2024-11-20
HomeEkintza SindikalaEuskal erakundeei eskatu diegu zerbitzu publikoak indartzeko eta Espainiari men egiteari uzteko

Euskal erakundeei eskatu diegu zerbitzu publikoak indartzeko eta Espainiari men egiteari uzteko

LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok elkarretaratzeak egin ditugu EUDEL eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean langile publikoen enplegua eta soldatak hemen erabaki daitezen aldarrikatzeko.

Gaur, maiatzak 27, astelehena, LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuetako ordezkariok bi elkarretaratze egin ditugu Bilbon. Lehena EUDELen ( Euskadiko Udalen elkartea) aurrean eta bigarrena Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

Elkarretaratze hauetan salatu nahi izan dugu euskal erakundeak (Eusko Jaurlaritza eta udal eta foru aldundiak) Espainiako Gobernuaren azpiordetza huts gisa bezala funtzionatzen ari direla azken urteetan eta horrek ondorio larriak ekarri dituela langile publikoen lan eta bizi baldintzetan eta baita ere euskal herritarrek jasotzen duten zerbitzu publikoen kalitatean.

Hau honela, sindikatuok euskal erakundeei eskatu diegu autogobernua eta eskumenak defendatu ditzatela, zerbitzu publikoak indartu ditzatela eta langile publikoen enplegua eta soldatak hemen erabakitzeko pausoak eman ditzatela.

Azken astean, sektore pribatuan Hego Euskal Herriko hitzarmenak lehentasuna izateko pauso garrantzitsuak eman diren honetan, sindikatuok sektore publikoen langileen lan baldintzak hemen negoziatzeko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu.

Bestetik, eta bide horretan joan den astean alderdi politikoekin hasitako errondarekin jarraitzeko, gaur bertan Podemos-Ahal dugu alderdiarekin bilduko gara. Bertan, aldez aurretik beste alderdi politikoekin egin bezala, emendakina aurkeztu eta Podemos- Ahal dugu alderdiari eskatu diogu euren botoak erabili ditzatela Madrilen, euskal sektore publikoko langileen lan-baldintzak hemen negoziatu ahal izateko eta Madrilek ezartzen duen betoarekin amaitzeko.

Bukatzeko, sindikatuok helburu hauek lortu arte borrokatzen jarraitzeko asmoa berretsi dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako Barazki Kontserben sektoreko 10.000 langileen lan baldintzak duinduko dituen herrialdeko hitzarmena eskatu dugu

LAB sindikatuko hainbat kidek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Cadreitan (Nafarroa Garaia), Conservas Angel Ria lantegiaren aurrean, Barazki Kontserben sektoreko patronalari eta negoziazio mahaia deitzeko gaitasuna duten sindikatuei eskatzeko beharrezko negoziazioei ekin diezaietela Nafarroako hitzarmen sektorial propioa ezartzeko; hitzarmen horrek, zalantzarik gabe, 10.000 pertsona ingururen lan baldintzak duinduko lituzke.

Autobus gidariek komunera joateko eskubidea dutela aldarrikatzen dugu

Gaur, azaroaren 19a da, Komunaren Nazioarteko Eguna. Gaur oraindik ere, XXI. mendean, langile askok Euskal Herrian bertan, ez daukate lanean ari direla komuna erabiltzeko eskubidea. Horren adibide dira garraioko langile asko, euren artean, autobus gidariak.

SDA FACTORY-ri akordioa betetzeko eskatu diogu, eta hori ez egitearen arriskuez ohartarazi dugu Gasteizko Udalean

Gasteizko Udaleko txanda popularrean agerraldia egin dute SDA FACTORYko enpresa-batzordeko kideek, langileek bizi duten egoera arriskutsua zabaltzeko abiapuntu gisa. Ondoren, mobilizazioa egin dute udaletxearen aurrean, Gasteizko fabrika historiko hau behin betiko desagertzeak ekar ditzakeen arriskuak zehatzago salatzeko.