2024-12-23
HomeLAB SindikatuaGreba OrokorraEUSKAL GEHIENGO SINDIKALA OSO POZIK GREBA OROKORRAK IZAN DUEN OIHARTZUN HANDIAREKIN

EUSKAL GEHIENGO SINDIKALA OSO POZIK GREBA OROKORRAK IZAN DUEN OIHARTZUN HANDIAREKIN

Euskal gehiengo sindikalak arrakastatsutzat jo du greba deialdiaren emaitza babes handia izan duelako. Gaurkorako deituta zegoen grebak oihartzun handia izan du Hego Euskal Herriko sektore eta enpresetan. Horrek esan nahi du EAE mailan greba orokor handi bat izan dela, eta Nafarroan emaitza esanguratsua lortu duela.
Izan den lanuzte mailari buruzko informazioa ERANSKINean zehaztu dugu; EAEko 50etik gora langile duten enpresen zerrenda bat jaso dugu, lantoki bakoitzean zenbateko lanuztea izan den adieraziz.

Enpresa guztien artean, %30etik gorako lanuztea %76,29ean izan da. Bestalde, jarraipen txikiagoa izan da enpresen %17,53ean.

Eranskinak dioen legez, erabateko lanuztea -%70etik gorakoa- 308 enpresatan izan da, hots, enpresen %61,35an.

Greba %30etik gora egin den enpresa industrialak 74 dira, %14,94.
Lanuztea oso txikia izan da edo eguneroko jarduera bete dute 88 enpresatan (%17,53).
Informazio hau egiteko unean 31 enpresaren berririk ez daukagu (%6,18).
Nafarroan lanuztea erabatekoa izan da hainbat enpresatan; eragina oso handia izan da Sakanan eta Erkidegoko iparraldean. Iruñerrian eta honen inguruko industrian grebak nahikoa oihartzun izan du, eta grebari emandako babesa ikusteko moduan adierazi dute langileek.

Beste alditan ez bezala, kooperatiben sektoreko enpresa askok bat egin du greba deialdiarekin.

Bestalde, ehundaka enpresa txiki eta ertainetan ere lanuztea erabatekoa izan da; horrek deitutako grebari langileek eman dioten erantzun orokorra nabarmendu du.

Beraz, industria-sektoreko datuak ikusirik, grebak oihartzun handia izan du, eta jarraipena orokorra izan da.

Garraioen sektorean gutxieneko zerbitzuak bete dira. Trenbideetako bidaiarien garraioan, EuskoTrenen,Tranbietan eta Bilboko Metroan lanuztearen jarraipena handia izan da. Errepideko bidaiarien garraioan ere jarraipena handia izan da, eta gutxieneko zerbitzuak normaltasunez bete dira, gehiegizkoak agindu diren arren eta zenbait enpresak grebalariak ordeztu (Cía del Tranvia Donostian…). Salgaien garraioan grebak babes garrantzitsua izan du.
Bilboko eta Pasaiako portuetan lanuztea izan da nagusi, eta oinarrizko zerbitzuak besterik ez dira eman.

Eraikuntzan, grebak obra handietan eragin du, batik bat Gipuzkoan; grebaren eragina desberdina izan da, baina garrantzitsua, Bizkaia, Araba eta Nafarroan. Gainera, porlanaren industria eta hormigoi ekoizle eta banatzaileetan greba nagusi izan da (Lemona Industrial, Añorga eta Arrigorriagako Financiera y Minera, Portland Valderrivas, Hormigones Lazkano, Altzoko Karobiak, Hormigones Azkune…).

Komunikabideetan, prentsa idatzian grebarekin bat egin dute Garak, Berriak etahainbat eskualdetako HITZA egunkariek.
Ikus-entzunezko hedabideetan ETBko zuzendaritzaren jarrera salatu behar dugu gutxieneko zerbitzuak ez baititu bete eta gehiengo zabal batek babestutako greba zapuzten saiatu da. Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitorian lanuzteak erabatekoak izan dira eta gutxieneko zerbitzuak errespetatu dira.

ZERBITZU PUBLIKOAK

Grebak jarraipen handia izan du irakaskuntzan, batik bat ikastetxe publikoetan eta ikastoletan; sektoreotan lanuztea %65ekoa izan da, publikoan, eta ia %100ekoa, ikastoletan.
Bestalde, itunpeko ikastetxeetan jarraipena handia izan da, eskualdeka desberdina izanagatik ere. Arlo honetan lanuztea %80era iritsi da.

Haurreskoletan ere grebak jarraipen orokorra izan du, %80tik gorakoa. Unibertsitatean, UPV/EHUn lanuztea %80tik gorakoa izan da Donostian; ia %70ekoa Leioan, eta %60koa, Araban.

