2024-12-22
HomeErrepresioaEuskal Herrian murru demokratiko sendo bat altxatzeko unea da, Altsasuko basakeriaren aurrean

Euskal Herrian murru demokratiko sendo bat altxatzeko unea da, Altsasuko basakeriaren aurrean

Elkartasuna eta besarkadarik estuena helarazi nahi diegu gazte altsasuarrei eta haien senideei. Gure deia, halaber, altsasuarrei, nafar jendarteari eta euskal herritar guztiei, basakeria honi herri mobilizaziotik erantzun irmoa ematera. Altsasun bertan dugu horren adibide txalogarria. Dei egiten diegu ere Nafar Gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari, injustizia honen aurrean erantzun irmo bat eman dezan.

Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak 62 urterainoko espetxe zigorrak eskatu ditu Altsasuko auzipetuentzat; lesio terroristak egozten dizkie, eta launa delitu leporatu, bakoitzari. Zalantzarako tarterik gabe, basakeria politiko eta judizial hutsa da fiskalatzaren eskaera. Honen aurretik, kezka handiz hartu genuen auzia Iruñeara bideratzea ukatu eta Audientzia Nazionalaren esku mantentzeko erabakia, eta orain, gure susmorik txarrenak berretsi egiten dira, fiskalaren zigor eskaerarekin.

Kolpe antidemokratiko izugarria da gazteentzat, haien familia eta lagunentzat zein Altsasuko herriarentzat. Jendarte zibiletik, eragile politiko, sozial eta sindikalon eskutik, baita eremu instituzionaletik ere, ahots ugari izan gara behin eta berriro justizia, demokrazia, proportzionaltasuna eskatu dugunak. Audientzia Nazionalak, baina, fiskaltzaren eskutik, desproposito honekin erantzun du.

Jai giroan sortutako liskarra, terrorismo delituaren akusazioa eta 62 urterainoko espetxe zigor eskaera. Gutxieneko berme eta joko arau demokratikoak sustraituak dituen herrialde batean pentsaezina litzatekeena, guztiz posible da Espainiar Estatuan, horretarako ditu salbuespenezko tribunalak, horretara bideratuak, Estatu aparatuak, politikoak, judizialak, polizialak.
Auzi honen larritasuna azpimarratu nahi dugu, eta salatu, hasieratik eman zaion erabilera politikoa. Baita estrategia horretan erabakigarria izan den bulkada eta manipulazio mediatikoa ere, komunikabide unionisten aldetik. Maniobra polizial, mediatiko, juridiko-politiko erabatekoa da 8 gazte altsasuarren etorkizuna jokoan jarri eta eta herri oso bat kriminalizatu duena.

Elkartasuna eta besarkadarik estuena helarazi nahi diegu gazte altsasuarrei eta haien senideei. Gure deia, halaber, altsasuarrei, nafar jendarteari eta euskal herritar guztiei, basakeria honi herri mobilizaziotik erantzun irmoa ematera. Altsasun bertan dugu horren adibide txalogarria. Dei egiten diegu ere Nafar Gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari, injustizia honen aurrean erantzun irmo bat eman dezan, eta bere bitarteko guztiekin eragin, gazteen askatasunaren alde, eta Estatuko indar polizial eta militarren okupazioarekin amaitzeko. Gure herrian abian dugun garai berriari tresna eta estrategia zaharrekin erantzuten jarraitzen duen Estatua bera da orain armagabetu behar dena.
Eraiki dezagun, herriaren bulkadaz eta eragileon inplikaziotik murru demokratiko sendo bat Euskal Herrian, Madrildik datozen eraso zibil eta politikoei, eraso antidemokratiko guztiei bidea mozteko.

Gazteak Altsasun nahi ditugu, gurekin behar ditugu, libre!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...