2025-03-27
HomeEkintza SozialaEuskal Herriak Kapitalari Planto Osakidetzaren pribatizazioaren aurka mobilizatuko da

Euskal Herriak Kapitalari Planto Osakidetzaren pribatizazioaren aurka mobilizatuko da

Martxoaren 31n mobilizatuko da Bilbon, 11:00etan, Areilza Doktorea kaleko anbulategiaren aurrean.

EH Kapitalari Plantok argi dauka Osakidetzaren hondatzea sakona eta oso agerikoa dela, ez dela pertzepzio hutsa. Desinbertsioa -batik bat lehen mailako arretan eta osasun publikoko zerbitzuetan-, itxaron zerrendak, prekarizazioa eta laneko behin-behinekotasuna, bizitzaren zaintzarekin lotutako lan sektore feminizatuetako baldintzak, osasun eskubidea kaltetzea, eta osasun sarbideari dagokionez hazten ari diren klase, arraza eta genero aldeko asimetriak errealitatea dira.

Korporazioen papera diagnostiko horren funtsezko zatia da, interes pribatuak eta onurak maximizatzeko logika ekuazioaren funtsezko aldagaiak baitira. Horren ondorioz, eskubide publiko baten eta interes komunaren eta irabazia eta interes pribatua maximizatzearen arteko talka ikusi eta jasaten dugu.

Inbertsio publikorik eza, itunpetze soziosanitarioak, zerbitzu orokorren azpikontratazioak, enplegu publiko pribatizatuak, aseguru pribatuak eta ate birakariak dira gaur egun horren adibide.

Datuetan, Osakidetzan inbertsioa geldituta dago (2025erako Osakidetzak eskura dituen funtsak 7 milioitan baino ez dira haziko, guztiaren %0,1; pertsonalaren atalean, igoera 24 milioikoa da, hau da, %0,9), itxarote zerrendak mediku espezialistaren lehen bisita jasotzeko gora doaz (24.179 pertsona izatetik 2021ean eta 69.532 pertsona izatera igo dira 2023an), ebakuntzen itxarote zerrendak berdin (18.357tik 24.333ra igo dira 2019tik 2023ra). Beraz, itunpetze sanitario eta soziosanitarioen alde egiten da, funts publikoak negozio pribatuetara bideratuz. Aurrekontuei erreparatuta, azken datu ofizialen arabera 2024an itunpetze sanitarioei bideratutako kopuru osoa 249.695.724 eurokoa izan da. Hori Osasun Sailaren gastu osoaren %5,10 da, eta 2023tik %9,1 igo da. Hala ere, zenbait kazetaritza iturrik kopuru hori 299,8 milioikoa izan dela azaldu dute, aurreko urtekoarekiko %11,5 igota eta aurrekontu osoaren %6,12. Kopuru horiei itunpetze soziosanitarioei dagozkien 6,49 milioi euro gehitu behar zaizkie.

Zerbitzuak eta lanak kanpora ateratzearena ez da mugatzen arlo soziosanitariora, zerbitzu orokorren baitako hainbat zereginetan ere esternalizazioa gorantz doa, garbiketa, anbulantziak, sukaldaritza, segurtasuna, mantenu lanak, elektromedikuntza, arropa garbitegia, aholkularitza, zerbitzu digitalak, e. a.

Honela, osasun sistema publikoan dagoen botere korporatiboa hazi eta hedatu egiten da edozein arlotako enpresekin. Horien negozio estrategia Osakidetzaren etengabeko pribatizazioa finkatu eta hazi ahala moldatuko da gehiago ala gutxiago. Ohikoa da zenbait osasun alor, osasun mentala, kardiopatiak, giltzurrunetako gaixotasunak, dialisia, erradiologia, kardiologia, onkologia eta abar. arlo kalteberak izanik ere, ez egotea interes orokorraren eta osasun eskubidearen defentsaren aterkipean. Aitzitik, horiek ere irabaziak maximizatzearen aldeko enpresa logikari lotuta ageri dira.

Sustatzen den eredu publiko-pribatuak, oro har, zerbitzuen kalitatearen galera dakar, baita planifikazio eta aholkularitza dinamiketan enpresa pribatuen gehigizko presentzia ere. Horrez gain, eredu honek lizitazioen arloan kartel modura funtzionatzea dakar, datuen eskuratze pribatua, eta bereziki lan gatazken areagotzea, enpresen helburua beti baita haien etekinak ahalik eta gehien handitzea. Pribatizatutako enplegu publikoa aipatu beharreko beste zutabea da, soldata publikodun mediku izanda osasungintza pribatuan ere lan egiten duten medikuena. Gaur egun Osakidetzako 1.059 mediku dira bateragarritasuna aitortua dutenak, jokabide hau sustatu egin da, bai esklusibotasun pizgarriak ezabatuta, bai gaiari jarraipenik bat ere ez egitearen poderioz.

Inbertsio publikoaren gelditzearen eta esternalizazioen gorakadaren beste aldean aseguru pribatuen kopuruaren zein gastu bolumenaren hazkundea dago. Beti ere, aseguru pribatua ordaindu ahal dutenen artean. EAEn nolabaiteko osasun aseguru pribatua duten pertsonak 525.000 baino gehiago dira, 2023ko datuen arabera. Prima bezala egiten den gastu osoa, urte horretan, ia 400 milioi eurokoa da, eta 30 urtean laukoiztu egin da kopuru hori.Eta zer esan ate birakarien inguruan, jokabide hau guztiz ohikoa da euskal osasun sisteman.

Hainbestean ze, Osasun Saileko sailburu eta sailburuordeetatik asko, batez ere Eusko Alderdi Jeltzalera lotuak, igarotzen baitira euskal osasun arloko botere korporatiboko zuzendaritza ardurak hartzera, Keralty, Quiron eta IMQ-n besteak beste. Talde hauek osasun sistema publikoa pribatizatzea internazionalizatzen dabiltza herrialde ezberdinetan, batez ere Hegoalde globalean.

Honegatik guztiagatik, EH Kapitalari Plantok honakoa exijitzen du:

• Osasun arloan inbertsio publikoa modu nabarmenean handitzea.

• Esternalizazioei muga jartzea epe ertainera begira.

• Osasungintza publikoko langileriaren lan eta soldata egonkortasuna hobetzea.

• Enplegu publiko eta pribatuaren arteko bateragarritasuna zerbitzuburuei kentzea.

• Ate birakariak ekiditea, interesen arteko talkak zorrotz kontrolatuta.

• Maila guztietako lege aldaketak sustatzea, gaur egungo harrapaketa korporatiboa gelditzeko eta osasun sistemaren jabetza, kontrola eta kudeaketa oinarri-oinarrian publikoa izatea babesteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko hezkuntza publikoko irakasleek gaur Donostia hartu dute

Greba zikloaren 7. grebak jarraipen zabala izaten jarraitzen du

Jarraipen ia erabatekoa Enviser Gasteizko Udalaren lorezaintzako kontratako greba mugagabearen lehen egunean

Gaur goizean hasi da Enviserreko enpresa-batzorde osoak (LAB, ELA eta ESKk osatua) deitutako greba mugagabea. Enviserrek Gasteizko Udalaren kontratak parkeak eta lorategiak eta hiriko eraztun berdea mantentzen ditu.

EAEko hezkuntza publikoko irakasleek gaur Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleak hartu dituzte

Greba zikloaren seigarren grebak jarraipen zabala izaten jarraitzen du.