dagokienez, hau da, euskal esparru soziokonomikoa eta lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa eratzea.

Europan eskuin muturra indartzen ari dela ere onartu dute, baina nabarmendu dute estaturik gabeko hainbat naziotan, Irlandatik hasi eta Euskal Herriraino, ezker subiranismoa ari dela indartzen alternatiba gisa.

Bestalde, azpimarratu dute Euskal Herrian badagoela bestelako politika publikoak eskatzen dituen esparru sozial, sindikal eta politikoa, eta gehiengo zabalak bat egiten duela eraldaketa sozialaren aldeko aldarriekin eta herri honen erabakitzeko eskubidearekin. Honekin lotuta, orain arteko errezeta neoliberalak eta patronalaren neurrira egindako kudeaketa instituzionala auzitan daudela ere adierazi dute. “Langile jendeak agortua dagoen ziklo politikoari agur esan eta alternatibak nahi ditu”, gaineratu dute.

Eta alternatiba posiblea dela zehaztu dute: “Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan ere aldaketarako aukera parez pare irekia dago”. Honetan sakonduz, gaineratu dute ezkerreko independentismoa dela eredu aldaketa sustatzen ari den erreferentzia, lantokietan, kalean nahiz instituzioetan.

Eremu bakoitzaren autonomia aintzat hartuta burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren norabidean bultza egiteko unea dela adierazi dute: “aldaketarako agenda partekatua bultzatzeko unea, herri langilearen alde, kapitalari eremu guztiak, lantokiak, kaleak eta baita instituzioak ere lehiatzeko unea”.

Kapitalaren boterea lehiatzearen beharra ere aipatu dute, LABek bere sorreratik berezko izan duen kontrabotere sindikalismoaren erreferentziari eutsiz. Hala ere, erresistentziatik harago joan beharra azpimarratu dute: “Kontraboterea egiten dugu, herri boterea eratzen laguntzeko, nazio askapenean eta eraldaketa sozialean aurrera egiteko”.

Amaitzeko, sindikatuaren konpromisoa nabarmendu dute Aranburu eta Arroyok: “langileon antolakuntza eta borrokaz, Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen jarraitzea”, horretarako, sindikatuarekin kidegoa bidelagun izango dutela azpimarratuz.

LABen historiaren inguruko dokumentala
Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorren hitzartzeaz gain, beste interbentzio batzuk ere egon dira ekitaldian, Rafa Diez eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusi ohienak, besteak beste. Ekitaldiaren amaieran, LABen historiari buruzko dokumentala proiektatu da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...