2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaEuskal Enplegu Publikoaren Legea atzera botatzen laguntzeko eskatzen diegu langileei eta parlamentuko...

Euskal Enplegu Publikoaren Legea atzera botatzen laguntzeko eskatzen diegu langileei eta parlamentuko taldeei

Eusko Jaurlaritzak eta EAJ-PSEren erakundeek Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aurreproiektua aurrera ateratzea lortu dute tramite berri bat gaindituz. Hain zuzen, ohiko eskujokari edo prestidigitadore gisa, esku batekin hainbat neurri ikusgarri ozenki aurkezten ditu langileok eta jendarteak atentzioa horra eraman dezagun, eta benetako izaera neoliberala eta atzerakoia beste eskuan ezkutatu.

Horrela, aspaldian iragarri zituen kontziliazio eta erantzukidetasun neurri batzuk berriro aireatu egin ditu, eta kode etikoarena den gai mediatikoarekin entretenitu nahi gaitu. Aipatu duen hirugarren ardatz izarraren inguruan, lanarena eta egonkortasunarena, zehaztasunik ez.

Erabat salagarria da Eusko Jaurlaritzak berriro ere langileokin negoziazioari muzin egin izana, formak erabat baztertzea erabaki duenaren azken zantzua, pasa den asteko Mahai Orokorraren bileraren antzera. Prozesu osoan LABek aurreproiektuari egindako ekarpenei erantzunik ez dugu jaso, ezta gainontzeko eragileena ere, eta EAJ-PSEk erabaki duten bezala joango da parlamentura.

Gaur bertan jaso dugun dokumentazio potoloa aztertuko badugu ere, ziur gaude otsailean aurkeztu zuten dokumentuarekin ez duela alde handirik edukiko. Eta lege aurreproiektu honek gabezia handiak dituela salatu izan dugu hasieratik, gogora ditzagun:

• Estatuko legediaren garapen soil batetara mugatzen da, Langile Publikoen Oinarrizko Estatutu (EPOE-EBEP) delakoaren ildo berdintsua jarraitzen du. Legebiltzarrak izan dezakeen gaitasun legegileari uko egiten zaio eta honek zerbitzu publikoak estatuaren etengabeko injerentzien menpe kokatzen ditu.
• Horren harira euskal administrazioetako langileak behin-behinekotasunera kondenatzen ditu. Legeak ez ditu etengabeko enplegu eskaintzak arautzen; honek estatuan ezartzen diren birjartze tasen menpe uzten gaitu.
• Murrizketen aroari amaiera emateko neurriak ez ditu barneratzen. Langile publikoek galdutako hainbat eskubide legez arautzeko aukera aproposa dauka Jaurlaritzak, hitzetatik ekintzetara pasatzea alegia. Murrizketak gustuko ez dituztela esan baina berauek aplikatu eta betikotu ez da jarrera onargarria.
• Legeak daukan helburu nagusia ikuspegi merkantilista txertatzea da. Estatuan barneratzen ari diren irizpide neoliberalen eskutik, pribatizazioak sustatu, lanpostuak amortizatu eta langileen erabateko mugikortasuna aurreikusten du Legeak. Administrazioei erabateko aldebakartasuna eman nahi die legeak, esparru pribatuan lan erreforma ezberdinek egin ohi izan duten bezala. Aipatzekoa da negoziazio kolektiboaren eskubidea ez dela erabat errespetatzen Lege aurreproiektuan; akordiotara iristeko beharra ez dio ezartzen administrazioari.
• Zerbitzu publikoen kalitaterako oso garrantzitsuak diren gaiak garatzeko aukera ezin hobea galdu da. Lan osasuna, zerbitzu publikoak euskalduntzea eta aukera berdintasunaren aldeko apusturik ez da Legean antzematen.

LABk argi ikusten du aurreproiektu honek ez diela erantzuten euskal zerbitzu publikoetan dauden beharrei. Legea erabat subordinatua dago eta ikuspegi merkantilista garatzeko aurreikusia dago. Gure ustez gaitasun legegile osoa garatzea beharrezkoa da eta horren harira hainbat proposamen egin ditugu.

• Erosahalmenaren berreskurapenerako xedapen iragankor bat proposatu genuen.
• Negoziazio kolektiboa aurrekontu estaldurari ez lotzea.
• Gaixotasun arruntengatik bajak %100 osagarria legez jasotzea.
• Ordezkapen guztiak lehen egunetik egitea.
• Ikuspegi merkantilista eta adiskidekerian oinarritzen diren neurri guztiak ezabatzea.
• Zuzendaritzen hautaketa prozesuak gardenak eta langileen parte hartzearekin egitea.
• Behin-behinekotasunari aurre egingo dieten neurri zehatzak, horien artean existitzen diren bakanteen kobertura bermatzeko etengabeko enplegu publiko eskaintzak arautzea.
• Subrogazio eskubidea langile guztientzat.
• Gaixotasunen jarraipenerako kudeaketa publikoa izatea – mutualitaterik ez!
• Zerbitzu publikoak euskalduntzeko neurriak – funtzio publikorako sarbidean euskara ezagutza bermatzea.
• Klausula feministak, administrazioetan ere gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunean aurrera pausoak eman daitezen

Honekin batera, guk egindako gainontzeko proposamenak ere gauzagarriak direla uste dugu. Zerbitzu publikoen defentsan benetako GEURE LEGE bat negoziatzeko borondatea besterik ez da behar, eta gobernu honek oso argi uzten du aukera duen bakoitzean ez duela negoziaziorik nahi.

Badakigu patronala eta administrazioak mahaiaren beste aldean negoziatzera esertzeko presionatu egin behar dela, beharra nabaritu behar dutela. Horrexegatik langile publiko guztiak dei egiten ditugu mobilizatzen jarraitzeko. LABek informazio eta mobilizazio kanpaina bati ekingo dio lege hau aurrera atera ez dadin, eta euskal langileon eta gizartearen mesedean egongo den geure lege bat negozia dadin. Parlamentuko taldeei ere eskaera horixe luzatuko diegu, Madrildik datozen inposizioei aurre egin eta inposizio horien garapen hutsa den lege kaltegarri hau bezalakoak atzera botatzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...