2024-11-05
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaEtxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak kalera irten dira

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak kalera irten dira

LABek mobilizazioa egin du Bilboko udaletxearen aurrean, etxez etxeko laguntza zerbitzuan udalak enplegua eta kalitatezko zerbitzua berma dezan eskatzeko. Hain uzen ere, udala da Bilbon etxez etxeko laguntza zerbitzuaren arduraduna, eta zerbitzua azpikontratazioaren bitartez bideratzen du. 2009. urteaz geroztik, udalak eskainitako zerbitzu orduen kopuruak behera egin du etengabe, eta gaur egun orduen %30 gutxiago eskaintzen du. Sindikatuak salatu du honek ondorio kaltegarriak ekarri dituela, bai arretari eta baita lan baldintzei dagokienez ere. Langileen artean emakumeak dira gehiengo, eta urte asko eman dituzte zerbitzua eskaintzen, baldintza zailetan, osasun arazoak ere izan baitituzte.

Bilboko etxez etxeko zerbitzuko langileek elkarretaratze bat egin zuten asteazkenean, eurek eta zerbitzuak berak bizi duen egoera salatzeko. Honako idatzi hau banatu zuten protestan:

Udala da Bilbon etxez etxeko laguntza zerbitzua ematearen titularra. Udalak zerbitzu hau azpikontratatu egiten du, merkantilekiko lizitazioen bidez. Zerbitzua, merkantilentzat lan egiten dugun etxeko laguntzaileok eskaintzen dugu.

2009tik hona, udalak eskainitako zerbitzu orduen kopuruak behera egin du etengabe, zerbitzu orduen %30 gutxiago suposatzen duelarik. Honek ondorio negatiboak izan ditu, bai arretari dagokionez, baita lan baldintzei dagokienez ere.

Alderdi sozio-asistentzialari dagokionez:

-Gero eta handiagoa den kolektibo bati ematen zaion babes-maila murriztea ekarri du. Zerbitzu orduak gero eta gutxiago izateaz gain, zerbitzuaren kalitatea kaltetzen da, ordu murrizketaz gain, lan ordu bakoitzean funtzio gehiago betetzen direlako.

-Alderdi laboraletik, hamarkadetan funtsezko zerbitzu hau ematen dugunok, ia guztiok emakumeak, urterik urte jasan dugu enplegu galera eta lan baldintzen kaltetzea.

-Modu masiboan kaleratu dituzte aldi baterako kontratuak zituzten langileak, gehienak lege iruzurrez egindakoak. Aldi baterako kontratazioa da enpresek gogokoen dutena. Honi esker, malgutasuna irabazten dute, lanaldi partzialeko langileak kontratatuz nahieran, benetako arrazoirik ez badago ere eta lege iruzurra egin arren, batzutan, ezarri beharreko Hitzarmen Kolektiboan zehaztutako gutxienekoak ere bete gabe. Egun, enpresek uko egiten diote lege iruzurrean egindako kontratu mota hau erregularizatzeari, eta baita langileon legezko ordezkaritzarekin langileentzako bermeak jasoko dituzten lan-poltsak adosteari ere.

-Ez dira bermatzen kontratuak zehazten dituen orduak. Gure baldintzak aldatu egiten dira, Hitzarmen Kolektibotik deslotuz, soldata eta kotizazioa galduz. Langileen portzentaia handi batek lanaldi partzialak ditu.

-Azken hiru urteotan, gure lan-baldintzak kaltetzeaz gain, eros-ahalmenaren %3a galdu dugu, 2013 eta 2015eko soldata-izozteen erruz, 2014ko salbuespenarekin. Urte honetan, 8 euroko igoera eman zen lanaldi osoz aritzen zirenentzat.

-Enpresek langileei eta euren legezko ordezkaritzari leporatzen diote absentismo indize altua, gertakari arrunta eta profesionalek sortua, baina ez dugu eurengan inolako borondaterik ikusten euren betebeharrak bete eta langileei, euren lanagatik inolako kalterik jaso ez dezaten, neurri prebentibo egokiak bermatzeko.

