2024-12-22
HomeOharrakZerbitzu PublikoakEUDELek ez du Udalhitz-en negoziaziorako aukerarik uzten

EUDELek ez du Udalhitz-en negoziaziorako aukerarik uzten

Gaur, apirilak 25, Udalhitz-en negoziazioa abiatzeko mahai negoziatzailea deitu du EUDELek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal langileen lan baldintzak arautu beharko lituzkeen akordioarena, hain zuzen ere. 
Gogoratu dezagun Udalhitz-en indarraldia 2010eko abenduan agortu zela eta 2011eko otsailean hiru bilera deitu zirela negoziazioak abiatzeko. Garai horretan EUDELek Madriletik inposatutako neurrien aplikazioa bere egingo zuela adierazi zuen (8/2010 dekretuaren ingurukoan zehazki, langile publikoen soldata murrizten zuena) negoziatu zitekeenaren inguruko muga onartezinak planteatuz eta inongo bermerik eman gabe adostu zitekeena ondoren udaletan aplikatzeko. Gauzak horrela LAB eta ELA mahaitik altxa ginen eta ordutik gaur arte ez da mahai negoziatzailearen bilera berririk egin.

Gaurko bileran EUDELek berriro planteatu ditu balizko negoziazio berri baten mugak zeintzuk diren:

• Soldata izozketa berria berretsi; jada udal langileek pilatzen duten eros-ahalmenaren galera handituz.
• Asteko lanaldia 35 ordutik 37,5ra luzatzeari ateak ireki (dekretuan finkatutakoaren oinarrizko izaeraren arabera).
• Elkarkidetzari eginiko aportazioen artean soilik arriskuei lotutakoak bideratu.

 

Gauza jakina da lanaldiaren luzapenak langileen lan baldintzetan galera eta atzera pausoa suposatzeaz gain, udaletatik eskaini behar diren zerbitzuen kalitatean eta eskaintzan eragin zuzena izango duela; langileen lan zama handitzeaz batera, behin-behinekotasun egoeran ari diren langileen kaleratzeari eta lanpostuen amortizazioari bide emanez. Horrekin batera enpleguaren sorrerari begira administrazioan 35 ordutako lan astearen garaipen historikoan sekulako atzera pausoa suposatuko luke.

LABen ustez Madriletik inposatutako neurri ezberdinak negoziazioaren abiapuntu eta gainditu ezinezko muga gisa kokatzen badira ez dago negoziazioa bermeekin garatzeko aukerarik, beti ere kanpoko injerentzien arabera egongo baita. PPren Gobernuak inposatutako neurriek eduki errealak izango dituen negoziazio kolektiboa ezerezean uzten dute. EUDEL joko zelai murritz hori bere egin eta horretaz baliatzen ari da udal langileen eskubideetan atzera egin eta udal zerbitzuen murrizketari ateak irekiz.

Borondate politikoa badago, aukerak daude alde sozialak planteatzen dituen edukien araberako negoziazioa egin eta adostasun posibleak bururaino eramateko. Hori da LABetik EUDELi eskatzen dioguna: borondate eta ausardia politikoa bertako erabaki esparruaren defentsa egin eta bertako mahai negoziatzailean adostu daitekeena aplikatzeko. Horretan kokatzen badira bide bat egin daiteke; baina hori ez da gaurkoan jaso duguna. Jakin dezatela ez garela bermerik gabeko eta murrizketa nola aplikatuko diren zehaztuko duen mahai batean eseriko.

Euskal Herrian, 2012ko apirilaren 25ean
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...