2025-04-15
HomeEkintza SozialaEtxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak hartzea eskatzen diegu instituzio publikoei

Etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak hartzea eskatzen diegu instituzio publikoei

Atzo Bilbon emakume* etxegabe bat hil zen. Pobrezia eta prekaritatera kondenatzen gaituen sistema honek erail zuen, sistema kapitalistak etxebizitza duin baterako eskubidea sistematikoki ukatzen duelako. Etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak hartzea galdegiten diegu instituzio publikoei.

Etxebizitza negoziorako eta espekulaziorako eremua bilakatu da, Euskal Herrian gero eta pertsona gehiago etxebizitzarik gabe aurkitzen diren artean (bereziki hiriguneetan). Ez dago politika publiko erreal eta eraginkorrik etxebizitza eskubidea bermatzeko norabidean; kontrara pobrezia eta etxebizitzarik ez izatea kriminalizatu eta jazarri egiten dira, arazoaren jatorriari begiratu ordez honen ondorioak ezkutatu asmoz. Adibide argiena dugu hainbat udalek harturiko jarrera, tartean Bilbo edo Gasteizkoak, etxegabeko pertsonek lo egiteko baliatzen dituzten espazio publikoak hesituz.

Etxebizitzarena egiturazko arazo bat da, eta etxebizitzarik gabeko pertsonen egoera honen aurpegi gordinena. Etxebizitza bat izatea oinarrizkoa da bizitza bizigarri baterako, eta beste hainbat oinarrizko eskubide baldintzatzen ditu: osasuna, intimitatea, segurtasuna, errolda, parte hartze politiko eta soziala…

Horregatik eskatzen dugu:

    • Etxebizitza eskubide subjektibo erreala izan dadin politika publikoak garatu daitezela.

    • Etxebizitza parke publikoa indartu eta etxebizitza hutsen gaineko gestio eta kontrol publikoa eskuratzea, etxebizitza alternatibak eskaini ahal izateko.

    • Alternatibarik gabeko etxe-kaleratzeak debekatu eta etxebizitza eskubidea bermatuta ez dagoen bitartean erabilerarik gabeko etxebizitzen okupazioa despenalizatzea.

    • Etxerik gabeko pertsonen eskubide sozialak bermatzeko neurriak hartzea, diskriminazioa, bazterketa eta jazarpena ekidinez.

Gainera, sistema kapitalistak pobretzea eta prekaritatea bizitzaren eremu guztietara hedatzen ditu. Arazoa errokoa da eta beraz, erroko aldaketa da beharrezkoa. LABen borroka ziklo berri bat abiatzeko apustuan berresten gara, langileon lan eta bizi baldintzak eraldatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Beste lan heriotza bat garraio sektorean

Atzo, Hernanin, E.P.R. 57 urteko garraiolaria hil zen lan-istripu ez traumatikoan, Repsolek A-8an duen gasolindegian erregaia kargatzen ari zela. Hildako langilea Iruñeko Getze (Nafarroa) herriko Transportes Petrolíferos Coordinados SL enpresakoa zen. Heriotza honekin, dagoeneko 18 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.

Nafarroako ezkerreko alderdi eta sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen aurkako manifestua aurkeztu dugu

Nafarroa Garaiko EH Bildu eta Contigo Zurekin koalizio politikoek eta LAB, CGT, Steilas, Solidari, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen kontrako manifestua aurkeztu dugu gaur Iruñean. Manifestuaren sinatzaileok gogor salatu dugu azkenaldiko gorakada militaristan koxka bat gehiago igotzea ekarriko duen Europako Batasunaren berrarmatze plana. Sinatzaileok adierazi dugu Nafarroako langileek ez dutela behar ez bonbarik, ez tankerik, eskubide eta berme sozialak baizik, eta berretsi dugu Europako herriek bakearekin, subiranotasunarekin eta gehiengo sozialen eskubideen defentsarekin dugun konpromisoa.

Maiatzaren Leheneko aurtengo irakurketa eta Nafarroako mobilizazioen berri eman du LABek gaur Iruñean

LABek, Imanol Karrera bozeramailearen eta hogei militante baino gehiagoren bitartez, agerraldia egin du gaur Iruñeko Gazteluko Plazako kioskoan, sindikatuak aurtengo Maiatzaren Lehenari begira egiten duen irakurketa aurkezteko –gutxieneko soldata eta pentsio propioak lortzeko borrokan oso fokatua–, eta hiriburuan zein Tuteran Langileen alde esloganarekin eginen dituen mobilizazioen berri emateko.