2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaEskubide Sozialen Kartatik bizitza garestitzearen aurka eta prezioak kontrolatzeko mobilizaziorako deia egin...

Eskubide Sozialen Kartatik bizitza garestitzearen aurka eta prezioak kontrolatzeko mobilizaziorako deia egin dugu

Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean agerraldia egin dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile eta sindikatuok Donostian. “Pobretzeari STOP! Condiciones de vida dignas y control de precios ya!” lemapean mobilizazioak iragarri ditugu; azaroaren 19rako hiriburuetan egingo ditugun manifestazioak, tartean.

Egun bizi dugun egoera jasanezina dela salatu dugu, eta inflazioak gora eginda egiturazkoak ziren arazoak azkartzen ari direla adierazi. Horrela, langileon eta herri sektoreon diru sarrerak eta beharrezkoak ditugun zerbitzu publikoen murrizketei eta oro har langile klasearen pobretze prozesuaren areagotzeari aurre egiteko deialdia luzatu dugu.

“Udazken gogorra iragartzen digute, datorrena fenomeno meteorologikoa balitz bezala, baina ez, eliteen diru-gosea eta hori bermatzeko politikak dira herritarron egoera gogortzea dakartenak”, baieztatu dugu euskaraz eta erdaraz irakurritako agirian.

Gauzak horrela, urria eta azaroa bitarte mobilizazio dinamika abiatuko dugu, “Burujabetza eta eraldaketa sozialaren bidean, elkar saretu, indarrak batu, gure eragina biderkatu eta langile jendearen mesedetara dauden politikak egiteko exigentziarekin”.

Sei dira aldarrikapen taulan bildu ditugun puntu nagusiak. Langileon lana duintzeko 1.400 eurotako gutxieneko soldata eta 1.260 gutxieneko pentsioa, biak KPI errealari lotuz. Energia eskubidea eta trantsizio eskubiderako sektorearen publifikazioa zein produktu guztien kontrola aldarrikatzen dugu, baita trantsizioa demokratikoki planifikatzeko bideorria ere. Zerbitzu publikoen defentsa, aberastasunaren bidezko banaketarako zerga erreforma eta oinarrizko eskubide eta beharrizanak ziurtatzeko hainbat proposamen ere jaso ditugu; baita elikadura, etxebizitza, pertsona guztien erregularizazioa edota garraio publikoaren aldekoak ere. Bakea eta burujabetzaren aldarriak dira azken puntuak jasotzen ditugunak.

Dinamika mobilizatzaileak azaroaren 19an Hego Euskal Herriko lau hiriburutan egingo ditugun manifestazioetan izango du puntu gorena. 12:00etan Artiumetik aterako da Gasteizen, eta 17:30ean izango dira Iruñea (Baluartetik), Donostia (Bulebarretik) eta Bilbokoa (Jesusen Bihotzetik). Mobilizazio horiek beste mugimendu eta borrokekin batera konfluentzia manifestazioak izatea nahi dugu.

Lehenago, zerbitzu publikoen defentsan propaganda banaketa egingo dugu ostegun honetan, eta, urriaren 26an, energiari buruzko hitzaldia Gasteizen. Elikadura burujabetza ardatz, bertako eta osasuntsuak diren produktuekin azoka gardenak antolatuko ditugu Bilbon eta Iruñean urriaren 27rako, eta, azaroaren 3an, Etxebizitza eskubidea eta turistifikazioaren aurkako ekimena egingo dugu Donostian. Mobilizazio bira deitu duguna azaroaren 10ean amaituko da Bilbon eta Iruñean, diru sarrera duinen aldeko mobilizazio banarekin.

“Lan eta bizitza duinak bermatu eta merkatuan esku hartzeko garaia da. Udazken honetan, herri honetan inor atzean ez gelditzeko borroka egiteko prest gaude eta langile eta herritar orori deialdi hauekin bat egitera dei egiten diogu” izan dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean hitza hartu duten Bilgune Feminista eta Duintasuna- Gaurgeroako taldeetako kideen azken hitzak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...