2024-12-22
HomeEkintza SozialaPolitika soziala“Etsigarritzat” jo dugu Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia

“Etsigarritzat” jo dugu Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk “etsigarritzat” jo du Iñigo Urkullu lehendakariak Politika Orokorreko plenoan egindako irekiera agerraldia, Gasteizko Legebiltzarrean. Kataluniako egoeraren aipamena egiten hasi du bere hitzartzea lehendakariak, baina esandakoak “ez gaitu batere ase”, Katalunian bizi den egoera oso larria baita, “eta bestelako erantzun bat behar du bere aldetik; argi eta ozen esatea PPren Gobernuarekin apurtzen duela, hain zuzen ere”, adierazi du Aranburuk.

Katalunian atzo beste urrats bat eman zuen Espainiako Gobernuak bere bide errepresiboan. Sindikatuko idazkari nagusiaren hitzetan, “Estatuak erakutsi du ezinezkoa dela berarekin bide adostu bat egitea, Estatuak erakutsi du ezinezkoa dela erabakitzeko eskubidea adostasunaren bidetik eraikitzea, eta PPren Gobernu hori sostengatzen egotea, erabat antidemokratikoa eta erabat korruptoa denean, zentzugabekeria handi bat da”.

Errealitatetik oso urrun
Bestalde, LABetik ere baloratu dugu lehendakariak egindako agerraldi orokorra. Zentzu honetan, sindikatuarentzat Urkulluren diskurtsoa hutsa, konformista eta euskal gizarteak bizi duen errealitatetik gero eta urrutiago dago. Estatutua ez da bete, baina, are eta gehiago, Konstituzioaren eta oinarrizko legeen erreformekin eskumenak txikitu dituzte arlo guztietan, aldebakartasunetik gainera, EAJren bazkide PSE edo PPren eskutik.

Zintzilik dauden eskumenei buruzko 1993ko Zubia txostena 2017an berreskuratzeak garbi uzten du aldebikotasunaren estrategiaren porrota, estrategia horrek behin eta berriz talka egiten baitu Espainiako totalitarismoarekin. Gertatzen ari denarekin, lotsagarria iruditzen zaigu lehendakariak elkarrizketa eta negoziazioa eskatzea arazo politikoak konpontzeko, Estatua autodeterminazio eskubidea erasotzen ari denean.

Lehendakariak, gaur, Estatu konfederal baten proposamena mahai gaineratu du, baina proposamen hori kezko hesi bat besterik ez da, Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubideari buruzko konpromiso argirik ez hartzeko. Euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko aukera era mugagabean atzeratzen du, euskal gizarteak bere oinarrizko eskubide sozial, politiko eta ekonomikoak bermatuko lituzkeen erakundeei buruz erabakitzeko aukera, alegia. Lehendakaria bere inguruan dabil bueltaka, norabide bat duenaren itsura emateko. Lehendakariak berak daki berak babestutako euskal bideak ez duela inora eramaten.

Gai ekonomikoen inguruan egindako proposamenei buruz, gauza bera: ezintasun eta borondate
politiko falta handia du bere gobernuak, fiskalitate eta aurrekontu arloetan gurearen antzeko per capita errenta duten herrialdeetako BPG mailara iristeko, eta, hori dela eta, Espainiara begira jartzen da hobeto gaudela harro esateko; I+D+I esparruko hiru plan egin dituzte, berrikuntza arloan BPGren %3aren inbertsioa proposatuz, eta ez dute bete. Gero eta urrutiago gaude punta puntan dauden Alemania, Frantzia eta Txinatik. Sortzen den enplegua prekarietatean oinarrituta dago oraindik orain; gure ekoizpen sareak inbertsio fondo eta espekulatzaileei saltzen die bere burua, eta enpresen itxierak eguneroko ogi bilakatu dira; bazterketak eta prekarietateak aurrera jarraitzen dute, eta gero eta jende gehiagok, lana izan edo ez, ez du bizitza duin bat egiteko baldintzarik.
Lehendakariak elkarrizketa eta negoziazioa aldarrikatzen ditu negoziazio kolektiboa izoztuta duenean bere langileekin eurekin, eta euskal gehiengo sindikala baztertzen du elkarrizketa eta negoziazio esparrutik, bere gobernuaren enplegu, gizarte eta ekonomia politikei dagokienez.

Lehendakariak esandakoaren arabera, euskal preso politikoen kolektiboaren urgentziazko aldarrikapenek ere ez dute instituzioen babesik izango.

Azken finean, ohiko diskurtsoa egin du, herri honen errealitatetik urrun, eta azaletik begiratu dio Katalunia pairatzen ari den eraso totalitarioari.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...