2024-12-23
HomeMaiatzaren Lehena 2019"Kapitala eta bizitzaren arteko gatazkan, bizitzaren alde egiten dugu, eta, horretarako, Euskal...

“Kapitala eta bizitzaren arteko gatazkan, bizitzaren alde egiten dugu, eta, horretarako, Euskal Herriak erabaki egin behar du”


LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Komunikazio idazkari Maider Jauregik agerraldia egin dute Bilbon, eraldaketa prozesu sozial baterako aktoreak diren langile-sektore ezberdinetako kidez lagunduta, aurtengo Maiatzaren Leheneko mobilizazioak aurkezteko. Hain zuzen ere, gazteak, pentsiodunak, lan gatazketan borrokan ari diren langileak, migranteak eta feministak oso presente izango ditugu Maiatzaren Lehenean, “Euskal Herria decide. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi” leloarekin egingo ditugun mobilizazioetan.


“Euskal Herria decide. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi". Hauxe da Maiatzaren Lehenerako osatu dugun leloa. “Kapitalismoaren benetako aurpegia agerian utzi nahi dugu. Langileok bizi proiektu aske bat egiteko aukerarik ez dugu, eta, horregatik, kapitalarekin hautsi nahi dugu, bizitzak erdigunean kokatzeko. Aldaketa sozial eta politikoa helburu, herri bezala erabakitzea, Euskal Herriak erabakitzea aldarrikatzen dugu”, azaldu du Maider Jauregik. "Kapitala eta bizitzaren arteko gatazkan, bizitzaren alde egiten dugu, eta, horretarako, Euskal Herriak erabaki egin behar du", berretsi du.

Maiatzaren Lehenerako osatutako irudiari dagokionez, kapitalak marraztu nahi digun ortzimuga ilunari kolorea jarri diogu, alternatibak badaudela aldarrikatzeko eta alternatiba horiek borrokatzeko tresnak baditugulako: LABen kontrabotere sindikalismoa.

Langile kolektibo eta errealitate ezberdinetatik abiatuta, kolektibotasunaren indarra eta klase elkartasuna aldarrikatuko ditugu, eta, horregatik, aurkezpen agerraldian, eraldaketa prozesu sozial baterako aktoreak diren langile-sektore ezberdinetako kideak bildu ditugu: Nora Gonzalez gaztea, Joseba Perez de Montoia pentsioduna, Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko gatazkan borrokan ari den Laura Martinez Ochoa, Janet Carmena migrantea eta Uxune Iriondo feminista. “Sektore horien aldarrikapenak gure egin eta irudikatuko ditugu Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan. Hain justu, maiatzaren 1ean langile harrotasuna aldarrikatzeko eguna izango da, energia sortu eta pilak kargatzeko eguna; borroka eta ospakizuna uztartzeko eguna, alegia”, zehaztu du LABeko Komunikazio idazkariak.

Deialdi bikoitza egin dugu. Ipar Euskal Herrian, Baionan mobilizatuko gara. Iazko ildoa jarraituz ari gara antolatzen, sindikatuok eta eragile desberdinek bat eginda.

Hego Euskal Herrian, berriz, Iruñean izango gara, egun osoko egitarau batekin. Mobilizazio nagusia 12:00etan izango da, Gaztelu plazatik abiatuta. Bertan ere amaituko dugu, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren hitzartzearekin.

Aurtengo berritasuna M1 gunea izango da, Redin plazan atonduko duguna. Jan-edanak, musika eta haurrentzako ikuskizun nahiz jolasak izango dira aukeran, egun osoan. Heldu nahiz haurrentzako egitaraua proposatuko dugu, lagunartean nahiz familia giroan eguna pasa ahal izateko.

