2024-12-27
HomeNazioartea IdazkaritzaHarremanakEuskal Herrian izan da CETIM, gurekin biltzeko

Euskal Herrian izan da CETIM, gurekin biltzeko

Genevako (Suitza) CETIM erakundea etorri zaigu bisitan Euskal Herrira, LABek gonbidatuta. CETIM (Centro Europa- Tercer Mundo) ikerketa eta argitalpen zentro bat da, 1970. urtean sortua, eta Ipar-Hegoa arteko harremanetan lan egiten du. Nazio Batuen Erakundean (NBE) parte hartze aktiboa du, beti ere eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak defendatu eta sustatzeko helburuarekin, baita garapenerako eskubidea ere. Hego eta Iparreko mugimendu sozialen proposamen eta analisiak zabaltzeko zubi-lana egin ohi du. Gaur egun, CETIM zeharo murgilduta dago enpresa transnazionalen inpunitatearen aurkako borrokan. Hain zuzen ere, itun bat bultzatu nahi du Nazio Batuen Erakundean, giza eskubideak eta herrien eskubideak errespeta daitezen, enpresa transnazionalen interes ekonomikoen gainetik. Lan horretan ari dira orain, eta eginbehar hori dela-eta izan dira Euskal Herrian.

CETIMeko zuzendari eta Giza Eskubideen Programako arduradun Melik Özden eta Giza Eskubideen Programako eta Komunikazioko kide Raffaele Morgantini izan dira gurekin, otsailaren 23 eta 24an. Lehen egunean, arlo sozioekonomikoko LABeko ordezkari Bea Martxueta, Urtzi Ostolozaga eta Txomin Lorcarekin bildu dira. CETIM zer den eta zein helburu dituen azaldu dute bileran, eta, batez ere, osatu nahi duten itunari buruzko xehetasunak eman dituzte. Bigarren egunean, LABeko Batzorde Exekutiboarekin bildu dira, eta, lehen eguneko gogoetaren harira, sindikatuen ekarpenaren garrantziaz aritu dira, enpresa transnazionalen aurkako borrokaren baitan.

Bisita hau oso interesgarria izan da hainbat arrazoirengatik. Nazio Batuetan garatu nahi duten itunari buruzko nondik norakoak ezagutu ditugu bertatik bertara, eta, aldi berean, gogoeta egin dugu sindikatuok borroka horretan bete behar dugun paperari buruz. Gure iritziz, sindikatuok paper garrantzitsua dugu, langile klasea baita enpresa transnazionalen botere eta inpunitatearen ondorioak pairatzen dituena.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.