2024-12-18
HomeEkintza SindikalaEuskal Herrian kontrabotere sindikalismoa osasuntsu badago ere, erronka estrategikoei heltzeko beharra nabarmendu...

Euskal Herrian kontrabotere sindikalismoa osasuntsu badago ere, erronka estrategikoei heltzeko beharra nabarmendu dugu

Lau erronka estrategiko nabarmendu ditu Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak: sindikalismoan ere belaunaldien arteko erreleboa bermatzea, langile migratuak antolatzeko ahalegin espezifikoa egitea, eremu berriak sindikalizatzea eta estatalizazioa indargabetuko duen estrategia subiranista garatzea.

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak —2016an argitaratu zuen lehena—, 2016 eta 2023 arteko eboluzioaz. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute gaur LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Ipar Hegoako Edurne Larrañagak.

Larrañagak azterketaren datu mamitsuenak aipatu ditu:

  1. Jendartean izan diren aldaketa demografiko berberek eragiten dute lan merkatuaren konfigurazioan; nagusienak, zahartze objektiboa eta migranteen presentzia esanguratsua.
  • 45 eta 64 urte arteko langileak dira lan merkatuan proportzionalki gehien handitzen ari direnak. Zehazki, 55 urtetik gorakoak %10 izatetik %23 izatera pasatu dira azken 25 urteetan.
  • Espainiako Estatutik kanpo jaiotako langile kopurua handitu egin da, eta horietako gehienak aktibo moduan daude. Lan merkatuan %10 izatera iritsi dira.
  1. Marko juridikoak langileen lan eta bizi baldintzetan eragina du. Estatalizazioaren bidez, euskal langileak pobretu egin dira.
  • Hego Euskal Herriko greben intentsitatea Espainiako Estatukoa baino nabarmen handiagoa izan da: 2023an, kasurako, 10.000 soldatapeko bakoitzeko 3,39 greba egin ziren Hego Euskal Herrian; Espainiako Estatuan, aldiz, 0,43.
  • Soldatapeko langileen %85 hitzarmen kolektibo baten babespean dago Hego Euskal Herrian (gizon eta emakumeen* arteko aldea murriztuz). Lan hitzarmenen ezaugarrietan dago kezkarako iturria:
    • Urte bakoitzean indarrean dauden hitzarmenak kontuan izanik, 2012an baino 51.248 langile gutxiago daude EAEn erregistraturiko hitzarmen baten babespean 2023an. Aldiz, 44.641 langile gehiago daude estatu mailan erregistraturiko hitzarmen baten babespean.
  1. LAB sindikatua Hego Euskal Herriko bigarren sindikatua da, ordezkaritzaren %19,6arekin. 2016tik %1,6 puntuko igoera izan du.
  • Hala ere, babes sindikal eta kolektiboaren gabezia oso larria eta sistemikoa da: eskubide aitortua izan arren, langileen %41,7 dago oraindik eskubidea egikaritu gabe. Legeak ez du inolako esku-hartzerik zehazten.
  1. Sindikalizazio maila handia duen herria gara: populazioaren 10etik 4 sindikatu batean afiliatuta dago edo egon da uneren batean.
  1. LAB da, sindikatuak ezagutzen dituzten eta sindikalismoarekiko gertutasuna duten langileen artean, begikotasun eta atxikimendu gehien sortzen duen sindikatua.

Aipatutako datuak kontutan hartuta, Arroyok nabarmendu du Euskal Herrian sindikalizazio maila handia dela eta sindikatuek lan harremanetan esku hartzeko gaitasun esanguratsua dutela. Frantziako Estatuan eta bereziki Espainiakoan sindikalismoak giharra galdu du, baina Euskal Herrian botere sindikala handiagoa da proportzioan. Arroyoren aburuz, elkarrizketa sozialaren aldeko apustua egin duen sindikalismoak porrot egin du bi estatuetan eta, aldiz, kontraboterezko sindikalismoak arrakasta izan du Euskal Herrian: “Euskal Herrian badago borrokarako gaitasuna duen gihar sindikala eta indar horri eutsi egin diogu, sindikatuak indargabetu eta desprestigiatzeko saiakerak garaituz. LABen ekarpena ezinbestekoa izan da horretarako: Euskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomo gisa eratzen lagundu duelako eta euskal sindikalismoaren koordenadak aldatu egin dituelako, honako nortasun ikur hauen arabera: kontraboterea, izaera soziopolitikoa, independentismoa, feminismoa, antirrazismoa, ekosozialismoa”.

