2025-04-22
HomeEkintza SindikalaEtxeko langileen lan-baldintzak arautu eta hobetzearen alde lan egiten jarraituko dugu

Etxeko langileen lan-baldintzak arautu eta hobetzearen alde lan egiten jarraituko dugu

Joan den asteartean CONFEBASKen aurka etxeko langileen lehen Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioaren inguruan egindako epaiketaren ondoren, gaur izan dugu epaiaren berri. Auzitegiak ebatzi du, LABek eskatzen duen bezala, etxeko langileen kolektiboak eta sindikatu honek negoziazio kolektiborako eskubidea badutela. Aitzitik, bere ustez, eremu berezia denez, araudia egokitu behar da negoziazio-prozesuan legitimatuta dauden alderdiak zehazteko, eta, beraz, erantzukizuna botere legegileari dagokio.

LABen arlo juridikotik, epai hori aztertu eta harekin bat ez gatozenez, kasazioan Auzitegi Gorena eta dagokion gainerako instantzia judizialetara joko dugula aurreratu dezakegu; izan ere, uste dugu egungo legeria arrunta nahikoa dela etxeko langileen eremua arautzeko, eta legeak ez egokitzeak ezin du eragotzi negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubideari bide ematea, nazioarteko legeriak babesten duen bezala.

LABek sektore honetako lan-baldintzak arautzearen eta hobetzearen alde egiten jarraitzen du, eta Euskal Herriko milaka etxeko langileri borrokan laguntzen jarraituko dugu. Sektore honetarako lehen hitzarmen kolektiboa lortzeko bide berriak aztertu eta baloratuko ditugu.

Era berean, ekintza sindikala bultzatzen eta agenda partekatzen jarraituko dugu, sektoreko elkarteekin, herri mugimenduekin, mugimendu feministarekin eta sindikatuekin.

Espainiako gobernua interpelatzen dugu, Errege Dekretuaren arautzean aldaketak eginez etxeko langileen lan- baldintzak honetzeko bere borondatea erakutsi baitzuen. Sektorearekiko erakutsi zuten borondate eta kezka bera beste lurralde batzuetan sektore honek zabaldutako borroken aldeko jarrera izatera eraman beharko litzateke. Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu langile kolektibo honekin inplikatu eta benetako konpromisoak har ditzala, kanpo injerentziarik gabe, etxeko langileen lan eskubideak hemen bertan erabaki eta arautzeko, besteak beste.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.