2025-03-15
HomeEkintza SindikalaXabier Ugartemendia: “Estatalizazioa sekulako erasoa da, bizi dugun inboluzio politiko, sozial eta...

Xabier Ugartemendia: “Estatalizazioa sekulako erasoa da, bizi dugun inboluzio politiko, sozial eta demokratikoaren isla”

Estatalizazioaren aurka mobilizatu gara Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

LABek moblizazioak egin ditu gaur hitzarmen estatala ezartzen ari diren hiru lan-zentrotan, “Estatalizaziorik ez. Gure hitzarmenen defentsan” leloarekin. Hain zuzen ere, langileen lan baldintzak estatalizatuta dituztela salatu dugu Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan: Bilbon, Euresten bezero den Basurtoko ospitalean; Gasteizen, Albertia zahar egoitzan; eta, Donostian, Anoetako estadioaren obraren aurrean.

Lan zentru horietako langileek prekarizazioa eta pobretzea pairatzen dute, estatu mailako lan baldintzak aplikatzen zaizkielako, beren lan hitzarmena Euskal Herrian negoziatu ezin dutelako edo hainbat gai ezin dituztelako euren lan hitzarmenetan negoziatu. Salaketa hau egiteaz gain, Euskal Herrian bertoko lan hitzarmenak izan eta aplikatzearen beharra aldarrikatu dugu, eta Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde egin dugu.

Basurtoko ospitalearen aurrean elkartu gara.

Zentzu honetan, LABeko Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak hitza hartu du Basurto ospitalean. “Estatalizazioa euskal langileen lan baldintzak okertzeko estrategia bat da, Estatu mailako hitzarmenen aplikazioaren bitartez. Era berean, euskal langileok gure lan baldintzak bertan negoziatzeko eta erabakitzeko dugun eskubidearen aurkako eraso bortitza da”, azaldu du.

Ugartemendiaren esanetan, estatalizazioak aurpegi eta eragile desberdinak ditu. Madriletik datorren estatalizazioa aipatu du, CCOO, UGT eta Estatuko patronalaren aldetik, baina Confebask ere jo du erantzule gisa, bertako negoziazio kolektiboa blokeatuta edukitzeagatik eta eremu berrien negoziazio bideak irekitzea ukatzeagatik. “Hirugarren estatalizazio bat ere badago, euskal langile publikoek pairatzen dutena, lan baldintzak inposatzen zaizkielako, bertako erakundeen konplizitatearekin”, adierazi du.

Sektorez sektore, enpresaz enpresa, borroka sustatzen ari garela nabarmendu du LABeko ordezkariak, bertan negoziatzeko eskubidea aldarrikatzeko. “Estatalizazioa sekulako erasoa da, bizi dugun inboluzio politiko, sozial eta demokratikoaren isla. Tamaina horretako eraso batek tamaina bereko erantzun bat behar du izan; erantzun gogorra, izaera konfederaladuna eta greba eta lanuzte klabeetan”, erantsi du.

Gasteizen egindako protesta.

FEADRS patronalak Akordio Interprofesionalari jarritako inpugnazioari buruz ere hitz egin du Ugartemendiak. Hain justu, berretsi du gaur gaurkoz, iragarri den arren, Akordio Interprofesionalaren aurkako demanda ez dela oraindik erretiratu, eta, erretiratuko balute, arlo sozial, politiko eta instituzionaletik inpugnazioaren aurka egindako presioaren emaitza izango litzatekeela. Hala, asteleheneko batzorde kontsultiboan demanda erretiratzeko exijitu dio FEADRS patronal estatalari. Hala ere, gogoratu du, zoritzarrez, estatalizazioaren gaitza ez litzatekeela Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren erretiratzearekin amaituko. Izan ere, hitzarmen estatalen eta hauek ekartzen duten prekarietatearen hatzaparretan sektore eta enpresa askok jarraitzen baitute; gaurko mobilizazioaren helburuetako bat izan den Euresten menpe dauden lantokiek, kasu.

Elkarrizketa sozialeko mahaia hilda, jaiotzez
Bestaldetik, CCOOk gaur elkarrizketa sozialeko mahaia uzteko iragarri duen erabakiari buruz, hilda jaio zen elkarrizketa sozialeko mahaia, gaur lurperatu egiten dela adierazi behar dugu.

CCOO eta UGTk euskal gehiengo sindikala erasotzeko beraien burua eskeini zuten, baita erabiliak izan ere. Badirudi jaurlaritzak eta CFBSKek jada ez dutela sindikatu otzanak behar beraien helburuak betetzeko, enpleguaren inguruko beraien artean lortutako akordioak argi uzten duenez.

LABek askotan aldarrikatu duenez, eta bizi dugun inboluzio politiko, sozial eta demokratikoari aurre egiteko, lan mundutik konfrontazioaren aldeko apustua egin behar da, eta ez konzertazioarena.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Confebasken jarrera harroputz eta esplotatzailearen aurrean mobilizatzera joko du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok apirilaren 3an mobilizatuko gara, eta deia egiten dugu apirilaren 5ean pentsiodunen mugimenduak gutxieneko pentsio eta soldata duinen alde deituriko mobilizazioetan parte hartze hartzera.

Eusko Jaurlaritzak autoritarismoa alde batera utzi eta bere ardurapean dauden 100.000 pertsonen lan baldintzak hobetu behar ditu

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea deitu dute martxoaren 18rako, Eusko Jaurlaritzari sektore publikoko langileen aldarrikapenak aintzat har ditzala eskatzeko. Egun horretan bertan...

LABek salatzen du EEEren negoziazioan argi geratu dela Guardianek duela asko zuela programatua lantegiaren itxiera

LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.