Ia langile guztiak emakumezkoak dira eta urte asko daramatzate zerbitzu honetan lanean, eta honek ondorio negatiboak sortarazten dizkie osasunean. Min muskulo-eskeletikoak, besteak beste, lana utzi edo aurretiko jubilazioak eskatzearen arrazoi izaten dira, honek dakarren eskubide-galerarekin.

Nola da posible egoera hau ematea, gero eta gehiago direnean euren menpekotasun maila ezberdinei aurre egiteko babesa behar dutenak? Nola da posible, zerbitzu sozial publikoa izanda, zerbitzua ematen duten langileak merkantilen esku uztea?

Etxez etxeko laguntza zerbitzuak behera egiten duen bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, Bizkaian menpekotasun egoeran daudenen %46k ez du kanpoko inolako zerbitzurik jasotzen.

Bien bitartean, etxez etxeko laguntza zerbitzua kaltetu egiten da, eta honekin batera, gure lan baldintzak ere, eta Bizkaiko Foru Aldundiak gero eta partida zabalagoa esleitzen du familian egiten diren zaintza lanetarako. Ezohiko izaera duena prestazio ekonomikoa, Menpekotasun Legearen arabera.

Udalak eta aldundia egoera honen erantzule dira. Zerbitzu hau kanporatu egiten dute enpresa pribatuen esku utziz, askotan kaudimen sozial eskasa dutenak eta irabaziak lehenesten dituztenak zerbitzuaren kalitatearen eta eskaintzen den baldintzen kaltetan. Enpresek merkantilizatu egiten dute zerbitzua.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua, beste zerbitzu batzuk bezala, aukera bat dira enplegua sortzeko, orain horrenbeste falta egiten duela, sektore publikoak ekonomiaren motore izan behar duela erakutsi, gainera, behar dituzten pertsonei kalitatezko zaintza bermatuz, hau da, pertsonei estaldura nahikoa eskainiz.

Udalari exijitzen diogu:

–Pleguetan aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa betetzen dela bermatzea.

-Langile guztiak subrogatzea, laguntzaile zein teknikoak, eta kontratuaren arabera dituzten orduak bermatzea.

-Zerbitzuaren errebertsio prozesuari ekitea, udalek zuzenean kudea dezaten, eta egungo zerbitzuaren merkantilizazioarekin amaitzea. Honek ekarri du zerbitzua kaudimen sozial eskaseko enpresa batzuen esku uztea. Zerbitzuaren kalitatea hobetu beharko litzateke eta laguntzaileen lan baldintzak hobetu.

-Trantsizio moduan, laguntzaileek kontratuaren arabera dituzten zerbitzu ordu guztiak bermatzea. 

-Negoziazio Kolektibo Sektorialean bitartekari izatea, lan-baldintzen hobekuntza nabarmena bermatzeko.

-Aldi baterako kontratazioa arautzea, behar den guztietan, langileen ordezkaritza legalarekin adostutako lan-poltsen bidez, enpresek kontratazioan erakusten duten aldebakarrekotasuna gaindituz eta aldi baterako langileei egonkortasun handiagoa eskainiz.

-Langileentzako kalterik ekarriko ez duen zerbitzua bermatzea, enpresen aldetik horretarako beharko liratekeen neurri prebentiboak hartuz.

-Zerbitzua emateko finkatutako estandarren gaineko kontrol publikoa bermatu, mekanismo zehatzen bidez.

-Aldiro zerbitzuaren prestazioa ebaluatu, alde guztien partehartzearekin, eta horretarako mekanismo egokiak.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazio zaratatsu batekin aldarrikatu dugu Euskal Trenbide Sareko hitzarmena

Bilboko Albia eraikinaren parean egin dugu mobilizazioa, Euskal Trenbide Sareko egoitzaren aurrean.

Michelinek langileekin jolasten jarraitzen du

Enpresak ukatu egiten die lanpostua gordeta duten eszedentzia-egoeran dauden langileei lanera itzultzea.

Osakidetzako zuzendaritza eta Deloitte enpresa kaos egoera batera eramaten ari dira kontratazioa

Osakidetzak aurreikusia zuen uda aurretik kontratazio zerrenden eguneraketa eta milaka lagunen integrazioa egitea. Gai honen kudeaketan izandako atzerapenen ondotik, mahai sektorialetan kasurik egin gabe jarraitzen dute.