EUDEL Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalei zuzendu zaie egonkortze prozesuei dagokienean. Harremanetan omen dago hiru foru aldundiekin hautapen-prozesuen kudeaketa materiala antolatze aldera. Horrez gain, foru aldundiekin ari omen da elkarlanean, udalei oinarri homogeneo batzuk udalei “eskaini” ahal izateko. Eta azken honek kezka piztu du udal langileon artean.
LABen oso argi dugu egonkortze deialdiak tokian toki, udalez udal, negoziatu eta adostu behar direla, toki- administrazio bakoitzaren udal autonomiaren barruan. Negoziaketa kolektiboa langileoi dagokigun oinarrizko eskubidea da eta udalez udal aldarrikatuko dugu. Bestetik, egonkortze prozesu hauetan guztietan, finkatutako helburuak nekez erdietsiko dira oinarriak tokian toki lantzen ez badira. Oinarri homogeneo berberak ezarriko al dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako toki-administrazio orotan?
EUDELek eta aldundiek prozesu hauen guztien kudeaketa materialean laguntzea ezinbestekoa iruditzen zaigu udal txiki eta ertainei dagokienean batik bat, baina inolaz ere udal autonomia eta udal langileon negoziaketa kolektiboaren kaltetan. Eraginkortasunaren izenean, laguntza eta aholkularitza materialaz harago joan nahi dute, presiopean, udaletako negoziazio markoak zeharo ezabatzeko.
Ez dugu onartuko deialdi bakar inposaturik. Instituzio bakoitzak bere bidea egin behar du. Udal ugaritan, EAJ eta PSEren udal gobernuak langileen ordezkariekin negoziatzeari uko egiten ari zaizkio, aldundietatik oinarri homogeneo “miraritsu” horiek berehala iritsiko direlakoan.
EUDELek eta hiru aldundiek hautaketa-prozesu bakarraren eredua inposatu nahi dute, udalen esku hartzea baldintzarik gabeko atxikimendu hutsa bihurtuz.
Egonkortze prozesu hauek berebiziko garrantzia dute. Asko dago jokoan. Ekintza sindikala, negoziaketa kolektiboa eta mobilizazioa dira behin-behineko enplegu publikoa egonkortzeko bermerik onena.