“Lan osasun eskubidea egunero urratzen da, argazkia gordina da”, adierazi du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak sindikatuak 2022ko lan istripuei buruz osatu duen txostena aurkezteko asmoz gaur goizean egindako agerraldian. Iaz 69 pertsona hil ziren lanean Euskal Herrian, eta laneko gaixotasunen ondoriozko heriotzak 276 inguru izan direla kalkulatu dute.
“Egoera honek langileok bizi dugun krisi ekosozialarekin eta bizi baldintzen prekarizazioarekin lotura zuzena du”, azaldu du Aranburuk. Bada, ezinbestekotzat jo du langileen ekarpena aintzat hartzea, lan istripuak zergatik gertatzen diren aztertzea eta laneko gaixotasunen arrazoietan arreta jartzea; izan ere, lan osasun galera horiek ekiditea lehentasuna izan beharko litzatekeela uste du, gaur-gaurkoz gertatzen ez dena: “Langileon bizitzak beraien irabaziek baino balio txikiagoa du enpresarientzat”. Hala, prekaritatea mugatu eta prebentzio arloan inbertsioak egitearen premia aipatu du LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak.
Gainera, 2022. urtean gertatutako istripu hilgarriak ekiditea “oso erraza” zela nabarmendu du Aranburuk: “Arriskuen azterketa sakonik eta prebentzio plan mardulik gabe, oinarri-oinarrizko prebentzio neurri errazekin, erdia baino gehiago murriztu zitekeen hildako kopurua”.
Sektorerik hilgarrienak identifikatuta
LABeko Lan Osasuneko idazkariak, Inko Iriartek, iazko urteak utzitako datuak xehatu ditu agerraldian. Bada, azpimarratu du proportzioan basogintza sektoreak marka guztiak hausten dituela. Jardun hori sailkapenean bigarren den eraikuntza arloa baino “15 bider hilgarriagoa” da. Aipatutako azken sektore horren kasuan, eraikuntzarenean, 20 pertsona hil ziren lanean zebiltzala, gehien-gehienak altueratik erori izanaren ondorioz. Industriak, berriz, 22 hildako eragin ditu, eta kolpeak nahiz harrapaketak dira arrisku faktore nagusiak sektore horretan. Azkenik, laugarren postuan garraioa dago, zeinetan 9 behargin hil diren lan istripuz, horietatik 6 ez traumatikoak. “Honek laneko arrisku faktore hau azalarazten du, zeinetan estresak, lan eredu sedentarioak, lanaldi luzeek eta, finean, bizitza osasuntsua eramatea eragozten duten lanak ere hil egiten duten”, azaldu du Iriartek.
Sindikatuak darabiltzan zifrak datu ofizialek erakusten dituztenak baino handiagoak direla nabarmendu behar da; izan ere, LABek ez die sinesgarritasunik aitortzen, “mutualitateek ekoitzitako datu interesatuak” direlakoan.
Laneko gaixotasunei erreparatzeko beharra
Istripuez harago, dena den, sindikatuak azpimarratu nahi izan du prekaritateak gaixotu egiten duela, eta horrek ere heriotza izan lezakeela ondorio gisa. Beraz, ez traumatiko gisa izendatutako heriotzen arrazoiak ikertu beharko liratekeela uste du. “Prekaritateak, soldata baxuek, lanaldi luzeek, laneko presek, estresak…. bizitza osasuntsua eramatea eragozten dute, eta honek lotura zuzena du lantokien barruan edo lantokitik kanpo gertatzen diren lanari loturiko hainbat heriotzekin”, azaldu du Garbiñe Aranburuk. In itinere kasuetan ere, “mugikortasun beharrak” edota “lanaldi luzeek sorturiko nekeak” duten zerikusia aztertu behar dela iritzi dio.
Sindikatuak ezin izan du laneko gaixotasunen eraginaren gaineko azterketa zehatzik egin, askotan eskatu badute ere, ez baitako halakoen erregistrorik. “Errealitatea ezkutatzeko asmo argia” ikusten du horren atzean Aranburuk, eta salatu du lantegiek ez dutela langile horiekiko ardurarik hartzen, ezta prebentzioa jorratzen ere.
Prebentzioan sexu-genero aldagaia aintzat ez hartzea ere gaitzesgarritzat jo du sindikatuak: “Sektore feminizitatuetako laneko gaixotasunak, zeregin errepikakorrekin lotuak, sistema muskulo eskeletikoari eragiten diotenak eta zaintza bezalako eremuetan ari diren emakume* langileen arrisku psikosozialak ez dira kontuan hartzen”. Bestalde, zaintza arduren zama nagusia oraindik ere nagusiki emakumeen gain jartzen denez, “lanaldi bikoitz” horiek osasunean duten eragina ere aipatu dute aurkezpenean. “Lan batzuek hil egiten dute eta beste batzuek ez digute duin bizitzen uzten”, adierazi du Aranburuk.
Patronalaren eta instituzioen erantzukizuna
LAB sindikatuaren ustez, patronala “legalki zigorgabe” sentitzeak ahalbidetzen du egungo egoera, baita instituzioen “utzikeriak” ere, azken hauek ez baitute dagokien ardura bereganatzen: “Ez dago Lan Ikuskari nahikorik, ez dago inolako neurririk zigortuak izan diren enpresekiko, ez dute patronala interpelatzen prebentzio neurriak har ditzan eskatuz”.
Horren erakusletzat daukate mutualitateek jokatzen duten rola. Azken boladan, osasun sistema pribatizatzearekin batera, geroz eta eskumen gehiago eman zaizkiela salatu du sindikatuak. “Mutualitateen egitekoa ez da enpresei prebentzioan laguntzea, enpresei kostuak murriztea baizik”, adierazi du Garbiñe Aranburuk, gaineratu duelarik, besteak beste, bajak kontrolatzen eta laneko istripuak eta gaixotasunak ezkutatzen jardun ohi dutela.
Sindikatuaren lan ildoak
Hori guztia ikusita, aurkezpenean berretsi dute LABek bere azken Biltzar Nagusian erabakitakoen ildotik tiraka jarraituko duela lanean sindikatuak. Hala, prekaritatea borrokatu eta heriotzak nahiz gaixotasunak aztertzeaz batera, neurri eraginkorrak eskatzeko ekintza sindikala areagotzeko asmoa adierazi dute. Horrez gain, lan osasunari lotutako problematikak ikusarazi eta salatzen jarraituko dute eta, aipatu bezala, mutualitateen hedapenaren aurkako eta osasun sistema publikoaren aldeko borrokan ere bai. Azkenik, insituzioak interpelatuko dituztela jakitera eman dute; asmo horren baitan, Osalanera zein Nafarroako Osasun Publikoaren Institutura prebentzio plan eraginkorrak eskatzeko proposamenak eramango dituzte.