Halere, lau erronka estrategikori aurre egiteko beharra adierazi du Arroyok. Lehenengoa, sindikalismoan ere belaunaldi ordezkapena bermatzea: “datozen urteetan sindikalista ugarik hartuko dute erretiroa; erretiratuta ere afiliazioari eutsi eta pentsiodunek ekarpena egiten jarrai dezaten lortzearekin batera, belaunaldi berriak sindikalizatzea funtsezkoa da”. Era berean, emakumeen* afiliazio tasa igotzen ari bada ere, helburu horretan indar egiten jarraitzeko beharra nabarmendu du.

Bigarren erronka, langile migratuak antolatzeko ahalegin espezifikoa egitea: “gero eta gehiago dira beste herrialde batzuetatik, hamaika oztopo gaindituta, Euskal Herrira etorritako langileak. Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile hauei guztiei harrera egitea eta pairatzen duten diskriminazioen kontra aktiboki borrokatzea”. Ildo horretan, LABek Idazkaritza Antirrazista sortu eta lehen barne plan antirrazista abian jarri izana balioan jarri du Arroyok.

Hirugarren erronka, berriz, eremu berrriak sindikalizatzea da. Ildo horretan, azken zazpi urte hauetan ordezkaritza sindikala duten langileen kopurua hazi izana positiboa bada ere, Arroyok honako gogoeta hau pausatu du: “ordezkaritza sindikala izatea oinarrizko eskubidea bada, nola da posible euskal langileen artean kasik erdiak ez izatea ordezkaritza sindikalik? Batetik, Patronalak sindikalizazioari jartzen dizkion oztopoen ondorio da. Eta bestetik, hauteskunde sindikalak sustatu eta babestu beharko lituzketen EAE eta Nafarroako Gobernuen utzikeria ikaragarria da”.

Azkenik, lan harremanen estatalizazioa hartu du hizpide Arroyok: “Borroka askori esker, bertako hitzarmenen lehentasuna berrezartzea lortu dugu eta hitzarmen ugari desblokeatu; baina, 2012arekin alderatuta, euskal langile gutxiago daude orain bertako hitzarmen baten pean. Bertako hitzarmen berriak sortzeko, lanbidearteko gutxieneko soldata bertan ezarri ahal izateko eta, oro har, lan harremanetarako esparru propioa eratzeko estrategia subiranista indartzeko premia dugu”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur Eusko Jaurlaritzak ahoa beteta baina zehaztasunik eta lotsarik gabe iragarri du lanpostu publikoen eskaintza berezi bat

Hogei egun igaro dira EAEko Mahai Orokorraren bilera egin zela, non sindikatuok beste behin ere enplegu publikoa negoziatzearen beharra errepikatu genuen, eta betiko begirune faltarekin, inoiz iristen ez den “hurrengo baterako” gelditu zen.

Ekialdebuseko langileek greba egingo dute, lan baldintza duinen eta kalitatezko garraio publikoaren alde

Oarsobidasoa eskualdea Donostiarekin lotzen duen Ekialdebus autobus zerbitzuko langileek grebara deitu dute abenduaren 21ean, 24an eta 31n. Izan ere, autobus-erabiltzaileen kopurua azken 10 urteetan...

Grebara joko dugu EAEko hezkuntza publikoan, lan baldintzak hemen eta orain erabaki ditzagun

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuok grebara deitu ditugu hezkuntza publikoko langileak. EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde bera mantentzen du: hezkuntzako langileen lan baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak alde bakarrez hartzen jarraitzen du eta negoziazioak eduki esanguratsurik gabe luzatzen ditu. Horren aurrean, grebara jo beste aukerarik ez zaigu geratu.