Milaka lagunek hartu dituzte Bilbo eta Baionako kaleak gaur, “Orain presoak” lemapean. LAB ere presente izan da gaurkoan, mobilizazio bietara batzorde exekutiboaren ordezkaritza bana bidaliz. Baionan izan dira Eñaut Aramendi eta Aiora Imaz; eta Bilbon, Garbiñe Aranburu, Igor Arroyo, Eulate Zillonizaurrekoetxea eta Arantxa Vazquez.
Komunikabideei egindako adierazpenetan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak adierazi du “manifestaldi honetan parte hartzen ari gara, lehenik eta behin, gure maitasuna eta gure babes erakusteko preso politikoei, erbesteratuei eta baita ere beraien senitartekoei ere”.
Gaineratu du “ezinbestekoa da gaur bezalako mobilizazioetan parte hartzea. Ezinbestekoa, Gobernuak mugitzeko gakoa aktibazio sozialean dagoelako”.
Mobilizazioak jasotako atxikimendu zabalak nabarmendu ditu. “Horrek erakusten duena da gehiengo oso handi bat garela espetxe politikak dakarren eskubide urraketa horren aurka gaudenak”.
“Milaka eta milaka pertsona atera gara gaur kalera, espetxe politika hau aldatzea eskatzeko eta aldaketa horietan beste martxa bat, abiadura handiagoa jarri behar dela eskatzeko eta exijitzeko. Guztiak nahi ditugulako bizirik, osasuntsu eta etxean lehenbailehen” gaineratu du.