2024-12-23
HomeEkintza PolitikoaEuskal gehiengo sindikaletik EAJ-ri eskatu diogu lan erreformaren kontra bozka dezala, kaleratzeak...

Euskal gehiengo sindikaletik EAJ-ri eskatu diogu lan erreformaren kontra bozka dezala, kaleratzeak erraztu eta euskal lan harremanen esparrua ez duelako errespetatzen

Pasa den ostiralean EH Bildurekin bilera izan ondoren, sindikatuok EAJ eta Podemos alderdiekin batzartu gara gaur. Podemosi hitza betetzeko exijitu diogu, hau da, lan erreforma indargabetzea izatea Langileen Estatuturako oinarri berria.

LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuon ohar bateratua:

Lan erreforma moldatzeko Madrilgo Elkarrizketa Sozialeko mahaian lortutako akordioaren konbalidazioa landuko da Kongresuan ostegunean, otsailaren hiruan.

Euskal gehiengo sindikala osatzen duten ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta Etxalde sindikatuek gogor kritikatu dute akordio hori, ez dituelako bertan behera uzten PP-k eta PSOE-k 2010an eta 2012an ezarri zituzten Lan Erreformak, eta dekretu horren bidez, langileentzat kaltegarrienak diren neurriak mantendu eta betikotuko dituztelako.

Kongresuan egingo den konbalidazioari begira, Madrilen ordezkaritza duten alderdi batzuekin erronda abiatu dute sindikatuek, euskal langileek behar dituzten aldaketak bultza ditzaten.

Sindikatuek 2010 eta 2012 arteko hiru lan erreformak indargabetzeko eskaera egiten ari dira, aldebakartasunez negoziazio kolektiboa indargabetzeko aukera eskatzen ziotelako patronalari, langileak merke eta erraz kaleratzekoa, malgutasuna ezartzeko, estatalizazioa edota mugikortasuna inposatzekoa, besteak beste. Hau da, langileen lan baldintzak prekarizatzeko tresna diren neurrian, horiek desagertu ondoren hasi beharko litzateke beste lan erreforma baterako negoziaketa.

Erabateko indargabetzearen bidean, bereziki larriak diren bi gai mahai gaineratu dituzte, berehala aldatu beharkoak: alde batetik, kaleratzeak egiteko erraztasunak eta, bestetik, euskal lan harremanen esparrua erasotzen duen negoziazio kolektiboaren estatalizazioa.

Horrekin batera, aipatutako bi gaiak moldatu ahal izateko propasamen teknikoekin txosten bat ere helarazi diete, bi helburu zehatzekin:

1. Patronalak orain kaleratze objetiboak egiteko dituen erraztasunei mugak jartzea.

2. Gure negoziazio kolektiboa errespetatua izatea, kanpo injerentziarik gabe. Konbalidazioan, eta beti erabateko indargabetzearen bidean, bi gai horien moldaketa

egongo ez balitz, ezetza ematea eskatu diete alderdiei.

Ostiralean EH Bildurekin bilera egin ondoren, EAJ eta Podemos-ekin egin dute gaur bilera. Gehiengo sindikalaren ordezkari moduan, ELA, LAB eta ESK-ko kideek hartu dute parte gaurko bileran.

Gaur EAJri jakinarazi diote sindikatuen ustez hitzarmen kolektiboen esparruaren defentsa ez dela nahikoa, eta ezinbestekoa dela kaleratzeen araudia ere aldatzea. Era berean, bi gai garrantzitsu horietan aldaketak egiteko neurri eraginkorrena konbalidazioan ezezkoa bozkatzea dela adierazi diete, CEOEk ezartzen duen betorik gabe negoziaketak ireki ahal izateko.

Podemosi, berriz, hitza betetzeko exijitu diote, hau da, lan erreforma indargabetzea izatea Langileen Estatuturako oinarri berria. Horretaz gain, ikuspegi zentralizatzailea utzi eta negoziazio kolektiborako euskal esparrua langileen lan baldintzak hobetzeko ezinbestekoa dela adierazi diote. Azkenik, kontzertazio sozialak langileentzat murrizketak onartzea beste biderik ez dakarrela gogorarazi diogu.

Atzo, urtarrilaren 30ean euskal langileak mobilizatu ziren Madrilgo akordiaren kontra eta moldaketak aldarrikatzeko, aurreko lan erreformek ezarri zituzten neurri atzerakoiak bertan behera uzteko. Otsailaren 2an berriro mobilizatzeko eguna izango dute lantokietan.

Beharrezkoa da euskal alderdiek euskal langileen ahotsa eta aldarrikapenak Madrilen defendatzea, eta langileek lan eta bizi baldintzak duintzeko behar dituzten aldaketak bultzatzea eta defendatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...