2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaEtxaidek “ausardi politikoa” eskatu du Nafarroako aurrekontuak osatzeko eta burujabetzaren bidea egiteko

Etxaidek “ausardi politikoa” eskatu du Nafarroako aurrekontuak osatzeko eta burujabetzaren bidea egiteko


Ehundaka pertsonek parte hartu dute gaur Iruñeko Labriten egindako ekitaldian, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Parlamentu Sozialak deituta. Bildutakoek manifestazioa egin dute geroago, “aldaketa gehiago” eta “aldaketa sozialagoa” izan dadila eskatzeko, ‘+Cambio, +Social. Aurrekontu sozial, parte-hartzaile eta burujabeen alde’ leloarekin. LABeko idazkari nagusiak hartu du hitza ekitaldi nagusian.

“Urte eta erdi pasa da 2015eko martxoan koloreen martxa egin genuenetik. 55 eragile baino gehiago batu ginen deialdian eta milaka herritar mobilizazioan. Kolore ezberdinekin irudikatu genituen bultzatu eta ikusi nahi ditugun aldaketak. Gaur, berriro irten gara kalera. Edozeinek pentsa dezake ez dela ezer aldatu orduz geroztik, gauzek bere horretan jarraitzen dutela eta horregatik jarraitu behar dugula mobilizatzen. Bada, guk ez dugu horrela ikusten. Zorionez, krisi ekonomikoaren aitzakian eskubideen sarraskia egin zuten horiek oposizioan daude. Hori bai, ezin dugu berdina esan Gasteizera edo Madrilera begiratzen badugu”.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren hitzak dira hauek, Labriteko ekitaldian egindakoak. Etxaideren hitzetan “Nafarroan ikusi dugu nola erortzen diren betirako atzean utzi nahi dugun erregimen zaharraren ikur batzuk, frankismoari gorazarre egiten zioten armarriak edota euskararen kontrako jazarpen politiko eta ideologikoa babesten zuten Gobernuak. Euskararen aldeko politikak eta inbertsioak indartu egin dira. Gureari begiratzen badiogu, desegiten ari da CCOO, UGT eta CENek osatutako holding baztertzailea. Aldaketak bultzatzen ditugunok balio handia ematen diegu halako gauzei”.

Hala ere, egoera sozial eta ekonomikoari dagokionez, LABeko idazkari nagusia kezkatuta azaldu da: “Guk egoera sozialari begiratu behar diogu derrigorrez, egoera soziala aldatzea delako gure helburua. Horretarako giltza aurrekontuetan dago, aurrekontuetan gauzatu behar dira asmo eta borondateak. Aurrerapausuak eman direla begibistakoa da; hazi egin da sektore publikoan eta politika sozialetan egindako inbertsioa, eta balioa ematen diegu egondako aldaketei. Baina, ez gara aldaketa horiekin konformatzen, harago joan behar dela uste dugu, bai formari, bai edukiari dagokionez. Formari dagokionez, aurrekontu parte hartzaileak garatzea eskatzen dugu. Edukiari dagokionez, politika soziolaboralak aldatuko dituzten aurrekontuak aldarrikatzen ditugu”.

Etxaidek partaidetza soziala aldarrikatu du aurrekontuak eta politika publikoak osatzeko orduan: “Aldaketa prozesuaren muina Herriaren egoera aldatzea bada, ez da posible izango eragile sozial eta sindikalak prozesuan parte hartzen ez badugu. Gu prest gaude politikak aldatzeko bidean inplikatzera, badakigulako ez dela erraza izango, ez dela baketsua izango, baina horretarako bidea egon behar du. Gatazkatsua izango den bidea saihesteko orekak egiten aritzea erabakitzen bada, ez dago biderik”.

LABeko ordezkariak nabarmendu du Nafarroako aurrekontuak ez direla nahikoak egoera sozial eta ekonomikoari buelta emateko, eta datorren urteko kontuak osatzeko ez dela parte hartze sozialik egon kritikatu du. Adierazi du, Erregimenak sortutako zorraren pisuaren ondorioz, Gizarte Eskubideen Departamenduak diru gutxiago izango duela eta zerga bilketa ez dela egokia izango.

Era berean, Etxaidek azpimarratu du Nafarroako erakundeek burujabetza politikorik ez dutela, eta "errealitate bat" dela Nafarroako elite ekonomikoak duen boterea erabaki politikoak baldintzatzeko. Zentzu honetan, ausardia eskatu du: “Gobernuari ausardi politikoa eskatzen diogu zor bidegabeak sortutako zama gainetik kentzeko, zerga bilketa handitzeko enpresarien artean eta burujabetzaren bidean aurrera egiteko”. Hala, norabide horretan mobilizazio sozial eta sindikala bultzatzeko LABen konpromisoa berretsi du. “Azken finean, Erregimenaren eredua desegitean datza irtenbidea, berri bat egiteko. Erregimena erakundeetatik botatzeko gai izan baginen, kapazak izan behar dugu eredu ekonomiko eta sozial berri hori Nafarroan, Euskal Herrian, eraikitzeko, Eskubide Sozialen Kartak eta Parlamentu Sozialak defendatu bezala”, erantsi du.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...