2024-12-22
HomeEkintza SozialaEuskal Gizarte Segurantza sortzeko urratsak eskatu dizkiegu euskal alderdiei

Euskal Gizarte Segurantza sortzeko urratsak eskatu dizkiegu euskal alderdiei

Igor Arroyo: “Euskal langileon pentsioak eta prestazioak Madril eta Parisen erabakien menpe dauden bitartean, arriskupean egongo dira”.

Mugaren bi aldeetan pentsio sistemaren erreforma berriak egiten ari dira. Alde batetik, Espainiako Gobernuak, berriro ere, azken hamarkadetako murrizketak lehengoratzen ez dituen eta pentsio duinak bermatzen ez dituen erreforma aurkeztu du.

Bestetik, Frantziako Gobernuak erretiro adina 62 urtetik 64 urtera atzeratzeko erabakia inposatu du dekretu bidez. Espainiako Estatuan ez bezala, non UGTk eta CCOOk 67 urteko erretiroa ontzat eman zuten, Frantziako estatuan LAB eta gainontzeko sindikatuak neurri hori bertan behera uzteko borrokatzen ari gara; gaur bertan greba eta mobilizazio eguna da Ipar Euskal Herrian eta estatu osoan.

Testuinguru honetan, LABek ekimen sinboliko bat egin du Espainiako Gizarte Segurantzak Gasteizen duen egoitzan: plaka ofiziala ordezkatu egin du, “Euskal Gizarte Segurantza” plaka berria jarriz.

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyoren arabera, positiboa da Espainiar estatuko azken erreformak indar handiagoa egitea Gizarte Segurantzaren diru-sarrerak handitzen, gastuak murrizten baino, baina bi kritika egin dizkio: batetik, diru-sarreretan egondako aldaketak ez dira nahikoa euskal herritar orori gutxieneko pentsio duina bermatzeko, euskal pentsiodunen mugimenduak aldarrikatzen duen bezala; bestetik, gastuei dagokionez badago etorkizunean indarrean sartuko litzatekeen murrizketa berri bat: pentsioa kalkulatzeko tartea 25 urtetik 29 (-2) urtera zabaltzea. Kontuan hartu beharra dago, 1985era arte azken bi urteak hartzen zirela aintzat, eta orduz geroztik zabaltzen joan dela tarte hori erreformaz erreforma: 2tik 8ra, 8tik 15ra eta 15etik 25era.

Horrekin batera, Espainiako Gizarte Segurantzak gaixotasun arrunten kudeaketa mutualitate patronalen esku uzteko egindako proposamena deitoratu du Arroyok, “osasun sistemaren pribatizaziorako jauzi larria litzateke” eta. Joan den astean, LABek argitara atera zuen Gizarte Segurantzak autonomia erkidegoei igorritako dokumentua, eta orduan egindako eskaria berretsi du: “Urkulluri eta Chiviteri hauxe eskatzen diegu: esan dezatela argi eta garbi ez dutela horrelako hitzarmenik egingo”.

LABeko koordinatzailearen arabera, “unean uneko Espainiako eta Frantziako Gobernuaren eskuetan jarraituz gero, euskal langileon pentsioak eta prestazioak arriskuan daude. Azken hamarkadetan murrizketak egin dituzte bata bestearen atzetik, Europako Batzordearen tutelapean”. Ildo honetan, Madrilen eta Parisen ezin dena Euskal Herrian posible egitea aldarrikatu du: pentsio duin bat euskal herritar ororentzat, bai enplegua izan dutenentzat, baita aitortzarik gabeko zaintza lanetan aritu direnentzat ere.

Euskal Gizarte Segurantzaren norabidean bi urrats zehatz proposatzen ditugu. Batetik, EAEko estatutuan aurreikusten den Gizarte Segurantzaren kudeaketa eskuratu beharra dago, azken helburua kudeaketa ez ezik arauketarako ahalmena ere eskuratzea dela argi utzita. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euskal herritar ororen pentsioak 1.080 euroraino osagarritu behar dituzte, euskal pentsiodunen mugimenduak baraualdiaren eta hamaika ekimenen bidez aldarrikatu bezala.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...