Klase kontzientzia eta borroka indartzeko eguna
Garbiñe Aranburuk aurtengo Maiatzaren Lehena zein testuingurutan datorren azaldu du, eta nabarmendu du faxismoaren gorakadak eta kapitalismoaren garai berri batek markatuta datorrela, mundu mailan zein Estatu mailan. Honek guztiak inboluzio sozial, patriarkal eta nazionala ekarri duela ohartarazi du; lan eskubide eta eskubide sozialen galera, feminismoaren kontrako oldarraldia eta errepresioa nazio terminoetan, besteak beste.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “kapitala-bizitza gatazkak okerrera egin du. Aurten aukeratutako leloarekin, Euskal Herrian, kapitalaren aurrean, bizitzaren alde egiten dugula irudikatu nahi dugu. Euskal Herriko langileak borrokan daude, lantokietan zein kalean, bizitzaren arlo guztietan gertatzen ari den prekarizazio prozesuaren kontra”.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “Euskal Herrian, demokraziarako bidea egin nahi dugu, justizia sozialean eta feminismoan oinarritutako eredu berri bat helburu. Bide horretan, Maiatzaren Lehena beste borroka egun bat da. Egunak helburu bikoitza izango du: klase kontzientzia indartzea eta beste bultzada bat ematea langile klasearen borrokari”.

Momentuak sindikalismo abertzalea eta kontraboterekoa interpelatzen ditu, hiru ezaugarri hauek dituena: "Borrokarako gaitasuna eta eskaintza sindikala duena, klase subjektua berrosatzekoa, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko sindikalismoa”.

LABek bere ekarpena egin nahi dio helburu bikoitz horri. “Momentu honek borrokatzeko gaitasuna eta eskaintza sindikala dituen sindikalismo bat eskatzen du. Azken urteetan, lantokietan borroka sindikal gehiago piztu dira, eta LAB garrantzitsua da borroka horietan. Langileen lan eta bizi baldintzak duintzeko borrokatzen dugu, baita aberastasunaren banaketa justuago bat lortzeko ere”, adierazi du Garbiñe Aranburuk.

Lan guztien aitortza eta banaketa exijitzen dugu; soldata duinak eskatzen ditugu, 1.200 euroko gutxieneko soldatarekin; diskriminazio mota guztiekin amaitzeko neurriak exijitzen ditugu, jatorri, genero, sexu eta aniztasun funtzionalarekiko diskriminazioarekin bukatzeko; lan osasunarekiko eskubidea aldarrikatzen dugu; negoziazio kolektiborako marko propio bat nahi dugu; eta zerbitzu publikoen pribatizazio eta merkantilizazioaren amaiera eskatzen dugu, besteak beste. "1.200 euroko soldatari buruz, esan beharra dago pasa den astean, PP, PSOE eta EAJ neoliberalek beronen aldeko adierazpen bat baztertu zutela Gasteizko Legebiltzarrean, legearen barruan kokatzen zena goitik behera eta inolako desobedientziarik planteatzen ez zuena", zehaztu du Garbiñe Aranburuk.

LABeko idazkari nagusiaren iritziz, “klase subjektua batzeko sindikalismoa behar dugu. Gure herrian, egun dugun mobilizazio soziala oso garrantzitsua da, eta uste dugu aliantzak sortzeko eta eraldaketa sozialaren aldeko borroka horiek guztiak bideratzeko gai izan behar dugula”. Hala, LABek badu eskaintza arlo guztietarako, eta hainbat eta hainbat borrokekin egin du bat: mugimendu feministarekin, gazteekin, pentsiodunekin, etxeko langileekin, migranteekin… LABen sindikalismo feminista bultzatzeko baldinta berriak sortu dira.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko sindikalismoa ezinbestekoa da ere: "Inboluzio nazionalaren aurrean, demokrazia eta burujabetzaren alde egin behar da borroka. Lan harremanetarako eta pentsioen ereduei buruz erabaki nahi dugu, baita politika feminista, zerbitzu publikoen eredua eta garapen ereduari buruz. Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzea da gure apustua”.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...