2025-12-16
HomeEkintza PolitikoaEuskal gazteria kriminalizatzeko Jaurlaritzak daraman politikaren baitan kokatzen dugu Ernairen kontrako jazarpena

Euskal gazteria kriminalizatzeko Jaurlaritzak daraman politikaren baitan kokatzen dugu Ernairen kontrako jazarpena

Eusko Jaurlaritzak, Ernairen mezuak delitu gorrotoa izan ote diren ikertzeko eskatu dio fiskaltzari, Ernaiko kide batzuek epaitegietara bidean jarri nahian. LABetik irmoki salatzen dugun erabakia da eta gure babes osoa adierazi eta gure elkartasuna helarazten diogu Ernairi. Guzti hau euskal gazteria kriminalizatzeko gobernu honek daraman politikaren baitan ulertu behar da.

Hemen sakonean dagoen arazoa gazteen egoera da. Gazteek bizi duten egoera jasanezin bilakatzen ari da, larrialdi egoeran daude Ernaik berak salatu duen moduan. Inoiz baina prestatuagoa dagoen gazteriak etorkizun iluna du, hirutik bat langabezian dago, miseriazko soldatak dituzte edota etxebizitzarako eskubidea urratzen zaie.

Elite ekonomikoen mesedetan gobernatzen duen Jaurlaritzak, patronalari alfonbra gorria jartzen dio prekarizazioan sakontzen jarraitzeko. Botere legegilea, judiziala eta polizia, guztia erabili nahi da patronalaren interesak zaintzeko.

Aldiz, patronala zigorgabe geratzen da. Jaurlaritza honi ez diogu oraingoan erakusten ari den gogo edo berotasun bera atzeman patronalaren aurrean, esaterako, langileen bizitzak salbatzeko. Prekarietatea eta prebentzio neurriak ez betetzeak ekidin zitezkeen hainbat lan heriotza sortzen ditu eta horien aurrean beste aldera begiratzen duen Jaurlaritza, pintaketa batzuk asaldatu egin dutela dirudi.

Gobernu honek ez du irtenbide duinik gazteentzat. Enplegua defendatzen ari direnentzat ere ez. Ez dago enplegu politika publikorik, zerbitzu publikoak indartzeko apusturik egiten ez duen bezalaxe.

Herritarrei, gazte, pentsionista, langile, emakumeei bizitza duina bermatu ordez, protesta sindikal eta sozial oro ezabatzeko asmoa du Jaurlaritzak eta oldarkor eta neurri gabeko indarra erabiliz ikusi dugu Ertzantza azken aste hauetan sindikalisten edota gazteen aurka. Ezin ahaztu orain dela aste batzuk Espainiako Kongresuan greba eskubidea mugatu eta piketeen lana are gehiago zailtzeko saiakera egin zuela.

Herri honetan gehiengo sindikal eta soziala da eraldaketa sozialaren eta aldaketa politikoen aldeko apustu sendoa egin duena, hainbat dira zabalik dauden dinamika sindikal eta sozialak. Etorriko dira greba eta mobilizazio berriak eta horrelako urrats errepresiboek ez dute lortuko gure bidetik ateratzea.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.

Presoen etxeratze bidea ezin da gehiago atzeratu

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, “Ezin da gehiago luzatu,...

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko bermeak exijitu ditu LABek Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, Nafarroako administrazio publikoetan euskarak...