Toki- eta Foru-Administrazioan greba handia izan da, eta erantzun zabala izan du udal gehienetan. Gipuzkoan lanuztea oso handia izan da. Irun eta Eibarreko udalak izan ezik, beste guztiak itxita egon dira. Bizkaian greba erabatekoa izan da hainbat udal garrantzitsutan -Durango, Gernika, Bermeo, Leioa, Zornotza-, eta garrantzitsua beste udaletan. Bestalde, Agurain, Dulantzi eta Arabako Lautadan lanuztea erabatekoa izan da.

Hiriburuetako udaletan lanuzteak jarraipen zabala lortu du. Bilbon udal langileen %82ak egin du greba; Donostian, %60ak, eta Gasteizen, %50 inguruk. Aldundietan jarraipena ez da hain handia izan, baina Araba eta Bizkaiko Gizarte-Ekintzako Erakundeetan (IFBS eta IFAS) greba erabatekoa izan da; gutxieneko zerbitzuetako langileak besterik ez dira aritu.

Bestalde, arlo sozio-sanitarioan hirugarren adineko egoitzak nabarmendu behar dira: lanuztea, aurrez egindako batzarretan bozkatua, bete egin da, eta oro har gutxieneko zerbitzuetako langileek besterik ez dute lan egin. Aipatzekoak dira honako egoitzak: Ordiziko San Jose, Zu eta Biok eta San Cosme Oria-Goierrin; Nafarroa Eguneko Zentroa, Zornotzan, Orue eta Uribarri Nabaroa Gernika-Durangon, Gurena Derion, eta Loramendi egoitza Erandion.

Administración Autonomoari dagokionez, greba garrantzitsua izan da, %55 inguru EAEko hiru lurraldeetan. Justician ere lanuztea %40 inguruan ibili da, eta honek auzitegien ohiko martxan eragina izan du.

Osakidetzan nabarmendu beharra dago lanuztea izan dela erietxe guztietan; zenbaitetan ebakuntza kirurgikoak bertan behera utzi behar izan dituzte. Esparru honetan gogoratu beharra dago langileen %80tik gora gutxieneko zerbitzuetarako izendatuta dagoela, eta horrenbestez lanera joan beharrean zegoela. Salatzekoa da lehen mailako arretan gertatu dena (greba jarrai dezakeen ia esparru bakarra). Orain arte ezarri izan ziren gutxieneko zerbitzuekin langile gehienek greba egiteko aukera zeukaten. Oraingoan, berriz, inongo arrazoirik gabe, ezpada greba ikusezin egiteko eta protesta isilarazteko asmoa, Eusko Jaurlaritzak lehen arretako zentro guztiak ireki arazi ditu, bakoitzean langileen %20ak egon behar zuela inposatuz. Gainera, salatu behar da ere oro har Osakidetzak gutxieneko zerbitzuetarako greba egiteko asmoa zuten langileak izendatu dituela, honela gutxieneko zerbitzuen dekretua larri urratzen duelarik. Hau guztia auzitan salatuko dugu.

Nafarroan, arlo publikoko lanuztea handia izan da, batik bat irakaskuntzan eta Euskarabidean, eta greba partziala izan da Administrazio Gunean, Osasunbidean, Depentdentziaren Nafar Agentzian, Kirol eta Gazteriaren Erakunde Nafarrean eta Emergentzien Agentzian. Tokiko adminsitrazioan lanuzte partzialak egin dira udal askotan, batez ere Iruñerrian, Nafarroa iparraldean eta Sakanan.

ZERBITZU PRIBATUAK
Grebak zerbitzu-sektorean ere eragin oso handia izan du.

Hain zuzen, merkataritzan langileen gehiengoak egin du greba EAEn, Gasteiz eta Bilbo salbu, non eragina zerbait txikiagoa izan duen. Oihalgintza eta elikagaietako saltoki ezagunenetan greba oso zabala izan da.

Hainbat saltoki handi (Olaberriko eta Oiartzungo Carrefour, Alcampo…) itxita egon da eta, era berean, Eroskiko saltoki askok greba egin du.

Denda txikietan eta ostalaritzan grebaren jarraipena aski zabala izan da. Nabarmentzekoa da lanuztea ia erabatekoa izan dela Gipuzkoan

Kaleetako eta eraikin zein lokalen garbitasun zerbitzuetan lanuztea zabala izan da, kirol-zerbitzu eta hainbat hiritako TAOan bezalaxe.

Finantza-sektorean, berriz, grebak eragin partziala izan du; ez da lanegun normala izan, eta banketxe eta kutxetako bulego asko itxita egon da.

Aipagarria da ere politikako eta gizarteko sektore eta talde ugarik deialdi honi eman dioten babesa.

Azkenik, esan beharra dago hamarna milaka langilek hartu duela parte eguerdian Gasteiz, Iruñea, Donostia eta Bilbon izan diren manifestazioetan. Jende gehien Bilbon elkartu da; berton hitz egin dute greba deitu zuten sindikatuetako buruzagiek.

Bilbo, 2011.eko Urtarrilaren 27an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...