2024-12-23
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaEUSKAL GAZTERIAREN ALDEKO ADIERAZPENA

EUSKAL GAZTERIAREN ALDEKO ADIERAZPENA

Ohikoa bihurtu da, gauez etxera indarrez sartu eta gazte independentista bat Madrilera eramatea. Ohikoa bihurtu da, inkomunikatuta hiru, lau, bost egun pasa ostean, gazte horrek tortura latzak salatzea. Ohikoa, gazte horietako asko espetxeratzea. Ohikoa, sarekada batean lortutako izenak komenigarria den une politikoan erabiltzea, sarekada berriak egiteko.
Bada, LAB osatzen dugun gizon-emakumeok ez gaude prest horrelako basakerietara ohitzeko. Gaur eta hemen, euskal gazteriaren kontrako jazarpen estrategia ankerra salatzen dugu.

PSOEk diktaduren manualak erabiltzen ditu gure herriko gazteen kontra, lan politikoa egiten duten lagunen izenekin zerrenda beltzak osatuz eta modu honetan gazteen artean terrorea zabalduz. PSOEk bortizkeria poliziala erabiltzen du helburu politiko ustelak lortzeko. Batetik, jazarpenaren bidez gazteria independentista desaktibatu nahi du, gazteria izan baita eta egun ere bada herri honen motore garrantzitsua, herri honen etorkizuna. Bestetik, prozesu demokratikoa zapuzteko eta desitxuratzeko helburuaz, Espainian eraginkortasun polizialaren irudia saldu nahi du. Bada, PSOEri exijitzen diogu gazteen kontrako biolentzia eten dezan. Sarekadak gelditzea, inkomunikazioa bertan behera uztea, zerrenda beltzak ezabatzea.

Bestalde, azken hilabeteetan Hego Euskal Herrian buruturiko sarekaden ondorioz, Segi gazte antolakundeko hainbat militante Ipar Euskal Herrira heldu dira, tortura arriskua ekiditeko asmoz. Eta, Segi Frantziako estatuan legala bada ere, euroagindua aplikatu eta Espainiaratuak izateko arriskupean daude uneotan. Prozedura hori bertan behera gera dadin exijitzen dugu.

Amaitzeko, geure babesa adierazi nahi diegu euskal gazte independentistei, bai espetxean direnei, bai zerrenda beltzetan daudenei, baita euroaginduaren kontra protestan ari diren kideei. Gazteok: zuen ondoan borrokatzeko prest gaituzue.

Donostian, 2011ko otsailaren 24an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...